Abian da Dantzaldia-ren 20 edizioa

  • Abian da Dantzaldia-ren 20 edizioa
Dantzaldia

  • DataIrailak 23
  • Gaia Arte eszenikoak

Festa giroan daude Bilboko dantza zaletuak: edizio berri honekin DANTZALDIAren 20. urteurrenera ailegatuko da La Fundicion-ek antolatzen duen zikloa. Nazioarteko Dantza Jaialdiaren helburuetariko bat hauxe izan da betidanik: hiritarrei joera berriei buruzko eta interpretazio artistikoei buruzko informazioa. Hona hemen beste helburu bat: loturak ezartzea hiriko beste espazio batzuekin, ezaugarri oso bereziak edukitzeagatik, beste testuinguru batzuk ekartzeagatik edo beren babesa beste harrera-mota batekin emateagatik, bai piezei bai ikusleei dagokienez. Eta hirugarren helburua: Bilbo dantza sareetan kokatzen jarraitzea.

Sortzaile askorekin ospatuko du La Fundicion-ek edizio hau, eta haiekin batera parte-hartze tailerrak, lan-prozesuak, estreinaldiak, masterclass-ak, emanaldien osteko topaketak eta kolaboratzaileak izango dira. Jaialdiaren inaugurazioa irailaren 26an izango da Rekalde Aretoan, Mario Bermúdezek eta Catherine Couryk sortutako ‘Duet Alanda’ piezaren aurkezpenarekin.

Irailaren 28an Olivier Duboisek bere intentsitatea eta bere ohiko zintzotasun gordina eramango ditu Azkuna Zentrora ‘Pour sortir au jour’ piezarekin.

Azaroaren 3an, BBK Aretoan, Rocío Molina flamenko berriaren ikonoak work-in-progress formatuko pieza bat –Impulso– ekarriko du edizio honetarako, musikarekin eta gitarrekin ezarritako solasaldi batean.

Azaroaren 7an Merce Cunningham koreografo handiari egindako omenaldi batez gozatuko dute ikusleek Azkuna Zentroan, ‘Not a moment too soon’ piezarekin Trevor Carlson polifazetikoaren eskutik. Berak lagundu zion bere bizitzaren azken urteetan –konpainiaren amaieraz eta haren herentzia artistikoaz arduratu zen– eta orain, interprete legez, eta, Ferran Carvajalen zuzendaritzapean, diziplina anitzeko pieza bat ehundu du koreografoak berak grabatutako irudi askorekin batera.

Azaroaren 23an Guggenheim Museora joango da Dantzaldia, Marco Flores flamenko-dantzariaren azken lana ikusteko: ‘Extrema’ piezarekin identitate berrien bila abiatu da.

Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean La Fundicion-en egongo da Claudia Dias ‘Sete Dias Sete Peças’ proiektuarekin ostera ere. Oraingo honetan ‘Thursday’ izeneko piezarekin etorriko da –Idoia Zabaletaren kolaborazioarekin sortu du– eta oso auzi erradikalak planteatuko ditu.

Abenduaren 6an eta 7an La Fundicion-en jarraituko du programazioak pieza bakan-bakan bat ikusteko eta ‘Aneckxander’ izeneko pertsonaia are bakanagoari harrera egiteko, Alexander Vantournhout eta Bauke Lievens-en eskutik.
Abenduaren 12an, UPV/EHUko Bizkaia Aretoko auditorioan, oso konpainia onean gozatuko dute ikusleek ‘Dance Generation’ parte-hartze tailerraren emaitzaz. Taiat Dansak zuzendutako tailerra aurreko egunetan egingo da esandako eraikinean.

Zineak ere edukiko du bere lekua, zelan ez. Roberto Menéndezek egindako film dokumentala Espainiako bost Dantza Sari Nazionalari eskainita dago, eta urriaren 3an Daniel Abreu gerturatuko da–espainiako Sari nazionala izan zen 2014an– La Fundicion-eko ikusleen tailerrera. Bestetik, UPV/EHUko ikus-entzunezko komunikazio departamenduak programazio berezi bat egingo du Arkitektoen Elkargoan azaroaren 28an.

Marco Floresek Aresti Landa Dantza Eskolan azaroaren 24an emango duen masterclass-ak eta sortzaileekin izango diren topaketek itxiko dute jardueren zikloa.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana