150gr Arte Eszenikoak Merkatuan jaialdiaren 8. deialdia

  • 150gr Arte Eszenikoak Merkatuan jaialdiaren 8. deialdia
artezblai.com

  • DataIrailak 24
  • Gaia Arte eszenikoak

Pez Limbo, El Mono Habitado eta Factoría de Fuegos konpainiek 2019ko abenduak 26an, 27an eta 28an egingo den 150 g. Arte Eszenikoak Merkatuan jaialdiaren zortzigarren edizioaren deialdia jarri dute martxan. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 18tik urriaren 18ra izango da zabalik.

Pez Limbo, El Mono Habitado eta Factoría de Fuegos konpainiek programatu eta koordinatuko duten jaialdiak erabiltzen ez diren merkatu postuetara eramango ditu arte eszenikoen zenbait proposamen. Horretarako, Gasteizko jaialdian formatu txikiko pieza originalak aurkezteko prest diren artista eszenikoen bila ari dira: interpretatzaileak, dantzariak, antzerki-taldeak, antzezleak, zuzendariak, eszenografoak, argi- eta soinu-diseinatzaileak...

OINARRIAK ETA BALDINTZAK

1. Parte-hartzaileek honako dokumentazio hau bidali beharko dute festival150gr@gmail.com helbidera:

Izen-emate fitxa behar bezala beteta.

– Kalitate oneko irudi bat, JPG formatuan.

– Bideo-esteka bat.

– Faktura egingo duen erakundearen izena eta fakturazio modua.

2. Piezak ez dira 25 minutu baino luzeagoak izango. Ikuskizunak formatu laburrean eskaintzeko sortuak izan behar dira; ez dira onartuko pieza luzeagoen zatiak.

3. Ikuskizunak eskaintzeko espazioak oso txikiak eta altura gutxikoak dira. Obrak proposatutako espazioetara egokitzeko modukoak izan behar dira (ikusi espazioen argazkiak).

4. Bete beharreko baldintza teknikoak ahalik eta gutxien izango dira. Antolakuntzak espazioaren oinarrizko egokitzapena egin eta muntaketa-lanetan laguntzeko konpromisoa hartzen du, baina parte-hartzaileak izango dira eszenografiaren, atrezzoaren eta behar tekniko berezien ardura hartuko dutenak.

5. Antolakuntzak ez du inolaz ere eskainiko teknikari baten laguntza emanaldietan zehar.

6. Piezak edozein estilo edo/eta formatutakoak izan daitezke, baina, betiere, arte eszenikoko lanak izan behar dute. Proiektuen sormena, singulartasuna eta irisgarritasuna baloratuko da.

7. Ikuskizunaren emanaldi bat ikusi izana ezinbesteko baldintza da piezak hautatzeko. Horregatik, bideo baten esteka erantsi behar da derrigor; ikus-entzunezkoa entseguetakoa edo piezaren sorkuntza prozesukoa izan daiteke.

8. Jaialdiak hamabi proposamen hautatuko ditu eta bakoitza egun bakarrean eskainiko da. Egun horretan, hori bai, piezon zenbait emanaldi eskainiko dira. Emanaldi kopurua piezaren iraupenaren eta bideragarritasun tekniko eta artistikoaren arabera erabakiko da, baina, gutxienez, lau aurkezpen egin beharko dira.

9. Antolakuntzak parte-hartzaile edo konpainia bakoitzari emanaldi eguneko 450 euro (zergak barne) ordaintzea aurreikusita du. Hori bai, jaialdia egitea edo ez dirulaguntza bat jasotzearen mende dago. Dirulaguntza hori jasotzen bada eta emandako kopuruak ahalbidetzen badu, parte-hartzaileei zerbait gehiago ordainduko zaie.

10. Ez dira kontuan hartuko haurrei bideratutako piezak.

11. Hautatuek fakturatu ahal izatea ezinbesteko baldintza da.

12. Antolakuntza salbuetsita dago aurkeztutako obren jabetza intelektual edo legalarekin lotuta sortzen den edozein erantzukizunen aurrean; artistek erantzun beharko diete egile eskubideei.

PARTE-HARTZAILEENTZAKO BESTELAKO DATU INTERESGARRIAK

1. Edukiera mugatua da. Ikusleak merkatuko postuaren barruan izango dira.

2. Jaialdia egingo den merkatuan hotz egiten du (postuak ahal den neurrian berotzen saiatuko gara).

3. Jaialdia abenduaren 26an, 27an eta 28an egingo da: EGUNEKIN LOTUTAKO LEHENTASUNEN BAT BALDIN BADUZU, JAKINARAZ IEZAGUZU IZEN-EMATE FITXAN.

4. Hautatutako artistekin urriko azken astean jarriko gara kontaktuan. Mesedez, begira ezazu zure posta elektronikoa egun horietan.

Jaialdiaren gainean gehiago jakin nahi baduzu edo emanaldiak egiteko espazioak nolakoak diren ikusi nahi baduzu, hirugarren edizioaren bideoa ikus dezakezu.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana