Zinemakumeak Gara!, emakume zinemagileen lana argitara

  • Zinemakumeak Gara!, emakume zinemagileen lana argitara

Urriaren 14an hasiko da Zinemakumeak Gara! jaialdiaren 24. edizioa, gune aproposa emakumezko zinegileek zinemaren sorreratik bertatik egin duten lana erakusteko, baina baita gaur egun ere ekoizpen horiek isilarazteko dauden mekanismoak salatzeko gunea ere. Ana Gutierrez topaguneko zuzendariarekin hitz egin dugu, jaialdiaren historia azal diezagun.

 

Zinemagintzan emakumeek izan duten eta duten papera aldarrikatzea da Zinemakumeak Gararen! helburu nagusia. Gaur egungo testuingurua ez da txarra aldarri hori jotzeko, garbi dago; baina, duela mende laurden, zer zailtasun zituen zeregin horrek?

Emakumezkoak hasieratik ari gara zinema egiten. Alice Guy izan zen aitzindaria, 1896an errodatu zuen bere lehen filma, zinemagintzaren historiako lehen fikzio-pelikula. Ez da ez erraza izan, baina haren atzetik beste asko etorri dira, gaur arte. Duela 25 urte emakumeek zinea egiten jarraitzen zuten, eta zine ona, baina kristalezko sabaia oraindik existitzen da, prozesuaren hasieratik, baita garapenean eta banaketan ere …

Gizartearen begiak errealitate horretara zuzentzea ez da beti samurra izan. Egia esan, gure lana oso beharrezkoa da oraindik, gaur egun duela mende laurden bezala. Azken urteotan mugimendu handiak izan dira #MeToo edo 50/50 eta abarren inguruan, kontzientzia handiagoa da, eta horrela errazagoa da emakumeek zineman zer egoera bizi duten ageriko egitea, baina, ehunekotan, emakumezko zuzendariak oraindik gutxi dira.


Hasiera-hasieratik egin duzue ibilia mugak apurtuz; ez, soilik, gai eta publikoei dagokienez, baita espazio fisikoari dagokionez ere. Nolako bilakaera izan du zuen ekimen honek?

Zerorrek esan duzunez, erakustaldia eboluzionatuz joan da, eta 24 urteotan erreferente garbia izan da Bilbon. Programazioa zabaldu egin dugu; jardunaldiak, hitzaldiak edo tailerrak darabiltzagu alderdi teorikoaren edo zinema-generoaren osagarri. Kontua ez da emakumeek egindako zinema ikustea soilik; gainera, garrantzitsua da aztertzea, eta jabetzea emakumeek nola ikusi duten genero hau.

Espazioa ere zabalagoa da orain; eta, espazio zentralaz gainera, alegia, Bilboko BBK Aretoa, aurten Azkuna Zentroan ere egongo gara, eta Bilborocken, eta Campos antzeztokian.

 

 

 

Gizon-begiradak arlo honetan duen hegemonia apurtu nahi du Zinemakumeak Garak!, zinema egiteko beste modu bat jarriz agerian. Alde horretatik, emakumezko gidoilariek eta zuzendariek zer ekarpen egin dituzte orain arte?

Ekarpenak ugariak dira, bakoitzak berea. Begiradatik bertatik hasiz. Jendartearen erdia gara, eta bizitza edo mundua ulertzeko gure moduak imajinario kolektibo horren parte izan behar du, gizon-hegemonia apurtuz.

Emakumeak ez dira orain iritsi zinemara, hasieratik hasi ziren zinema egiten; fikzioan aitzindariak, Alice Guy adibidez, elkarrizketaren hasieran aipatu dudan bezala; edo Lotte Reiniger animazioan; eta ekoizle eta zuzendari handiak izan dira Hollywoodeko urrezko urteetan, Dorothi Azner eta Muriel Box, besteak beste.


Jaialdiaren eskutik, Begirada kritikoan hasteko tailerra antolatu duzue. Zein dira arlo horretan hezten hasteko gakoak?

Begirada kritikoa eta genero-analisia dira gakoak.

Begirada kritiko horretarako leku bat izan nahi du tailerrak. Eta, horretarako, filmak eta kultura analizatzeko tresnak eskainiko ditu. Haiek erabiliz, tailer-lagunek beren gogoetak egin ahal izango dituzte, tailerra bera baino haratago.

Besteak beste, arketipoak eta genero-eredu ikonikoak eragin dituzten hainbat adibide adierazgarri aztertuko ditugu ikus-entzunezko pieza batzuen bidez, dinamika parte-hartzailea erabiliz.


Zinemakumeak Garak! Simone de Beauvoir saria ematen du urtero, zinema-errealizazioari lotutako emakumeen lana saritzeko. Zenbateko garrantzia dute aitormen horiek?

Funtsezkoa da emakumeek zineman egiten duten lana aitortzea eta agerikoa egitea. Erreferentzia-gune horiek sustatu egin behar ditugu.

Akademia edo Jaialdien errekonozimendua ia debekatuta dago emakumeentzat. Zailtasun handia dago emakumeen ibilbidea, zinemaren historiari egin dioten ekarpena, agerian uzteko eta baloratzeko.

 

 

 

Aurtengo programan, zer proposamen nabarmenduko zenukete?

Aukeratu dugun gaia nabarmenduko nuke, “Aldaketaren zurrumurrua”, erakusketaren ardatza baita. Hala, martxoaren 8ko greba feminista historiko hartatik urte eta erdi joan den honetan, zer gertatzen ari den aztertu nahi dugu, mobilizazio horiek nola ari diren gizartea eraldatzen, tantaka-tantaka gure imajinario pertsonal eta soziala blaitzen, ea benetan eskaera horiek eraldatzaileak izaten ari diren edo berdintasun-itxurakeria indartzen duten politiketan sartzea besterik egin ez duten.

Aldaketa zenbait jorratzeko moduko pelikula batzuk aukeratu ditugu, eta hizlari batzuk ere izango ditugu gure mahai-inguru eta hitzaldietan. Adibidez, Maite Larrauri, Clara Serra, Aixa de la Cruz, Isabel Otxoa, Itziar Gandarias, eta aurtengo “Simone de Beauvoir” sariarekin batera gure artean izango dugun emakume ekoizleen mahaia, eta Puy Oria ekoizlea.


Amaitzeko, eta hain zuzen ere sariez hizketan ari garela, Josefina Molina izan da Zinemagintzako Sari Nazionala jaso duen lehen emakumea, eta 2019an gertatu da. Zer mekanismo dago irauli beharra, behingoz agerian uzteko emakumeek zinemagintzak egiten ari diren lana?

Oso harro eta pozik gaude Josefina Molinaren sari horrekin, Espainiako zinemaren aitzindari peto-petoa baita, nahiz eta urteak pasatu behar izan diren ondo merezitako sari hori eman diezaioten.

Aldatzeko, heziketatik hasi beharra dago, eta genero-ikuspuntua kontuan izango duten neurriak eta kuotak garatu, emakumeei gizonen baldintza berberetan egoten laguntzeko.

Baldintza-berdintasunik ez dagoen bitartean, neurri horiek beharrezkoak dira. Gu geu gara lehenak neurri horiek aldi baterako izan daitezen nahi dugunak, benetako berdintasunera berez eta lehenbailehen irits gaitezen nahi dugunak.

 

(2019ko urriaren 7an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana