Nafarroako Nazioarteko Abesbatza Zikloak 25 urte bete ditu

  • Nafarroako Nazioarteko Abesbatza Zikloak 25 urte bete ditu
    Carlos Gorritxo zuzentzen duen Elkhos Taldearen argazkia

Carlos Gorritxo Nafarroako Abesbatzen Elkarteko presidentea eta Elkos grupo vocaleko kidea da. Gizon ekina eta suharra, harekin kalakan hasi orduko konturatuko garenez. Zalantzarik gabe ezaugarri horiek eramango zuten aurrera bai bide pertsonalean bai ogibidean, baliabide gutxirekin lan eskerga egin baitu. Elkarrizketaren bitartez hobeto ezagutuko ditugu bai zuzentzen duen elkartea, bai Nafarroako Nazioarteko Abesbatza Zikloa, aurtengoan, 25 urtemuga ospatuko duena.




Nafarroako Abesbatzen Elkartea duela hogeita hamar urte baino gehiago sortu zen. Zer dela-eta sortu zen?


FCNAE 1988an sortu zen, Nafarroako abesbatza guztiak elkartzearren eta, horrela, gure ohiturarik sustraituenetako bati antolaera bat ematearren. Helburuak argiak eta zehatzak izan ziren sortu zenetik bertatik: kantuarekiko maitasuna jendartean zabaltzea eta transmititzea; musika-irrikaz eta -gogoz denari musika hurbiltzea; eta etorkizuneko abeslari-belaunaldiak prestatzea. Aldian behin ikastaroak, hitzaldiak eta eskola magistralak antolatzen ditugu haientzat. Beste batzuetan, argitalpen teknikoak eta interes pedagogiko edo kulturaleko grabaketak editatzen ditugu.


Elkartearen lana erabakigarria izan da hartu genituen helburuak erdiesteko: herrietako abesbatzen artean trukaketak sustatzea eta kulturalki aberastu daitezen lortzea; elkarteko abesbatzen musika-ondarea zaintzea eta joritzea, konpositore nafarrei emanez garrantzi berezia; etenik gabeko musika-prestakuntzan laguntzea; gazteenei musika koralerako bidea erakustea, ondo pasatzeko moduan; jendarte zabala ahaztu gabe, herriko kulturara hertsapenik gabe eta doan iristeko eskubidea baitute, gure ustez guztion eskura egon behar baitu.


Zerorrek ondo esan duzunez, Elkarteak probintziako koru-kantua trinkotzeko balio izan du, baina bultza-indar bizia ere izan da prestakuntza-jarduerak antolatzeko eta ondare honi zabalkundea emateko. Zer iruditzen zaizue orain arteko ibilbidea?


2019a, eta kultur arloko elkarte bat, gurea modukoa, nahikoa dirurekin; horixe da gu definitzen gaituzten zutarrietako bat, horrexek erakusten du ondo ari garela lan egiten. Gure berme-harrietako beste bat 70 abesbatza baino gehiagoren laguntasuna da. Garbi-garbi milatik goiti dira elkartera batu diren abeslariak. Abesbatza berriak sortzeko eta sendotzeko etengabeko hazkunde-joera izaten ari gara, eta halaxe jarraitzea aurreikusten dugu etorkizun hurbilerako ere. Eta, joera horretan, bi jendarte aski ezberdin ditugu bultzaka: alde batetik, adinekoak, denbora libre gehiago baitute abesbatzarako; eta, bestetik, ume- eta eskola-abesbatzak ere geroz eta gehiago dira. Geroz eta ume-abesbatza gehiago dago bai eskola arruntetan bai musikakoetan, bai eta helduen abesbatzen atal berri modura ere.

 



(Irudian, Tiebasko Abesbatza, elkartean dauden 70etako bat).

 

Gainera, gure nortasunaren parte gisa azpimarratu nahi dugu gure proiektuan euskararen errealitatearekiko garatzen joan garen sentsibilitatea. Ez zaigu erraza izan une askotan, baina 31 urteren ondoren gaur da eguna federazio honek ahalegin berezirik egin behar ez duena bere jarduera euskaraz eta gaztelaniaz programatzeko, hori baita bere ohiko egiteko modua.

Gure proiektuaren xedea kalitate kontrastatuko ikuskizun artistikoak eskaintzea da, modu batera edo bestera Foru Komunitatearekin lotura duten artisten arteko harreman-sareak sortuz. Musika korala gure lurraldean orain ere oso errotuta badago ere, gure programen helburua gero eta publiko anitzagoa erakartzea da, eta, horregatik, hainbat genero, garai eta estilo hartzen ditugu kontuan. Gure lanaren funtsezko beste zutabe bat, era berean, Nafarroako egileen musika-ondarea berreskuratzea da, hura zabaltzea eta garai berrira egokitzea, bizirik iraun dezan, denboraz kanpoko eta sozializazio-ahalmen handiko kultura-adierazpidea baita. Horretan aritu gara azken 30 urteotan.

Iaz Nafarroako Gobernuak Karlos III.a Noblearen Gurutzea eman zigun, sari gisa. Ilusio berezia egin zigun, hainbat gizon-emakumek denbora honetan guztian gure elkartean egin lana aitortu baitu, musu-truk egin lana.

Gure ibilbide luzetik, nolanahi ere, bi une nabarmendu nahi ditut, biak ere 2019. honetan gertatuak eta biek ere zer zergatik egiten dugun ulertzeko arrasto bat ematen dutenak. Lehenik eta behin, geure ekoizpen baten estreinaldia: "Per agrum" poema sinfoniko korala. Done Jakue bideari buruzkoa da, 180 neska-mutilek osatutako abesbatza batek emanago du, Josu Elberdinek zuzenduta – Obraren konpositorea – eta testua euskaraz eta gaztelaniaz dago, Josune Lópezek idatzita. Bigarrenik, Mondragon Korporazioarekin “Humanity at Music sinfonia kooperatiboan” izan dugun lankidetza. Lan horretan, taldearen 60 urtetik gorako esperientzia kooperatiboari forma musikala eman zaio.





("Per Agrum” obrako interpretari-taldea, Baluarteko atarian).

 

Elkartean bazarete Nafarroako 70 abesbatza baino gehiago, ume- eta gazte-abesbatza batzuk barne. Zer osasun-egoera du kantu koralak lurraldean?  

Alde horretatik gu oso baikorrak gara, osasun-egoera zoragarria da, eta hala erakusten du kantu koralaren inguruan gero eta jarduera handiagoa izateak. 72 abesbatza gara, eta 4.500 lagun gutxi gorabehera. Agerian utzi nahi dut, berriro ere, bazkideen parte-hartzea % 100ekoa dela lanean eta programen garapenean, eta borondatez egiten dela beti, ordainsaririk gabe (dirua, beti, kontzertu bakoitzerako kontratatutako talde artistiko eta teknikoetara bideratzen da soilik).


Egia esan, programazio zehatzetik haratago, sektorea indartzeko modu bat musika koralarekiko interesa publiko guztiengan piztea da, umeengan barne. Eta hori ez da lortzen, soilik, kalitatezko edukiak eskainiz, haratago joan beharra dago, eta kantariak prestatu. Zer egiten duen FCNAEk horretarako? Haur- eta gazte-abesbatzak zuzentzeko Ikastaro bereziak antolatzen ditu gazteentzat eta irakasleak prestatzeko, bai eta musika koraleko tailerrak ere, berariaz umeentzat.


Gainera, musika koralarekiko hurbilketa horren atzetik jendea bertan geratzea eta ezagutza handiagoa lortzea badago, eta ekoizpen eta antzezpenekin lotutako ekintzen bidez garatzen bada, lurra are eta hobeto ariko gara ongarritzen erreferentziazko proiektu bat eskaintzeko. Gure ustez, oinarri zabala baldin badugu, ondo prestatua eta hurbilekoa, zuzenean parte hartuz eta prestakuntzaz, ez zaigu ikuslerik faltako ez orain ez etorkizunean.


Nafarroako Nazioarteko Abesbatza Zikloa da zuen elkarteak egiten dituen gauza guztietatik adierazgarrienetako bat. Zer helbururekin antolatzen duzue ekimen hori?

Abesbatza-zikloak eta gure elkarteak gauza bera nahi dute: kantu koralarekiko maitasuna zabaldu. Jarduera honek beste programazio-zirkuitu batera garamatza, muga guztiak apurturik. Ez dago zalantzarik, abesbatzen inguruko esperientzien artetik, Nafarroako profesionalek eta zaletuak hauxe nabarmentzen dute gehien, izan ere, beste abesbatza batzuen esperientzia eta ekarpen kulturala ekartzen baitigu, inora joan beharrik gabe, batzuetan kultura-testuinguru oso diferenteetatik.

 



(Art & Voices Vocal Ensemble [Polonia])

 

Nafarroa da -eta hau hala da- autonomia-erkidego bakarra, kalitate eta ezaugarri horretako Nazioarteko Koral Zikloa duena. Beste erkidego batzuetatik ere etortzen dira abesbatzen arduradunak, gure zikloaren errealitatea eta eragina bertatik bertara ezagutzera.


Nafarroako herri guztietan, ahal zen guztietan, kultur etxeetan programatu dira kontzertuak, instalazio publikoak ondo eta zuzen aprobetxatzearren.



2019an jarduerak 25 urte betetzen ditu. Nola hazi da hasierako urte haietatik?

Zikloak, orain ere, momentuan munduan diren abesbatzarik onenak ekartzen jarraitzen du, eta ikuslegoa fidela eta geroz eta ugariagoa da. Duela 25 urte ibilian hasi zen bi herrietara –Tafalla eta Iruñea–, gure hainbat udalerri eta herri batu dira, eta orain hamabost baino gehiago dira. Denbora horretan guztian oso babestuta ikusi dugu gure burua.

Azken urte hauetan kudeaketa ez da erraza izan; egia da. Elkarteak 30 urte bete zituen 2018an. Garai biziak izan dira, leku eta aldi berean erakunde- eta osasun-arloko zailtasunak izan ditugu, eta arrakastak elkartearenak berarenak eta elkarteko abesbatzenak izan dira, erdibana. Hori izan da Nazioarteko Zikloaren testuingurua. Zailtasunak, zorionez, konpondu dira arian-arian, eta arrakastak hortxe geratuko dira, gure oroimenean, urte luzez.



28 kontzertu, bertako eta nazioarteko taldeak, 17 herritan. Zenbaki politak. Zer dakar horrelako programa bat antolatzeak? Nola diseinatu eskaintza?

Nazioarteko XXV. Ziklo Korala urriaren 25etik azaroaren 3ra bitartean izango da. Aurtengoan 17 abesbatza etorriko dira 15 herrialdetatik. Programa hori antolatzeak ahalegin handia eskatzen du norberarentzat, baina hori Elkartearen jardueretako bat besterik ez da, urtero-urtero lan itzela egiten baitugu jendeak disfruta dezan eta, batez ere, abesbatzak ez daitezen geratu bakarrik eta laguntasunik gabe.


Ulertzen dugu gauzak dauden bezala gaur egun ez dela erraza diru-ekarpen handiak egitea, baina horrexegatik hain zuzen ere Elkarteak behin eta berriz dio sutsu egin behar dugula ekimen kulturalen alde, eta eskura ditugun lekuak ondo erabiltzen asmatu behar dugula. Horrelako programazio anitza eta konplexua diseinatzea dezente errazagoa litzateke aurrekontu majo bat izanez gero. Horrek, jakina, ikusleengan izango du bere eragina, azken batean harentzat eta ez beste inorentzat egiten baitugu lan.


2019ko edizioko proposamenen artetik zein azpimarratuko zenuke?

Proposamenik onena, eta programa bera baino haratago azpimarratu nahi duguna, ikuslegoa da. Urtetik urtera herri bakoitzeko kultur etxeak edo elizak goraino betetzen dira musika koralaren zaleez, eskaintzen diegun kalitateaz gozatzen. Nazioarteko gure zikloaren bereizgarririk onena ikuslegoa da, zalantzarik gabe.

 



(Bel Canto Choir Vilnius [Lutuania]).

 

Baina aurtengoan, gainera, herrialde arras ezberdinetatik datozkigu abesbatzak, hala nola Indonesia, Polonia, Lituania, Letonia, Belgika, Errusia edo Erresuma Batutik. Batzuek oso tradizio handia dute koruetan, eta haien emanaldiak gure etxean bertan ikusi ahal izatea benetan aparteko aukera da.


Bete da lehen mende laurdena. Zein erronka gainditu behar ditu Nazioarteko Zikloak hurrengo edizioetan?

Helburua garbi daukagu, eta hura lortzeko bizi-bizi parte hartuz nahi diogu etorkizunari heldu: gure nagusien tradizioari bizirik eutsi nahi diogu, gure abesbatzetan erreleboa erraztuz eta musika koralari jarraipena emanez. Konpromiso horrek etenik gabe lanean jarraitzea eskatzen du, proiektu berriak eta kitzikagarriak egiten, horixe eskatzen baitute bai Nafarroako gizarteak bai gure errealitateak, gure folklorearen aparteko kalitatearen berri mundu guztian zabaltzeko.

Bestalde, bada beste erronka bat ere: sostengu politikoa. Erakundeek ekimen kultural hauen alde egin behar dute, onak direlako gure gizartearen garapenerako eta kohesiorako. 4.000 lagun baino gehiago gara, eta 600 ume. Jarrera proaktibo hori eragitea da gure erronka.

Iritsi ezinik gaur egun bazterrean geratzen zaizkigun udal guztietara ailegatu nahi dugu. Aurten 11 herri geratu dira abesbatzen ziklorik gabe, benetan ezinezkoa zaigulako guztietara iristea. Egoera hori zuzentzeko irtenbideak bilatzea izango da gure lana.

 

(2019ko urriaren 14an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana