Aitziber Eguskiza: «Arazo sozialak umorezko antzerkiaren bitartez lantzeak meritu handia du»

  • Aitziber Eguskiza: «Arazo sozialak umorezko antzerkiaren bitartez lantzeak meritu handia du»

Urriaren 18an abiatuko dira Pasaian udalak urtero antolatzen dituen Umorezko Antzerki Jardunaldiak. Publiko ezberdinei zuzendutako sei emanaldien bitartez umorearen unibertso zabalean murgiltzeko aukera izango dute pasaitarrek zein hitzorduaren aitzakia hartuta gerturatuko diren bisitariek. Aitziber Eguskiza udaleko Kultura eta Hezkuntzako teknikariarekin mintzatu gara programaren inguruan.

 

Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldiek 38. edizio betetzen dituzte aurten eta esan beharrik ez dago marka makala ez dela. Nolako ibilbidea egin du antzerki ekitaldi alai honek urte hauetan guztietan?

Kasik lau hamarkadako ibilaldi luze bezain eder honetan, asko aldatu dira Pasaiako herriaren ezaugarriak ere inguruko beste edozein herritakoen antzera, eta, jakina, umorezko antzerkia egokituz joan da garai berrietara, gizarteari neurria eta pultsua hartzen beti aurrenak edo aurrenetakoak izaki.

Alde batera, duela 38 urte Trintxerpeko espresio taldeak eta antzerki tailerrak aurrera atera zuten egitasmoak ez du ikusteko handirik gaur egun pasaitarrei egiten zaien umorezko eskaintzarekin.

 

 

Bestera, Jardunaldiek horrenbeste urtez irauteak zerikusi handia du hasiera haietan lortu zen publikoaren fideltasun eta erantzuna mantentzen jakitearekin, hau da, belaunaldi berriak delako fideltasun horretara biltzen asmatzearekin. Azken urte hauetan guztietan antolatutako ikuskizunei herritarrek emandako erantzun onak bermatu du Jardunaldiak osasun onean iritsi izana gaurdaino. Publikoaren erantzuna ezin hobea izan da, eta horrexegatik mantendu da horrenbeste urtez egitasmo hau.


Jardunaldiek umore antzerkia dute ardatz, mota guztietako umorea: absurdotik komedia arinera doana. Zeintzuk dira antzerki zehatz honen ezaugarri propioak, berezko dituenak?

Antzerkia, erabat harturik, tragedia eta komedia artean sailkatuz gero, bi zaku handi horietako bakoitzak asko kabitzen duenez, aukera mugaezina gelditzen zaigu eskura umorezko antzerkiarentzat.

Beti esaten da jendeari barre eginaraztea ez dela batere samurra, eta gainera jendeak gero eta exijentzia gehiago duenez, ez da zernahi saiorekin barrez hasten. Erronka da, esaterako, kritika soziala egiten bada umorezko antzerkiaren bidez, hori egitea irribarrea, eta are algara ere, sortzeari utzi gabe.

Bestalde, umorezko eskaintzetan publikoarekiko konplizitatea bilatzen duten kasuak oso ohikoak dira, baina ez dauka beti zertan izan horrela, edo ez bereziki behintzat.

Umorea ulertzeko moduak bukaezinak dira, eta hor ere aniztasuna bermatzeko lanean dihardugu.


Ba al da, kalean zein aretoan egiten den umore antzerkian, bat-batekotasunerako esparrurik?

Batez ere kalean egiten den horretan dago publikoa bereziki kontuan izateko estrategia.

Hala ere, bat-batekotasuna izan daiteke ikuskizuna erabat markatzen duena, edo publikoarekin elkarrizketan oinarritutakoa. Azken kasu honetan ikuskizunak badu bere mezu eta produkzio propioa eta produkzioak berak kontuan izaten du, maiz, publikoaren begirada eta erantzuna.

 

(2018ko Leioako Umore Azokan saritua izan zen "Kale Gorrian" emanaldiarekin hasiko dira Jardunaldiak).


Adin tartea eta espazioak kontuan izaten dituzue. Zein beste irizpide jarraitzen dituzue urtez urte zuen eskaintza diseinatzeko?

Pasaian sortu zen “Antzerkizaletasuna bultzatzeko foroak” bultzada handia eman die Jardunaldiei, bereziki pasa den urtean. Foro horretan arte eszenikoetan eskarmentu handia duten zenbait eragile pasaitarrek hartzen dute parte, baita herriko artistek ere. Eta gune horretan landu izan ditugu eskaintzari dagozkion irizpideak.

Besteak beste, aspaldi ikastetxeekin elkarlanean eskaintzen dugun saioa mantendu dugu aurten ere.

Kaleko antzerkia berez gizatalde mota guztientzat bada ere, aurten saio berezi bat programatu dugu familiei zuzendutakoa.


Zer nabarmenduko zenukete 2019ko edizio honetako programan?

Asko kostatzen zaigu ikuskizun bat edo bestea besteetatik bereiztea eta bereziki gomendatzea. Antzerki-saio bakoitzak du berebiziko garrantzia eta era berean egitarau osoari begira bere zentzua eta esanahia.

Aurten azpimarratu dezakegun berritasun bat izan daiteke Jardunaldien aldarrikapen sozialaren kutsua. Umorezko antzerkiak badu, orokorrean, ezaugarri hori. Eta guretzat arazo sozialak umorez lantzeak badu meritua, eta lan horri babesa ematea izan daiteke aurtengo eskaintzaren ezaugarri nabari bat.

 

(Familiek txikienei zuzendutako "Babo Royal" ikuskizaz gozatzeko aukera izango dute)


Ia 40 urteko ibilbidearen ostean, ba al da aldatu/hobetu nahiko zenuketen arlorik?

Beti izango dugu zeozer hobetzeko, gure errealitatea aldakorra dela ulertzen dugun heinean, egokitzapenak egin beharko ditugu urtero-urtero.

Saiakerak egin ditugu eta egiten jarraituko dugu horretarako. Pasaiako herritarren erantzuna eta ditugun baliabideak kontuan izanda, ahal bezain besteko kalitatezko egitarau parekidea eta anitza eskaintzeko ahalegina egiten dugu, eta formatu berriak egokituz goaz aurrera, ilusioz beterik.

 

(2019ko urriaren 16an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana