Arantxa Hirigoien: "Hezkuntza eta antzerkia bi mundu ezberdin izanik ere elkarren beharra dute"

  • Arantxa Hirigoien:
    Argazkia: LaukitikAt (EKE)
eke.eus

  • DataUrriak 18
  • Gaia Arte eszenikoak

Debrutegian, Ote Lore elkarteak Larresoroko pilota plazaren ondoan duen lokalean hartu gaitu Arantxa Hirigoyen-ek (Baiona, 1974). Baionako Lizeoan irakasle postua aldi batez bazterrean utzirik, Axut ! kolektiboarekin antzerkigintzan abiatzen duen lan berriaz aritu zaigu kultura eragile sutsua, eta hezkuntzaz, gazteez, familiaz, ibilbide oparoaz.

Arantxa Hirigoyen kultura eragilearen ibilbidea aipa dezagun sarrera gisa.

Egia da ttipidanik euskal kulturan murgildu naizela, etxean beti bizi izan baitut giro hori eta etxekoek horretara bultzatu naute. Garaiko gazte anitz bezala, musika ikasi nuen, txistua eta Uztaritzeko Izartxo dantza taldean parte hartu nuen ere, hemen Larresoron dantza talderik ez baitzen. Gero, Ote Lore elkartean sartu nintzen, burasoek sortu elkartea, haur eta gazte gisa hastapenean eta gaur egun partaide gisa. Ote Loreren bidez hainbat kultura ekitaldi proposatzen ditugu herrian, euskarari eta kulturari atxikiak. Helburua da herrian berean eta euskaraz hainbat hitzordu proposatzea, antzerkia izan, bertsolaritza, kantaldi, eta abar. Egia da betidanik murgildu izan naiz giro horretan, berez doan giroa baita niretzat. Uste dut denbora hartan, 80. hamarkadan, herri anitzetan sortu zirela kultur elkarte anitz, beharra baitzen gune bat elkartzeko. Gogoratzen naiz hortik ere sortu zela Lapurtarren Biltzarra Uztaritzen, urtero elkarte eta herri horiek elkartzeko aitzakiarekin. Momentu horiek, bizi izan ditut aldarrikapen momentuak bezala, garaian kantaldi bat edo beste edozein gauza antolatzea ekintza aldarrikatzaile bat zen. Gaur egun, egoera zaila bada oraindik ere, onartuagoa da euskal kultura. Militantzia giro hori bizi izan dut bai.

Gaur egun Ote Lore elkarteak segitzen du, 35 urte bete ditu, betiko hitzorduak antolatzen segitzen dugu, inoiz bezain beharrezkoak. Izan ere gure herria handitzen ari da biziki, kanpotik datorren gero eta jende gehiagorekin. Orduan behar ditugu gure ohiturak atxiki, gure hitzorduak eta bistan dena euskarari bere lekua eman behar zaio.

Euskarak ere leku handia du zure bizitzan.

Bai, berez doa. Euskal Herrikoa naiz, euskalduna, euskarak badu inportantzia handia bistan da eta hori hastapenetik, izan ere nire aita-amek ikastolara eramatea erabaki zuten. Nire ikasketa guztiak Seaskan egin ditut terminala arte. Gero euskaraz nahi nuen segitu ikasten eta Baionako fakultatera joateko aukera nuen, baina ikasketa garaia, etxetik alde egiteko garaia denez, Donostiara joatea erabaki nuen, euskal filologia ikastera.

Ondotik segitu dudan ibilbidea, irakaskuntzan edo beste, euskarari lotua da beti. Egia da ere betidanik argi izan dudala euskaraz lan egin nahi nuela eta hori lortu dut zeren ikasketen ondotik berriz itzuli nintzen Seaskara irakasle gisa euskara eta literatura ikasgaia ematera. Orduan, euskaraz ikasi, irakatsi, euskara irakatsi eta euskaraz bizi, sinpleki.

Orain hiru zaletasunak, antzerkia, euskara eta hezkuntza uztartzen dituen esperientzia berria abiatzen duzu. 

Hori da, etapa berri honetan hiruak juntatuko ditut. 17 urtez irakaskuntzan ibili ondoan, urte bateko pausa hartzea erabaki dut Axut ! kolektiboarekin lan egiteko. Manex eta Ximun Fusch anaiek sortu kolektibo horrek, euskaraz antzerkia egiteko tresna bat izan nahi du. Ni kolektiboan sartuz, arlo berri bat proposatuko dugu irakaskuntza edo hezkuntzarekin lotua, antzerkiari leku bat egitea eta bitartekaritza lan bat egitea. Nire lana izanen da ikastetxeekin, antzerkigintza lantzea, garatzea, tailerrak proposatuz. Hezkuntza eta antzerkia bi mundu ezberdin izanik ere, biziki hurbil direla uste dugu. Biek elkarren beharra dute, azkenen ikastetxea, transmisio leku bat da non ikasleek jasotzen duten anitz baina non ematen duten ere; transmisio lekua den aldetik artea eta beraz antzerkiak badu bere lekua eskolan, dudarik gabe.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana