Irudika: euskal ilustrazioa formatu, hobetu eta nazioartekotzeko apostua

  • Irudika: euskal ilustrazioa formatu, hobetu eta nazioartekotzeko apostua

Datorren asteburuan, hirugarren Irudika dugu, Artiumean. Euskal Irudigileen elkarteak antolatzen du, eztabaidaren erdigunera langintza horretan dabiltzan gizon-emakumeak ekarri nahian. Elkarteko lehendakariarekin izan gara, Elisabeth Pérez Fernándezekin. Hark azaldu digu zein garrantzitsua den topaketa hori, eta sortu zenetik zer bide egin duen elkarteak.

 

Irudika 2017an hasi zen lanean. Programa joria esku artean, ezinbesteko topaleku bihurtu nahi zuen irudigileentzat. Gorabehera guztiak gorabehera, nola izan zen horrelako topaketa bat taxutzea?

Hutsetik hasi ginen, ilusio askorekin. Badakizu, ezer ez duenak, ezer galtzeko beldurrik ez. Ezagunak eta lagunak izan genituen bidelagun, bizitzan zehar gure paretik gurutzatu izan zen jendea; haien konfiantzan bermatu ginen lehen topaketa hartako hitzaldiak josteko.

Gogoan dut oraindik: gu, han, Bego eta Vicente Media Vacakoen etxean, gure topaketa-asmoak azaltzen. Segituan piztu zitzaien gogoa haiei ere, eta parte hartu nahi izan zuten. Baita Isidro Ferrer ere. Asteburu-mordoa gorde zuen segituan, artean erakundeen oniritzirik izan gabe, dirua erakundeek jarri behar zuten arren. Lehen topaketa egin baino bi hilabete lehenago onartu ziguten proiektua, eta, hara, guk ere ezina ekinez egina azkenean.

Esan beharra daukat talde ikaragarri polita osatu genuela, denak musu-truk aritu zirela, eta horri esker burutu genuela topaketa benetan eder hura. Giroa ere hain da berezia!

 

 

 

Hiru urte beranduago, profesionalen sostengua eta erakundeen laguntasun garbia dituzue, egia da. Non dago arrakastaren gakoa?

Badira profesional batzuk hiru urteetan etorri direnak; uste dut nahiko adierazgarria dela. Bi bider badatoz, hiru bider -eta irudigintza-arloan geroz eta eskaintza zabalagoa dago bai estatuan bai nazioartean-, topaketa honek badu besteek ez daukaten zer edo zer. Hasieratik zuen gaia, eta halaxe ikusi zuten Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak. Gure proposamena orri-multzotxo bat besterik ez zen, baina hasieratik bertatik jakin zuten puntu garrantzitsuak ukitu genituela, eta ez naiz kulturaz bakarrik ari, irudigintza moduko arlo bateko sormen-industriak ere bertan baitziren, arte-alorraren ahizpa txiroa ordura arte.

Erakunde horiek izan ziren Irudikan sinetsi zuten lehenak. Eta beste gauza batek ere lagundu du: lehenengo topaketetan jendea mukuru izan zela, eta garaiotan hori ez da erraza, are eta gurea bezalako arlo batean, gehien-gehienak lan-baldintza eskasetan bizi baitira.

Irudigintza-topaketa bat da, irudigile-jendeak sortua; nik uste dut hori dela arrakastaren oinarria. Alegia, behingoagatik, gu, liburuetako edukiak sortzen ditugunok, iragarkiak, kartelak, ez gara garrantziaz azkenak, eta, gainera, irudi-sortzaileok berezko dugun erromantikotasunaren hariaz josten ditugu detaile guztiak, goxo-goxo.

Topaleku guztiak definitzeko orduan, topo egiteko erritmoak izan ditugu buruan etengabe, minutu bakoitza oso-osorik aprobetxa nahian, kanpamendu ultra intentsiboa izango balitz bezala. Bazter askotako jendea ekartzen dugu, eta iruditzen zaigu haien prestakuntza, haien hitzaldiak entzutea aberasgarria dela gure inguruko sortzaileentzat; aukera polita dutela hazteko, hobetzeko, erronka profesionaletara joan behar dutenean askoz eskarmentu handiagoa eramateko.

Ez dira erakundeak bakarrik gure topaketan sinetsi dutenak, hura indartzeko apustua egin dutenak; geroz eta gehiago dira gurera datozen irudigileak, eta Irudika iritsi baino lehenago hilabeteak ematen dituzte prestatzen.


Izan ere, zuena ez da topaketa hutsa. Programa zabala eskaintzen duzue prestakuntzarako, networkingak, hitzaldiak... Urte bakoitzeko topaketa diseinatzeko orduan zer helburu izaten duzue?

Bai, lehen esan dudan moduan, prestakuntza ezinbestekoa da. Artean eta historian nor diren guztiak bizi guztian jarraitu dute beren buruak prestatzen, arlo batean eta bestean, eta uste dugu garrantzitsua dela ikasten jarraitu nahi izatea, nahiz eta jadanik irudigintzan profesionalki aritu.

Baina hori bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da erlazionatzen jakitea, ez soilik ondo lan egiten jakitea, baita txukun erakusten jakitea ere, negoziatzen jakitea, aukerei esku biekin heltzen jakitea. Urte askoan beste azoka eta herrialde batzuetara joan beharra zegoen aukera horien bila, eta Irudikarekin horixe nahi genuen, gurera ekarri beste jende bat, haiengandik ikasteko, haiekin proiektu berriak sortu ahal izateko eta denon intereseko zer dugun aurkitzeko.

 

 

Beste herrialde batzuetako irudigintza-mahaietan beti bada euskal zera bat. Hori da beti zailena, zoritxarrez gure irudigintza oraindik ez delako beste herrialde batzuetara nahikoa esportatu. Bada, hain justu horixe da Irudikak lortu nahi duen gauzetako bat.
Helburuak garbi daude: prestakuntza, lanean doitzea, eta nazioarteratzea. Eta erakustea baietz, Euskadin sortutako zerbait argitaratu daitekeela edo garrantzitsua bihurtu daitekeela urruneko beste herrialde batean, egin daitekeela.


Sektore paraleloak atalean muga urtsuak dituzue jorratzen batez ere, irudigintzaren eta beste diziplina artistiko batzuen artean dauden muga urtsuak. Zer dakar zuen topaketara ekimen horrek?

Gure asmoa publiko guztietara iristea zen, gizartea ohartaraztea nolabait, ikus dezan, eguneroko produktuak kontsumitzen dituen bitartean, irudigintzak zer leku izan duen eduki horiek sortzeko prozesuan. Hau da, jende mota orori erakustea zein garrantzitsua den irudigintza bizitza ederragoak izan ditzaten. Erakustea guk biltzen diegula arropa, egunkariak edo liburuak ilustratu, animazio-pelikulak, guk diseinatzen bideo-jokoetako pertsonaiak, jaten dituzten jogurtetako frutak marrazten, edo talde gustukoenen disko-azalak.

Hori da gizarteari orokorrean egiten diogun ekarpena; baina jardunaldi hori ere eskaini nahi genion, gainerako egunetan irudigintza-proiektuez arituko baikara bete-betean.

 

Irudikan batera dabiltza nazioarteko jende handia eta tokiko sortzaileak; badu gaitasun hori. Alde horretatik, gaur egun nola kokaturik dago euskal irudigintza?

Euskadin sortzaile zoragarriak dauzkagu. Mikel Casal, Elena Odriozola, Iban Barrenetxea, Mikel Valverde, Leire Urbeltz, Jon Juarez, Susana Blasco… denak daude igarota gure hizlari-mahaitik. Baina benetan positiboa dena da urtero-urtero Euskal Irudigileen arteko bazkide gehiago eseri ahal izango direla mahai horietan.

 

 

Dagoneko ezagun da bai irudien egitekeran bertan, bai egileen profesionalizazioan ere.


Topaketaren itzalpean, irudigintza eta animaziorako egonaldi bana ere konbokatzen da. Zer lortu nahi duzue? Orain arte nola egin dira?

Gure topaketa munduko bazter guztietaraino eramateko modu bat sari-deialdi bat egitea zen. Hori izan zen lehenengo ideia. Gure ustea zen epaimahai bat baldin bageneukan elkarteaz kanpoko profesionalez osatua eta urtero-urtero haiek aukeratzen bazuten nork egin Irudikaren grafika, zoragarria izango zela eta makina bat lan aurreratuko genuela.

Baina, batez ere, pentsatzen genuen egoitzetara kanpoko egileak ekarri, gure lurrean elkartu, eta guk haien prozesuak ikusten bagenituen, asko ikasiko genuela.

Bilbaoarte eta Maison des Auteurs de Angouleme segituan batu ziren ekimenera eta orain jada hirugarren topaketa antolatzen ari gara. 2020an izango da, eta 40 lagun baino gehiago dira etortzekoak estatutik eta atzerritik, Fundación Vitali esker eta Acción Cultural Españolari esker.

 

(Irudika 2019 egoitzak horrela aurkeztu genituen Zas Kultur Espazioan, joan den martxoan).

 

Ideiak beharrezkoak dira, bai, baina egitasmo honek atzetik duen lan gogorraren zati bat ez da hori, partnerrak eta erakunde lagunak aurkitzea da, gure bizitzetan Irudika ere beharrezkoa dela sinetsiko dutenak, guk bezala.


Datozen urteetan Irudikaren zer alderdi nahiko zenukete landu?

Bada, gauden puntuan egonik, oraintxe lantzen ari garena doitu. Baina aurtengorako badugu gai bat bereiziki begiz jota, hau da, egile-eskubideak eta praktika onak.

Nire iritziz, gure burua prestatzeaz eta sareak josten ikasteaz gainera, gure eskubideen alde egiten eta lan-baldintza duinagoen alde borroka egiten ikasten dugunean ere profesionalizatzen eta ahalduntzen ari gara.

Eta ea jakin-mina sortzen dugun; hori ere gustatuko litzaidake. Irudikatzaileek ez dezatela pentsa bizitza errealean dena Irudikan bezain erraza denik (ez dute leku askotan hainbeste hitzordu profesional edukiko). Gure kasa mugitzen eta zalantzak gure kabuz argitzen ikasi behar dugu, bidaiatuz eta ate joka ibiltzeko beldurrik gabe.

 

(2019ko urtarrilaren 21ean argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana