Inmersiones, artisten harrobia landuz

  • Inmersiones, artisten harrobia landuz

Eragina izateko esparru berriak behar zituzten arte eta kultur ekoizpenei erantzuteko sortu zen Inmersiones ekimena Gasteizen. Hamabi urte ondoren, zenbatezina dira tokiko arte eremua ehuntzeko eta dinamizatzeko bere baitan antolatu diren jarduerak. Aurtengo edizioan artearen etorkizuna eta etorkizunaren artea izango dute hizpide. Egitasmoak egin dituen ibilbide eta ekarpenak ezagutze aldera elkarteko lehendakaria den Cristina Arrazola-Oñaterekin mintzatu gara.

 

Testuinguru hurbileko praktika artistikoak aintzat hartzen ditu Inmersiones/Murgilketak ekimenak. Zein helbururekin abiatu zenuten?

Gure sorreran genuen helburu nagusia zen, eta oraindik ere hala da, hazten ari zen gure hurbileko arte sorkuntzaren mapa bat ontzea, hura ikusgai bihurtzeko, ahal bezainbeste erakusketetara jo beharrik gabe. Gure apustua artisten arteko topaketaren eta proiektu eta informazio elkartrukearen aldekoa da, hori artearen espazio publikoa eguneratzeko era onena delakoan.

Sortzen ari ziren artistak, ez bakarrik gazteak, harremanetan jarri nahi genituen artearen munduko errealitatearekin: komisarioak, arte-kritikariak, arte-zentroen zuzendariak, galeria-jabeak, etab. Artearen arlo guztietako ordezkariak erakartzea zen helburua, eztabaida eta topagune baliagarri bat sortzeko, hala parte-hartzaileentzat nola hurbiltzen diren guztientzat.


12. edizioa burutuko duzue aurten. Nolako ibilbidea egin du egitasmoak 2008. urtean martxan jarri zenutenetik?

Erronkaz, zailtasunez eta, jakina, poz ugariz betetako prozesua izan da. Urte hauetan, hainbat aldiz aldatu dugu egoitza, eta guztiz aldatu ditugu diru iturriak, baina denbora honetan guztian, zuzenean edo zeharka, hor egon garen pertsona talde batek jarraitu dugu, proiektuarekin denbora guztian inplikatuta. Talde horren bultzadak eutsi dio proiektu honi, ekaitz eta erauntsi guztien kontra.

Hasieran, Arabako Foru Aldundiak finantzatu zuen proiektua osoki, baina 2012an galdu egin genuen diru iturri hori eta, biltzarra egiteko ere, kalean ikusi genuen geure burua. Ordutik aurrera, erakunde publikoen espazioetatik ateratzea erabaki genuen, eta Gasteizko Alde Zaharreko askotariko lokaletan mugitu gara. Egun, urte batzuk eman ditugu Ortzai Teatro eta Zas Kultur Espazioarekin/Espazioan lanean, eta benetan eskertzen diegu eman diguten laguntza.

Harrotasun gehien sortzen digun gauzetako bat denbora honetan guztian izan ditugun parte-hartzaileen zerrenda da; izan ere, zerrenda horretako artista asko amateur izatetik artearen munduko errealitate bihurtzera pasa dira.

Lehendabiziko Inmersiones 2008an egin zen, eta asmoa zen Amarika Asanbladaren hasierako jarduera izatea. Asanblada hori Arabako Aldundiaren hiru erakustaretoren programazioaz arduratu zen lau urtez. Haietako batean, Amárica aretoan, egin zen lehendabiziko aldiz Inmersiones; areto hori hiriko kultura arloko espazio gogoangarri bat zen, bost urte lehenago itxia, eta guk arterako berreskuratua.

Hurrengo urtean, 2009an, Izaskun Álvarez Gainzak, aurreko urtean artista gisa parte hartutakoak, antolatu zuen, jarduera honen identitate ikurretako bat baita ahalegina egitea urtero aurreko urteetako parte-hartzaile batek zuzendaritzaren txanda har dezan.

 

(2017ko ediziokoa).

 

Inmersiones 2010ean, Rubén Díaz de Corcuera aritu zen komisario lanetan, eta berak tailer eremu bat gehitu zien biltzarrari eta artisten txosten erakusketari: Atmósfera Crítica.

Inmersiones 2011n, urtero gaia aldatzeko formatua hartu zen. Urte hartan, “Ekokultura: arte kultura eta hiria” izan zen landutako edukia. Urte hori, gainera, Amarika Proiektuko azkena izan zen, Arabako Foru Aldundiak bertan behera utzi baitzuen Asanbladarekin eta haren Programazio Kontseiluarekin zuen harremana, alde bakarrez. Inmersiones hori Eusko Jaurlaritzaren laguntzei esker ordaindu zen. Laguntza horiek, unean uneko geroko beste batzuei gehituta (betiere, lehiaketa bidez), Inmersiones egiten joateko balio izan dute.

Inmersiones 2012k Pakea Utzi Artea izenburua hartu zuen. Tokiko artista talde bat aritu zen komisario lanetan. Lehendabiziko aldiz garatu zen Amárica aretotik kanpora.

Inmersiones 2013koa seigarren aldia izan zen, eta “Diruaren aurka” izan zuen kontzeptutzat. Rubén Díaz de Corcuerak eraman zuen 2013ko Inmersionesen lema, baina tokiko artisten bultza-indarrarekin elkartuz, formatuari irmo eusteko ahaleginean zebiltzanak.

Zazpigarren Inmersiones, 2014koa, aurreko urteetako beste parte-hartzaile batek zuzendu zuen: Iker Fidalgo, Inmersioneseko lantaldearekin bat egin zuena, ordurako jada elkarte bihurtua. Urte horretan, izenburua “Erresistematzia” (“Reinsistencia”) izan zen. Inmersiones 2015ek “Pikutara lana!” hartu zuen izenburutzat, eta Inmersiones 2016ak, berriz, “Kultuak”. 2017an, “Lotsagabeak”. Joan den 2018an, Maria Ptqk aritu zen komisario lanetan, eta “Suaren inguruan. Egungo sorgin jarduerak” ” gaiari heldu genion.


Artista berrien azaleratzeko prozesuan baino, beraiek bizi duten egoeran murgiltzearen arduran jarri nahi duzue fokua. Zeintzuk dira arte plastikoen eremuan ibilbide profesionala abiatu nahi dutenek aurre egin behar dituzten zailtasun nagusiak?

Lan honetan bete-betean aritu nahi duten pertsonentzat, oinarrizko zailtasuna irautea da, hala heziketak irauten duen prozesu luze eta amaiezinean nola lanbidean hastean. Ikusizko arteen arloak koloka batean, tirriki-tarraka, irauten du herrialde honetan. Artisten % 64ren diru sarrerak ez dira urteko 1.600 euro baino gehiago, zehazki arte jarduera iturritzat hartuz. Ondorioz, gehiengo handi batek arte sorkuntza beste lan batzuekin txandakatu beste aukerarik ez du.

Gainera, ikusgai izateko zailtasunak daude, lan eta lankidetzarako guneen beharra, erakusketa, azalpen eta eztabaidarako guneen beharra. Bestalde, kulturaren kudeatzaile pribatuek zein publikoek oso interes gutxi agertzen dute artista horien lanaren inguruan.


2019ko programa osatzen dituzten proposamen teoriko eta praktikoak hautatu berri dituzue. Zer nolako proiektuak jaso dituzue deialdi ezberdinetarako? Zein motatako proposamenak ikusiko ditugu?

Kalitate handiko proposamenak jaso ditugu, eta horrek erraztu egin du beti zaila izaten den hautaketa lana. Adibidez, badugu adimen artifizialen egungo arteari buruzko ponentzia kritiko bat. Beste hizlari batek azaldu du arteak bere jarrera argitu behar duela zibernetikaren lengoaiaren suntsipenari buruz; izan ere, lengoaia horren gainean eraikitzen ari dira etorkizuneko munduaren oinarriak.

Ponentzia batek, berriz, neuro-arteaz hitz egingo du; guk uste genuen arte guztia neuronetatik ateratzen zela, baina dirudienez bada burmuinaren jarduerari dinamikoki lotua den arte mota bat. Hizlari horrek neuro-arteari buruzko bere lanetako bat erakutsiko du, kasko neuro-zientifiko bat eta errealitate birtualeko beste bat uztartzen dituena. Beste hizlari batek pelikula futuristen edo zientzia fikzioko pelikulen bere artxibo edo bildumaren lehen aurkezpena egingo du.

 

(2017ko edizioa)

 

Antzeko bidetik, hizlari batek performance jiteko aurkezpen bat egingo du, gaurkotasun politikoa duten irudien eta bideo zatien parrastadak proiektatuz, artistak eraldatu dituenak, heltzear den etorkizunari buruzko igarpenak helarazteko asmoz. Beste hizlari batek erakutsiko digu nolakoa izan den etorkizunak iraganean duen presentziari buruz egin dituen arakatze lanen emaitzak bere egungo arte proiektuan izan duen eragina. Artista batek erakutsiko digu etorkizuna ezagutzeko balio duten egungo fosilak sortzeko ematen duen laguntza lan artistikoa. Beste hizlari batek gorputza izaki biologiko gisa gainditzean sortu diren gorpuztasun berriei jarri die arreta.

Ekintza artearen atalean, performance proposamen bat izango dugu, eta bertan poesia, koreografia eta zeromantzia (argizari urtuaren interpretazioan oinarritutako igarpenaren artea) ezkonduko dira. Beste proposamen bat performancearen muga berrien esplorazio kolektiboari buruz izango da, eta dantzaren bitartez etorkizuna irakurtzeko ekintza bat ere izango da.


Lan artistikoaren proiekzioa alde batetik eta arte sistemaren etorkizuna bestetik izango dituzue ardatz topaketan. Zein hausnarketa planteatu nahi dituzue ildo honetan?

Zentzu hertsiki kronologiko batean, behin behinekoz orainaldia betetzen dugun artistok iraganeko artearen etorkizuna gara eta, aldi berean, etorkizuneko artearen iragana, baldin eta azkenean frogatzen bada arterako etorkizun bat badagoela, nahiz eta hori argi ere ez dagoen.

Lehen eskutik ezagutu nahi dugu zein den artearen egoera (etorkizunerantz proiektatzen den artearen orainaldiaren inguruko galdera zail horri dagokionez), gure orainaldira proiektatzen den iraganeko artearen argitan. Artearen arazo klasikoen inguruan gure testuinguruko artistek duten egoera ezagutu nahi dugu: ikusgaitasuna edo ikusezintasuna, aitortza, artearen eragin politikoa, aukerak eta mehatxuak, egun bizitzan disolbatzen den artea, irudikapenari ihes egin edo ez egiteko aukera eta komenientzia, hutsalkeriaren mende erortzeko benetako arriskua, arte eredu jakin batzuk agortzeko aukera eta beste batzuen agerpena, merkatuak artean duen eragina eta arteak merkatuan duena, merkatua dagoen / egongo den edo ez, eta eragina dagoen / egongo den edo ez, azken teknologiak eta egungo arte ereduren batean dituzten ondorioak, arte berriak arte zaharrekin duen borroka edo bakezko bizikidetza.


Tokiko artista gazteen ekoizpen artistikoak ezagutarazteko kongresua da Inmersiones, baina topagune hau ez da izango eskaintza bakarra. Zer beste ekimen garatuko dituzue kongresuaren baitan? Zein da azken hauek programa osoari egiten dieten ekarpena?

Proiektu aurkezpen edo ikerketez, argazki lehiaketa eta ekintza agerraldiez gain, aurten arte fikzioko kontakizun ilustratuen lehiaketa bat izango dugu berritasun, eta liburu bat argitaratuz plazaratuko da gutxi barru. Zer da arte fikzioa? Literatura genero berri bat da, beste arte mundu batzuk proiektatu edo irudikatzera bideratua. Kontakizun horietan, artearen arloko ekintzak edo jazoerak kontatzen dira, benetakoak ez direnak, baina bai egiantzekoak eta gerta daitezkeenak.

 

(2018ko edizioa).

 

Arte fikzioaren argumentuak aukera sorta oso zabal baten inguruan harilkatzen dira: denboran utopia edo/eta distopia estetikoen bila egindako bidaiak, hondamendiek (adibidez, baliabideak agortzea, edo teknologia hondagarriak agertzea) artean utzitako ondorioak, roboten eta adimen artifizialen artea, gizateriak zibilizazio estralurtarretako artea topatzea, etab. Bururatu zitzaigun era dibertigarria eta, aldi berean, kritikoa ere izan zitekeela aurtengo Inmersionesen gaiaren gainean gogoeta egiteko.


Zer norabide hartu nahi du Inmersiones egitasmoak hasi berri duen bigarren hamarkadan?

Irautea bera ez da gutxi inondik ere, baina biltzea, harremanetan jartzea, saretze lana, izango dira oraindik ere gure lehentasuna. Gure lurraldeko jarduera osoa biltzen joaten gara, eta hura gure blog-ean kontsulta daiteke, eta hortik mundura jauzi.

Uste dugu Inmersiones formatua beharrezkoa eta baliagarria dela oraindik ere. Segur aski ez da goitik beherako aldaketarik egingo Inmersionesen, ondo funtzionatu baitu, eta hala egiten baitu orain ere, baina berrikuntzak egongo dira, urtero bezala, hori segurua da.

Inmersiones horretan oinarritzen da: aldatzen jarraitzea, betiere, sortzen ari diren artisten taldeari zerbitzu zintzoa eskainiz.

 

(2019ko azaroaren 21ean argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana