Jon Urraza: Egiara iristeko, zuzendariak aktoreak zuzentzen jakin behar du

  • Jon Urraza: Egiara iristeko, zuzendariak aktoreak zuzentzen jakin behar du
    Jon Urraza. Argazkia: Mikel Mtnez. de Trespuentes. UPV/EHU
ehu.eus

  • DataAzaroak 21
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Ikerlariak unitate didaktiko bat sortu du aktoreak zuzentzerako orduan zuzendari askok dituzten prestakuntza gabeziak orrazteko

Astelehena film laburra Jon Urraza zine zuzendari eta aktore euskalduna egiten ari den ikerlanaren aplikazio praktikoaren emaitza da. UPV/EHUko Ikuskizunaren Arteak eta Zientziak unibertsitate masterrean ikerketa bat egin zuen ikus-entzunezko lanetarako aktore zuzendaritzaren inguruan, eta, lan horren emaitza gisa, ikaskuntzarako unitate didaktiko bat ere prestatu zuen, epaimahaiaren aitortza jaso zuena.

Gaur egun, gainera, hasitako bideari jarraipena ematen ari da doktoregoan, Mike Leigh zinemagileari eta aktoreen zuzendaritzan oinarritutako bere sorkuntza prozesuari buruzko ikerketa batekin.

Urrazaren ustez, zuzendari askok prestakuntza gabeziak dituzte beraiekin lan egiten duten aktoreak zuzentzerako orduan. «Sistema pentsatuta dago zuzendariek lehen hartualditik bertatik emaitza ona ematen duten aktore esperientziadunekin lan egin dezaten. Aldiz, zuzendari hasiberri edo ikasle batek, oro har, esperientzia gutxiko aktoreekin lan egin beharra izaten du, sarri ikasleak edo baita amateurrak ere direnak», azaldu du aktore eta zine zuzendari euskaldunak. «Sinesgarritasuna, egia, da ziurrenik lan zinematografiko baten gauzarik garrantzitsuena. Bada, ez dago hori lortzerik pantailan agertzen diren pertsonak ez baldin badira sinesgarriak», nabarmendu du Urrazak.

«Sekretua zuzenean aktoreekin lan egitea da, benetako pertsonak diren irudipena jaso dezaten ikusleek, bizitza errealean bezala jokatzen duten pertsonak. Bada, hori lortzeko, aktoreen zuzendaritzari duen garrantzia eman behar zaio», gaineratu du.

Ildo horretan, Astelehena film laburra aktore amateurrek osatutako talde batekin sortu zuela azaldu du, guztiak ere Sopelan eman zuen antzerki tailer bateko ikasleak. Helburu jakin batekin egin zuen horrela: «Bilatzen duzuna baldin badakizu –entzute aktibo eta erreakzio organikoak, benetako elkarrizketak...– eta filmaren zuzendaritza helburu horretan oinarrituta planteatzen baduzu, lehen mailako aktoreekin lan egin gabe ere antzezpen lan ona lor dezakezula frogatu nahi nuen». Adibidez, espazio publiko batean filmatzen ari zarenean, aktoreak errealitatera hurbiltzen ari diren egiaztapena in situ lortzen duzu bertatik pasatzen ari direnetatik inortxo ere ohartzen ez denean antzezten ari direla: «Filmaketa egunetako batean, protagonistak Portugaleteko Bizkaia Zubian eszena bat grabatzen ari ziren, baimenik eskatu gabe eta kamera eta mikrofonoak ezkutatuta. Hainbat proba egin behar izan zituzten, eta, azkenean, zubiko langilea beraiengana hurbildu eta honakoa izan zien: ‘Baina, beno, berriz ere zuek hemen?’. Konturatu ere ez zen egin film bateko pertsonaia bat antzezten ari zirela».

Zuzendari bezala ez ezik, aktore gisa lan egin duen egitasmoetan ere bizi izan ditu egoera bitxiak Urrazak, batzuk baita arriskutsuak ere: «Behin Donostian Goenkale telesailerako eszena bat grabatzen ari ginen, gauez. Bertan, nire pertsonaiak Leonorri (Ainhoa Aierbe) eraso egiten zion, eta biak horma baten kontra borrokan hasten ziren. Bat-batean zuzendaria garrasika hasi zen: ‘Ez, ez, moztu! Gelditu! Gelditu! Film bat grabatzen ari gara!’. Bira egitean, gizon bat motor kasko batekin neu jotzera zetorrela ikusi nuen!», gogoratu du Urrazak. «Horrela konturatu ginen Ainhoa eta biok bide onetik gindoazela!».

Tesia

Masterreko ikerlana egiten ari zela, Urrazak Mike Leigh zuzendari ingelesak bere filmak egiteko garatutako metodoa ezagutu zuen, entsegu prozesuan zehar gidoiaren sorkuntza eta aktore zuzendaritza uztartzen dituena. «Leigh gidoia guztiz amaituta izan gabe hasten da aktoreekin lanean. Lehenik eta behin aktore bakoitzarekin indibidualki aritzen da, benetako pertsonen behaketa oinarri pertsonaia bat sortzeko. Ostean, inprobisazio prozesu luzeetan zehar, pertsonaien arteko harremanak garatzen dira bizipenez bitartez. Azkenik, filmean agertuko diren benetako lokalizazioetara joaten dira, bertan argumentua egikarituko duten eszenak sortzeko.  Horrela, elkarrizketak organikoki sortzen dira, idatziak izan beharrik gabe. Leighek ‘benetako mundu’ bat sortzen du lehendabizi, eta, ostean, mundu hori nola filmatu erabakitzen du», nabarmendu du.

Behin masterra amaituta, Jon Urrazak hasitako ikerketa prozesuari doktoregoan jarraipena ematea erabaki zuen, eta zuzendari ingelesa izan behar zela bere ikerketaren xedea ere bai. Hipotesi hau du Urrazak: Leighek erabiltzen duen metodoa erabilgarria izan daiteke bai etorkizuneko zinegileek aktore zuzendaritza ikasteko prozesuan erabil dezaten bai arte dramatikoko ikasleek kameraren aurrean nola antzeztu ikas dezaten. Izan ere, Leighen metodoa jarraituz, ikaslea/zuzendaria filmaren sorkuntza prozesu osoan aktoreekin lan egitera derrigortuta dago.

Urrazak ezin hobeto ezagutzen ditu eta «sakonki» miresten ditu zuzendari britainiarraren filmografia eta lan egiteko modua, eta Leigh berarekin hitz egitea ere lortu duela kontatu du hunkituta: «Mike Leighen ekoiztetxera mezu elektroniko bat bidali nuen itxaropen gehiegirik gabe eta berarekin hitz egitea lortu nuen. Leighek pozik lagunduko ninduela esan zidan bere laguntzaileak. Hori ikusita, Eneko Llorente nire tesi zuzendariak aholkatutakoari muzin eginez, galdera luzez betetako 10 orrialde bidali nizkion. Normala den bezala, ez zidan erantzun. Kontua da nik bere lanaren inguruan zenbat dakidan jakin zezala nahi nuela!», dio irribarre batekin. «Jarrian beste mezu bat bidali nion barkamena eskatuz, aurreikuspenen frustrazioari buruzko bere zita batekin, eta galdetegi laburrago bat erantzun zezan lortu nuen. Bigarren saio horretan, Leighek gaur egun bere metodoa nolakoa den azaldu zidan, bide batez nire ikerketaren iraunaldia egiaztatuz».

Tesiaren protagonistarekin izandako hartu-emana pizgarri izan da Urrazarentzat azkar amaitu nahi duen ikerketa lanean jarraitzeko. Hori bai, ez daki lortuko duen, zenbait lan egitasmo baititu esku artean, tartean ilusio handia egiten dion bat, bere bi pasioak uztartzeko aukera emango liokeelako: antzezpena eta irakaskuntza.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana