Umorea Labur, barrearekin hitzordua Arrigorriagan

  • Umorea Labur, barrearekin hitzordua Arrigorriagan

Abenduaren 9tik 14ra burutuko da Arrigorriagan, hamabigarrenez, Umorea Labur Jaialdia. Lanbarri Kultur Elkarteak antolatuta, udalerriko kultur agendan ikur den festibala gertutik ezagutu nahi izan dugu.

 

Lanbarri Kultur Elkarteak sustatutako egitasmoa da Umorea Labur Jaialdia. Zerk bultzatuta animatu zineten Jaialdia martxan jartzera?

Lonbo Aretoa zabaldu zenean animatzeko azkenengo bultzada izan zen. Gaur egun eragileen artean garai horretako Aitor Arenas (festibalaren zuzendaria) daukagu bakarrik.

Festibalaren hiru egileen artean kultura eta zinemarekiko interes handia zegoen, hirurak ikus-entzunezkoetan hasiak ziren. Beste aldetik, une gorena zen festibalen arloan. Lonbo Aretoa zabaldu berria zegoela, horretara aritu ziren.


18 edizio betetzen dituen honetan, festibalaren ibilbideko zein momentu azpimarratuko zenituzkete?

Momentu asko azpimarra genitzake, baina bi oso konkretu ditugu gogoan: 2002. urtea, Umorea Labur egitea erabaki zenean. Aurretik “Lonbarri” deituriko zinema erakustaldi bat egin zen, baina urte hartan lehiaketa modua eta umorezkoa egitea erabaki zen.

Eta bestea, Txema Blaskori ohorezko saria eman genionean. Berak esan zizkigun hitzak oso presenteak izan ditugu hortik aurrera. Baliabide asko genituela esan zigun. Eta hurbila izan gintezela eta gauzak pasioz egin genezala aholkatu zigun.


Argitasuna, sinplekeria, sarkasmoa, ironia... Umorearen aurpegi ezberdinak ohiko baliabidea dira genero literario, grafiko edo eszenikoetan... Zer ezaugarri propio hartzen ditu ikus-entzunezkoen lengoaian?

Beste generoetan bezala, antzerako errekurtsoak erabiltzen dira ikus-entzunezkoetan. Umorea oso zabala da eta era askotarikoa izan daiteke.

Hala ere, gerta daiteke ikus-entzunezkoetan beste arloek dauzkaten baliabide guztiak elkartzea, ikus-entzunezkoan bai grafikoa, eszenikoa, literario edo bestelakoa pieza berdin batean ikus daitekeelako.


Pasa den urrian itxi zenuten estatu mailan zabaldutako deialdia. Zer nolako lanak jaso dituzue?

Bitxia da, baina programatzaile guztiek bat egin dugu aurten jasotako lanek umorea ezkutuagoa daukatela ideiarekin. Umore sozialago bat da. Ohiko egoerak agertzen dira, baina ohikotasun horrek absurdoa diren egoeretara eramaten gaitu. Gaur egungo isla bat dela uste dugu.

 

(2018ko edizioko argazkia).

 

Urtero sektorean eskarmentu handia duen epai-mahia osatzen duzue. Zeintzuk dira filmen hautaketarako –eta saritzeko– lehenesten diren irizpideak?

Bi kasuetan erabakia subjektiboa da. Pertsona bakoitzak gustu desberdinak ditu eta epai-mahaiaren gustuak islatu egiten dira sarietan.

Gure aldetik irizpide zorrotzik ez dugu, mahaikideek beraien iritzia defendatzeko aukera izan dezatela gustatzen zaigu. Bakarrik eskatzen diegu pentsa dezatela algara bakarrik ez dela umorea. Barrea eta irribarrea kontuan har ditzatela ere.


Tokiko egileek euren leku propioa dute “Nosolopaja” sekzioan. Zer nolako erantzuna izaten du ekimen honek?

Oso erantzun ona izaten du, bai egileen aldetik zein ikusleen aldetik. Asko gustatzen zaigu gure herrikideek zer egiten duten jakitea.

Baina bai egia da lanen kopurua ez dela urtero berdina. Batzuetan laburmetrai asko ditugu, baina aurten, adibidez, nahiko proiektu handiagoetan daude egileak, eta horrexegatik trailerrak ikusi ahal izango ditugu (eta ez lan osoa).


Tokiko eragileen parte-hartzeaz gain, Arrigorriagako Institutuarekin eratu duzuen harremana oso estua da, festibalak udalerrian duen egonkortasunaren gakoetako bat bihurtuz. Nola gauzatzen da lankidetza hau?

Gertatu da gaur egun festibalean ari garenok Bigarren Hezkuntza ikasi genuela herriko Institutuan, eta bai zuzendariak zein irakasleak ezagutzen genituen. Horrek asko lagundu zigun gure ideiak garatzeko orduan. Gerora aurrera egitea oso erraza izan da, alde biek jarduera oso gogobetekoa eta egokia ikusten dugulako.

Gure aldetik, gazteen artean zinema eta kulturarekiko interesa sortzea helburu bezala planteatzen dugu. Eta institutuaren partetik gaur egungo prisma ezberdinetako erasoetan lan egiteko modu bat da, ikasgela inozoa baino entretenigarriagoa. Eta horretarako, haientzat proiekzio zehatz bat prestatzen da, gero ikasgelan landu dezaten.

 

(Rosario Pardo aktoreak jaso zuen iaz Ohorezko Txantxarria).  

 

20 urte betetzear zaudetelarik, nola sumatzen duzue Umorea Labur Jaialdiaren etorkizuna?

Gure sentsazioak onak dira. Oso pozik gaude festibalak duen erantzunarekin. Noski, beti hobera egiteko intentzioa dugu. Etorkizunean, nork daki.

Egia da gaur egun erakundeen laguntza ezinbestekoa dela halako festibal baten biziraupena bermatzeko. Azkeneko krisiak min handia egin zigun guk bezalako elkarteei, eta egunero entzuten dugu berri bat badatorrela… Hala ez izatea espero dugu.

 

(2019ko azaroaren 28an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana