'Genero programak eta politikak Kulturan' jardunaldiek ondorioztatu dutenez, kultura-sektoreak ez daude emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunetik at

  • 'Genero programak eta politikak Kulturan' jardunaldiek ondorioztatu dutenez, kultura-sektoreak ez daude emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunetik at

  • DataAzaroak 30
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak

Miramar Jauregiak hartu ditu topaketak, eta bertan azaldu dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatuta kultura-sektore ezberdinetan egindako ikerketak.

‘Genero programak eta politikak Kulturan' jardunaldiak egin dituzte gaur goizean Donostiako Miramar Jauregian, eta bertan gai honetan adituak diren emakumeek kultura-sektore nagusietan genero-ikuspegitik dagoen errealitatea azaldu dute. Topaketak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatu ditu, eta bertan zehatz-mehatz azaldu dira Jaurlaritzaren laguntzari esker kultur sektoretan egindako genero arrakalari buruzko diagnostikoak. Ondorioztatu dutenez, "Euskadiko emakumeen eta gizonen desberdintasunak kulturaren arloan ere islatzen dira"; horrela, enpresa eta erakunde kulturaletako zuzendaritzan emakumeen presentzia % 37koa da, eta, beste adibide bat aipatzearren, emakumeek idatzitako liburuek guztien % 34 dira.

Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak lagunduta, jardunaldietako hizlariek prentsaurrekoa eman dute goizean, eta jardunaldien ondorio nagusiak azaldu dituzte. Adierazi dutenez, sektore ezberdinetan egindako diagnostikoei esker egiaztatu ahal izan dute genero-ikuspegitik oraindik ere arazoak daudela ikusgarritasunari, soldata-desberdintasunari, zuzendaritza-postuetan emakumerik ez egoteari edo okupazio-tasari dagokienez.

Analisi horiek Kultura Auzolanean ekimenaren barruan bultzatu dira, eta prestigio handiko profesionalek egin dituzte, horiek ere parte hartu dutelarik gaurko jardunaldietan: Eneritz Artetxe Aranaz (antzerki-sorkuntza), Maria Goiricelaya Buron (antzerki-industria), Igor de Quadra Belausteguigoitia (dantzaren sorkuntza), Jemima Cano Martínez (dantzaren industria), Tere Irastorza Garmendia (literatura-sorkuntza) eta Ainhoa Novo Arbona (liburuaren industria), Ainara LeGardón Pérez (musika sorkuntza) eta Amaia Ispizua Gisasola (musikaren industria). Lau sektore horien diagnostikoak irailean aurkeztu ziren Kulturaren Euskal Kontseiluko kideen aurrean, eta horiei gehitu behar zaizkie 2017an ikus-entzunezkoen eta artearen arloan egindakoak.

Ondorioak

Ainhoa Novo EHUko Gizarte Zientzietan doktorea arduratu da jardunaldien ondorio nagusiak azaltzeaz. Adierazi duenez, "emakumeak diziplina guztietan prestatzen ari diren pertsonen % 70 dira, musikan izan ezik (% 56), eta emakumeak, berriz, enpresa eta erakunde kulturaletako zuzendaritzetan % 37 dira, diziplinen arabera ñabardura handiak dauden arren". Hala, disko-saltokietan ez dira % 10era iristen; liburu-dendetan, berriz, % 60 emakumeak dira. Dena den, gizonen presentziak nabarmenagoa izaten jarraitzen du.

Egindako diagnostikoen arabera, kulturaren munduan emakumeen okupazio-tasa (2018. urtea) Estatuan baino handiagoa den arren, Euskal Autonomia Erkidegoan alde nabarmena dago gizonen eta emakumeen artean: % 55,1eko okupazioa gizonen artean eta % 46,5ekoa emakumeen artean. Era berean, ikerketak erakusten du emakumeen presentzia nagusi dela kudeaketa- eta administrazio-postuetan (% 69,9), eta profil teknikoko lanpostuak (emakumeak % 43,8 dira) eta zuzendaritzako lanpostuak (emakumeak, % 37,1) gizonek betetzen dituztela batez ere.

Antzerkia

Antzerkiaren sektoreko egoerari dagokionez, Eneritz Artetxek eta Maria Goiricelayak azaldu dutenez, "emakume autore gutxi daude, autopertzepzioak eta ikusgai izateak dakarren zailtasunak eraginda, batez ere". "Zuzendaritzan aurrerapausoak nabari dira, nahiz eta parekotasunetik urrun egon, eta eragin ezberdina izan", adierazi du Ainhoa Novok. Era berean, performerren esparruan ere berdintasuna dago presentzian, "baina ez horrela karreraren iraupenean, ezta aktiboki irauteko eskakizun estetikoetan eta adinekoetan ere". Antzerkiaren sektoreko jantzigintzaren feminizazio izugarria ere nabarmendu dute.

Dantza

Adierazi dutenez, egoera desberdina da dantzaren arloan: konpainien % 53an emakumeak dira buru, eta emakumeak dira Goi Mailako Dantza Eskolan matrikulatutako lagunen % 82. "Dantza-konpainiak diru-laguntza publikoen mende daude % 66an; diruz lagundutako emakumeek zuzendutako konpainien presentzia formatuaren araberakoa da, emakumeen presentzia zenbat eta handiagoa, orduan eta txikiagoa”, azaldu dute.

Presentzia orekatu batera hurbiltzeko joera badago ere, 'eskaria' eta 'onura ekonomikoa' azpitik mantentzen dira. Dantza industria gisa aztertuz, desberdintasun egoera islatzen duen datu argigarri bat eman dute: "gizonek zuzendutako konpainiek 3,07 emanaldi dituzte, batez beste; emakumeek zuzendutakoek, berriz, 2,09". Era berean, "ospe handia duten konpainia handien" programazioan, emakumeek zuzendutakoak % 21era jaisten dira. Hala ere, pauso positiboak ematen direla ere adierazi dute: 2018ko koreografia sorkuntzarako diru laguntzetan % 66,7 emakumeentzat izan zen.

Literatura eta liburuaren industria

Literaturaren eta liburuaren industriaren alorrean, Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta Tere Irastorzak eta Ainhoa Novok egindako diagnostikoak islatu zuen "belaunaldi eta genero aldaketa bat ematen ari dela, bereziki 80ko hamarkadaren hasieran sortutako argitaletxeetan". "Familia estiloko enpresa txikietan editore eta kudeatzaile berriak sartzea konplexua izaten ari da", adierazi dute. Nolanahi ere, azaldu dutenez, emakumeek idatzitako liburuak gutxiago dira oraindik: % 34,1, oro har, eta % 37,5, fikzioaren alorrean. Egoera zertxobait hobea da haur eta gazte literaturan; izan ere, 2017an, Euskadiko tituluen % 40 emakumeek argitaratu zituzten. Era berean, jardunaldietan azaldu dutenez, “eskari eta teknologia berriek, genero ikuspegitik irakurketa espezifikoa duen lan editorialaren, kanon literarioaren eta sustapenaren inguruko eztabaida zabaldu dute”.

Musika

Musikaren arloan, Kulturklik plataformaren datuetan oinarrituta ondorio hau atera dute: 2017an diskoen % 59ak gizonen bat dauka egile nagusi; % 9ak, aldiz, emakumeren bat. Diskoen % 27ak egile mistoak ditu, non emakumeek % 31ko ordezkaritza duten eta gizonek, aldiz, % 69koa”. Horrela, agerian geratzen da diskoak sortzea dela emakumeen presentzia txikiena dagoen esparruetako bat. Euskal musika jaialdi nagusietan emakumezkoen presentzia urria ere islatzen du azterketak.

Kultura-sektoreetako genero-arrakalari buruzko diagnostikoak esteka honetan kontsulta daitezke: 

 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana