Gau Irekia, auzotik eta auzoarentzat eraikitako diziplina anitzeko programa

  • Gau Irekia, auzotik eta auzoarentzat eraikitako diziplina anitzeko programa

Bilboko San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetako errealitate soziokultural dinamikoaren bozgorailu izan nahi zuen Gau Irekia ekimena jarri zuen martxan Sarean Kultur Elkarteak 2012.ean. Urtez urte publiko eta kolaboratzaile gehiago biltzen joan da eta egun hiriburuko kultur hitzordu galduezinetako bat da. Aurtengo edizioa abenduaren 14an burutuko da eta ia 100 jarduera batuko ditu. Egitasmoaren ibilbideari eta aurreikusten dituzten erronkei buruz hitz egiteko Maria Larramendi elkarteko kidearekin egon gara.

 

Sarean Bilboko auzo zehatz hauetan eragiten duen kulturgunea da, non kulturarteko eta belaunaldien arteko elkartzea sustatzen duzuen, betiere auzoko eragile soziokulturalen, saltokien eta bizilagunen arteko kohesioa indartzeko helburuarekin. Zein da espazio honen historia eta zein da bere testuinguruan egiten duen ekarpena?

Sarean Kultur Elkartearen historia luzea da, hainbat eraldaketa prozesuetatik igaro da, baina jatorrizko helburuak eta nahiak beti mantendu izan dira, gaurdaino. Proiektu honen jaiotza ulertzeko historikoki Bilboko Auzo Garaien bereizgarriak izan direnak hartu behar ditugu kontutan: alde batetik langileriari eta migrazioari loturiko auzoak, politizatuak eta antolatuak izan dira. Beste alde batetik famatuak izan dira ere aisialdirako, sormenerako, plazererako, kulturarako guneak izan direlako. Sareanen lehenengo hastapena bi ezaugarri hauen uztarketan kokatzen da, 80ko hamarkadan: auzoko bizilagunen elkartearen eta auzoko artista eta eragile kulturalen arteko bat egitean. Guztion artean ireki zuten Kultur Bar deitu zena: auzoan kultura eta ekintzailetza soziala hedatzeko eta eskaintzeko lehenengotariko espazioa.

Kultur Bar-en lekukoa Txakur Berdea Sarea proiektuak hartu zuen Mariaren Bihotza Plazako espazio berean. Aurreko proiektuan sortu ziren erlazioak eta dinamikak egonkortu eta indartuz ibilbideari jarraipena eman zitzaion. Garaiko San Frantzisko auzoa estigma eta behar sozial handiko testuingurua zen, eta egoera honen aurrean, auzokideen elkarteek eta kolektibo ezberdinek elkarrekin auzoaren alde lan egiteko hautua egin zuten. Auzoaren hobekuntza prozesua hirigintza proiektuetatik at ulertzen zuten, honen aurrean bizilagunen arteko kohesioa eta kultur eskaintza eskuragarria bultzatzea zen proposamena. Musika, erakusketa, aurkezpen, antzezpen eta beste zenbait arloko ehundaka jarduera antolatu ziren bertan. Auzoarentzako funtsezko erreferente bihurtu zen Sarea bere zortzi urteko ibilbidean zehar.

 

(Txakur Berdea Sarearen garaiko irudi bat).

 

Txakur Berdea Sarea 2008an itxi zen, baina espaziorik ez izan arren, indarrak batuz lan egiteko gogoak bizirik zirauen. Espazioa berrirekitzeko eta proiektua berriro martxan jartzeko asmoz Espacio Plaza Elkartea sortu zen, Udalarekin elkarrizketa abiatuz Mariaren Bihotza Plazako espazioa berreskuratzeko helburuarekin; jada auzoak bere sentitzen zuen bilgunerako, ekintza sozial eta kulturalerako ezinbestekoa zen espazioa berreskuratzeko helburuarekin. Lokalaren itxierak 2015. urtera arte iraun zuen, baina tarte honetan, elkarteak ekintzak antolatzen jarraitu zuen. Garai honetan sortu zen Gau Irekia jaialdia: bizilagun guztiei zuzendutako deialdia antolatu zen, asanbladan batzeko, eta plazan espaziorik ez zegoenez gero, kalean programatzea erabaki zen. Egun bakarrean arratsaldez eta gauez, kolektiboki, auzotik eta auzoarentzat eraikitako programa osatzea jai giroan.

2015ean, udalarekin elkarrizketa prozesu luze eta neketsuaren ondorioz, azkenik, Mariaren Bihotza Plazako lokala berreskuratu genuen elkartearentzako. Sarean izenaren pean ireki zituen ateak lokalak, kudeaketa eredu berritzailearekin: Bilbao Ekintzak espazioak behar zituen konponketa lanak egin zituen, eta, hitzarmen baten bidez, elkarteari erabilera eta kudeaketa lagatu; elkarteak, beste alde batetik, jatetxearen eta tabernaren esplotazio ekonomikoa enpresa kudeatzaile batekin hitzartzeko baldintza jarri zuen udalak, eta hala egin zen. Hauxe da gaur egun Sarean Kultur Elkartearen gidaritza eredua: formula “berria” da, baina helburuak, praktikak eta grinak denbora luzean zehar aurrera eraman diren berdinak dira. Auzoan kultur eta gizarte-jardueren bilgunea sortzea, horixe izan da betidaniko nahia. Berriz ere lokal beretik, eta berriz ere Mariaren Bihotza Plazatik, Sarean oinarri honen gainean eraikitzen dihardugu.


Lehen aipatu duzue eta Sarean-en ekimen ezagunenetarikoa Gau Irekia da. Zein helbururekin jarri zenuten martxan?

Gau Irekia auzoko kultur elkarteak espaziorik ez zuen garaian sortu zen. Auzoan aurreko urteetan garatutako elkarlanari jarraipena ematea izan zen helburu nagusia. Kultura kalera ateratzea, auzoko espazio eta txoko guztietara hurbiltzea, eta hau modu guztiz irekian, kolektiboan eta parte-hartzailean egitea. Egun Gau Irekiaren hasierako asmoak ez dira aldatu: auzoaren inplikazioa bilatzen da, izan eragile artistiko-kulturalak, izan elkarte edo kolektibo sozialetako kideak, izan dendariak, bizilagunak… Gainera, parte-hartzaile hauen guztien arteko kolaborazioa sustatzen da: ekintzak proposatzen dituzten pertsonak eta espazioen erabilera eskaini nahi duten pertsonak kontaktuan jarri eta ekintza aurrera eraman dezaten elkarrizketan jarri daitezen. Azkenik, auzoaren ezagutza eta gure testuinguruarekiko begirunea sortzea oso garrantzitsua da: Gau Irekiara ekintzez eta programazioaz gozatzera datorren pertsona orori eskaintzen zaio egunerokotasunean ikusten ez dituen espazioak bisitatzea, normalean hurbilduko ez litzatekeen guneetara hurbiltzea, espazio publikoa okupatu eta jai giroaz kaleetan eta plazetan disfrutatzea.

 

(2018ko Gau Irekiak eman zuenaren bideo-laburpena).

 

Zortzi edizio igaro ostean, nolako ibilbidea egin du? Zein izan da bere bilakaera?

Ibilbidea aberasgarria izan da guztiz, fruituak eman ditu dudarik gabe. Argi antzematen da Gau Irekia auzoan errotu dela, auzoak berea sentitzen duela jaialdia. Edizioak igaro ahala auzoaren parte-hartzea ikaragarri igo da. Aurtengo deialdian, adibidez, beste urte batzuekin alderatuz, jasotako proposamenen kopurua bikoiztu egin da ia.

Gainera, eta azken boladako berrikuntza nagusia aipatzearren, pasa den edizioan, 2018ko Gau Irekian, bi proiektu berri lantzeari ekin genion. Gau Irekia egun bakarrean gertatzen den jaialdia izanda, bertan jazotzen diren gertakizunak eta potentzialidadeak denboran luzatzearen beharra sentitu genuen Sarean Kultur Elkartean. Hemendik jaio ziren Luzatu Gau Irekia eta Kontatu Gau Irekia programak.


Gau Irekiaren baitan ia 100 kultur ekitaldi antolatzen dituzue (musika, arte eszenikoak, hitzaldiak...), auzoko ia 50 espazioetan. Nola kudeatzen eta koordinatzen da hau bezalako programa bat?

Gau Irekia ekitaldi handia da, eta askotan jendea harritu egiten da hiru-lau pertsonako lan taldea garela azaltzen dugunean, baina hein handi batean hala da. Hala ere, jaialdiaren egunean eta aurreko asteetan pertsona gehiago batzen dira lantaldera, Gau Irekian gertatzen diren jarduera guztien jarraipena eta laguntza aurrera eramateko.

Koordinazioa ez da erraza, irailean deialdia irekitzen den momentutik, proposamenak jasotzen ditugunetik, eta jardueren zerrenda itxia dugunetik eragile mordoarekin elkarrizketan ibiltzen gara, baita espazioen arduradun askorekin ere. Pertsona ugariren aldibereko lana eta komunikazioa koordinatzea izaten da erronka eta zailtasun nagusia.

Zoramen puntu bat badu prestaketa prozesuak, baina oso lan polita da ere, auzokideekin, eragileekin, espazioekin erlazioan egoteko, hauek ezagutu eta haiekin hitz egiteko aukera paregabea da. Inplikatzen den pertsona ororen partetik ilusio handiz egiten den eraikitze prozesua da, eta oro har, maitasunez eta jarrera onaz egiten den zerbait da.

 

(2018ko edizioko beste momentu bat).

 

Arestian aipatu duzu iaz, testuinguru honetan, Luzatu proposamena aurkeztu zenutela, Gau Irekiaren inpaktuari nolabaiteko jarraipena emateko asmoz. Zertan datza ekimen honek eta zein emaitza eman ditu dagoeneko?

Bai, Luzatu programa (eta Kontatu ere) Gau Irekian sortzen den elkarlana eta energia, hain boteretsua dena, denboran zabaltzeko gogotik sortu zen. Luzatu Gau Irekia, hitz gutxitan esanda, elkarlanean oinarritutako eta gure auzoetan kokatutako proiektu kulturalen garapenerako programa da. Deialdi irekian, tokiko eragile ezberdinen artean (artistak, auzokideak, erakundeak) prozesu sortzailea planteatzen duten 3 proiektu hautatzen dira. Proiektu hauek Gau Irekia baino hiru hilabete lehenago garatzen dira, eta emaitzak jaialdiaren egunean aurkezten dira. Luzatu Gau Irekiaren eragina denboran zehar zabaltzeko eta harremanen eta kolaborazioaren eraldatzeko ahalmenean sakontzeko erronka da. Pasa den urteko esperientzia ikaragarria izan zen, hiru proiektu eder sortu ziren Luzatu programatik: “Antitour”, auzoaren memoria historikoaren inguruko antzerki-proposamena; “Huerto Azotea 34”, CEAR, Harrobia Ikastola, KoopSF34 eta Sanfraneko Hiri Ortuaren artean garatutako proiektua; “Vamos a hacer una peli”, Ane Rodriguez eta Maider Aldasoro artistek Nevipen Ijito elkarteko ume eta gaztetxoekin sortutako prozesu artistiko-aisialdikoa. Aurtengo edizioan Nevipén eta Ane Rodriguez eta Maider Aldasororen arteko elkarlana sakonduko da, Okela Sormen Lantegiaren kolaborazioa gehituz, “La Nave” deituriko proiektuan. Honez gain, “Sanfran Mahaira”, auzoko gastronomiaren inguruko ikusentzunezko ikerketa lanaren emaitzaz gozatu ahal izango dugu Gau Irekiaren egunean, Cocinar Madrid taldeak auzoko bizilagunekin aurrera eramana. Aurtengo hirugarren Luzatu hautatua, “Zimenduak” izan da, Munduko Emakumeak, La posada de los abrazos eta Galtzagorri Sanfraneko Talde Feministaren artean egina, auzoko emakumeen etxeko memoriaren inguruko hausnarketa artistikoa dena.

 

(2018ko edizioan egindako Anti-Tour proposamena, Luzatu deialdiaren baitan garatutakoa).

 

Kontatu Gau Irekia, bestalde, jaialdiaren ikuspuntu eta ñabardura ezberdinak islatzeko ahalegina da, perspektiba, iritzi eta ibilbide aukera pertsonalak plazaratzeko ahalmena. Pasa den edizioan, Colaboraborako Ricardo Amasték, Pikara Magazineko Andrea Momoitiok eta Jon Arretxe idazleak parte hartu zuten Kontatun. Bakoitzak jaialdiaren inguruko haien bizipenaren kontakizuna utzi zuten testigu bezala, erregistro bezala, ekimenaren eguna igarota jaialdiaren itzala denboran luzatzeko asmoz. 2019ko edizioaren Kontatu programa zertxobait ezberdina izango da, modu dinamikoagoan gauzatuko da: Curruscu estudioarekin egingo dugu, Instagrameko esku hartzearen bidez. Curruscu Bilboko ikus-entzunezko estudioa da, bideo sozialetan espezializatuta dagoena. Aurten Sareanen komunikazioan haiekin ibili gara lanean, eta Gau Irekiarako ere, elkarlan hau hedatzea eta haien ikuskera pertsonala jaialdiaren komunikazioan txertatzea ideia oso polita iruditu zitzaigun.


Sareanek (eta Gau Irekia ekimenak, zehazki) auzoko memoria berreskuratzeko eta berri bat eraikitzeko lan andana egiten du. Zeintzuk dira bide honetan topatzen dituzuen zailtasunak eta zeintzuk duzuen ereduaren arrakastarako gakoak?

Egia da auzoko memoria eta historia Sareaneko eguneroko jardunean oso presente daukagun lan ildoa dela. Adibidez, norabide honetan, pasa den urtean, Arriguri taldearekin Sareanen historiaren inguruko bideoa argitaratu genuen, auzoko mugimendu artistiko eta sozialaren bilakaera historikoa ezagutarazteko asmoz. Bideo hartan lehenik eta behin argi ikusten dena zera da: kontakizunaren eta proiektu beraren izaera kolektiboa. Gure praktika ororen zentroan kokatzen den zerbait da: auzokideekin, elkarteekin, eragileekin erlazioak sortzea eta zaintzea, elkarlanean gauzak egitea. Memoria eta historiaren lanketan (beste ildoen lanketan bezala) arrakastarik lortu dugula esan ahalko bagenu, gakoa, dudarik gabe, egunik egun, urteetan zehar, auzo honetan hainbat pertsonek sortu duten auzo mugimendu sare indartsua litzateke. Antolatzeko, elkarrekin hitz egiteko eta batera ekiteko nahia eta ahalmena.

Adibide bat jartze aldera, urtarrilean Auzoko Zaporeak proiektua jarri genuen martxan: auzoko errezeta liburu kolektiboa. Proiektu honen motibazio nagusia gure auzoan aurkitzen diren bizi esperientzia, jatorri eta adin ezberdinen sukaldaritzaren bidezko adierazpena bilatzea zen. Postontzitxo bat kokatu genuen Sareanen eta jendea gonbidatzen hasi ginen bere errezeta bertan uztera. Errezetarekin batera, aurkeztutako plateraren inguruko gogoeta txikia egitera gonbidatzen ditugu partaideak, pare bat galdera sinple eginez: “Zeinek erakutsi dizu errezeta hau egiten?, Zergatik erabaki duzu errezeta hau aurkeztea?” Kontua da gure sukaldaritza ohiturei buruz galdetzea gure bizi istorioen inguruan galdetzea dela, eta bizilagun ezberdinen istorioetan argi antzematen da gure auzoaren memoria anitza eta aberatsa dela, ezagutarazteko modukoa.

 

 

Honez gain, eta batez ere, Gau Irekian (eta Sareanen, urtean zehar) aurrera eraman dugun eredua auzoan memoria eta historia lantzen duten proiektu oso potenteei lekua uztea eta ikusarazi daitezen gure babesa ematea izan da. Esate baterako, lan ildo hau jorratu ahal izateko, biziki garrantzitsua izan da lehen aipatutako Luzatu Gau Irekia programa: denboran zehar eta bizilagunekin eta auzoko kolektiboekin elkarlanean memoria jorratzen duten bi proiektu emankor jaiotzen ikusi ditugu: pasa den urtean “Anti-Tour” eta aurtengo edizioan “Zimenduak”. Gau Irekian eta Sareanen erakusketa formatuan jaso ditugun beste proiektu batzuk lirateke “Ellas”, auzoaren emakumeen inguruko memoria biltzen duen ikerketa artistiko proposamen benetan ederra, edo auzoko historialaria eta laguna dugun Arturo Izarzelaiaren lana “San Frantziskoren bihotzean” altxor txikia den liburua argitaratua duena.

Munduko txoko guztietan bezala, gure auzoko kaleetan istorio harrigarriak, zailak, ederrak gertatu izan dira urteetan zehar. Bizi esperientzia hauei atentzioa jartzea, entzutea eta gure identitate kolektiboaren eraikuntzan haien lekua eta garrantzia aitortzea gaur egun behar beharrezko ariketa dela uste dugu. Gainera, egun bizi ditugun problematiken eta zalantzen aurrean erantzuteko eta erresistentzia eraikitzeko bide eraginkorra da.

 

(Mariaren Bihotzaren Plazako giroa).

 

Nola nahiko zenukete, hurrengo edizioei begira, Gau Irekia hastea/garatzea?

Gure lehenengo nahia, noski, Sarean proiektuaren eta Gau Irekiaren hurrengo urteetako osasuna eta bizirik irautearen aukera baieztatu ahal izatea litzateke. Gau Irekiak ekitaldi handiaren itxura badu ere edo Sarean guztiz erroturiko proiektua dela uste dugun arren ziurgabetasuna eta ezegonkortasuna inguruan dituzten proiektuak dira. Kultur esparruan maiz gertatzen den egoera da hau, dirulaguntzen dinamiken eta orokorrean finantziazio ereduen ondorio prekarioak direla eta.

Sarean Elkartetik Gau Irekiak edizio gehiago izan ditzan lan egiten jarraituko dugu, urte hauetan sortu diren kolaborazioak eta erlazioak sakontzen. Zentzu honetan nahiko genuke proiektua garatzea, baliabideak edukitzen jarraitzea sortu diren elkarlanak elikatzeko, fruituak ematen jarraitu ditzaten. Auzokideak eta espazioak jaialdian parte hartzeko gogoak eta ilusioa edukitzen jarraitzea, eragileen inplikazioan sakontzea, Gau Irekia guztiona dela sentitzen jarraitu dadila.

 

(2019ko abenduaren 2an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana