"Euskal Gaizkileak", krimenak sormenerako hazia direnean

  • "Euskal Gaizkileak", krimenak sormenerako hazia direnean

Gure historian zehar jazotako hilketei buruz ailegatu zaizkigun kontakizunak asko dira: Martin Larralderena, Goizuetako Trabukorena, Joxe Frantzisko Tejeriarena (Gipuzkoan garroteaz hiltzera kondenatu zuten azken pertsona)… Izenez ezagunak ditugu, gertatutakoak bertso edo kantuen bitartez jasoak izan zirelako. Hemendik abiatuta, Zuzeu orainkari digitalean urrats bat eman dute aurrera, eta istorio hauek fikzionatu eta podcast saio bat sortu dute: “Euskal Gaizkileak”. Beñat Hach Embarekek, egitasmoaren zuzendariak, kontatu dizkigu proiektuaren inguruko nondik-norakoak.

 

“Euskal Gaizkileak” Podcast Saioa arrakasta handia ari da izaten Zuzeu Agerkari Digitaleko edukien artean. Zertan datza serie honek?

Kontatzen ditugun istorioek bi ezaugarri nagusi dituzte: batetik, errealitatean gertaturiko krimen bat fikzionatzen dugu; eta bestetik, krimen horren inguruan egindako abesti bat jaso edo krimenaren inguruko bertso jarriak musikatzen ditugu. Euskal Herrian asko izan dira azken mendeetan jendartearen memorian gordeta geratu diren hilketak... Zortzi atalez osatutako denboraldia antolatu dugu: lau atal emititu ditugu jada, eta hurrengo lauak urtarrilaren 9tik hasita, ostegunero.

Punta-puntako produktua da. BIEUSEko bikoiztaile profesionalek egin dituzte aktore lanak, Iñigo Etxarri soinu teknikari bikainak animaleko lana egin du audioak josten, eta amaieran abesti zoragarri batek guztia borobiltzen du.


Urriaren 10ean argitaratu zen lehenengo podcasta, baina ahozko zein idatzizko tradizioaren bitartez transmititu zaizkigun euskal gaizkileen istorioak jasotzearen ideia lehenagotik dator. Zein da bere jatorria?

Kasu honetan euskaldunok beste hamaika herrialdeetan egin duten gauza berbera egin dugu historikoki: hilketak eta krimenak kantuz kontatu. Anglosaxoiek “murder balads” deitzen diote generoari. Euskal Herrian gehien zabaltzen ziren bertso paperen artean zeuden urkaberako kantak; hots, exekutatu edota zigortu behar zuten gaizkilearen eta bere krimenen nondik-norakoen berri ematen zuten bertso paperak.

“Euskal Gaizkileak” podcastaren kasuan, arrakasta handia izan duten bi lehengai nahasten ditugu. Batetik, “murder balads” delakoa, krimenaren inguruko kantua; eta bestetik, “true crime” podcast generoa, egiazki gertatutako krimenen berri ematen duena.


Internetenen bidez zabaltzen den formatua dugu podcasta, genero beltza jorratzeko oso erabilia. Zergatik da, zure ustetan, gai hauek lantzeko hain formatu aproposa?

Nire ustez podcastak badu literaturak duen indargune handi bat, eta hori da hartzaileari mundu bat irudikatzeko malgutasuna ematen diola. Gure kasuan entzuleak pertsonaien aurpegiak irudikatzen ditu, paisaiak, eszenatokiak… beti ere guk ematen diogun informazioarekin, bai ahotsen bidez baita soinuen bitartez ere. Eta entzuleak suspensea edo ikara sentitzen badu, bere beldurrekin eraikiko du kontakizunaren testuingurua (pelikula batean ez bezala, non dena eginda ematen dizuten).

Erritmo erakargarri bat, hari narratibo polit bat eta soinu gama zabal bat eskainita, entzulea erabat harrapatuta gera daiteke istorioan. Horrez gain musikak ikaragarrizko ekarpena egiten du.

 

(Beñat Hach Embarek, "Euskal Gaizkileak" saioaren zuzendaria. Argazkia: Anartz Bilbao)

 

Bideoek ikuslearen arreta osoa eskatzen dute. Guk ere gure podcastak arreta handiz entzuteko gomendioa egiten dugu, ñabardura asko baitaude, baina entzun daitezke autoan, paseatzen zoazen bitartean edo etxea garbitzen ari zarela. Nik etzanda entzuten ditut, lasai-lasai eta bolumena igota.


Gidoilari aritu zara serie honetako saioetan. Nolako lana ari da izaten? Zein iturri kontsultatu behar izan dituzu?

Ardura handia sentitu dut, jabetu bainaiz gure taldeak apustu handi bat egin duela proiektu hau aurrera ateratzeko. Gaia bera gustuko dut, eta plazer bat izan da dokumentatzea, irakurtzea, handik eta hemendik estimatzen dudan jende bati galdezka aritzea… Niretzako lan berri bat izan da, eta ahalik eta hobekien egiten saiatu naiz, bai dokumentazio lana, eta baita hari narratiboak ere.

Dokumentatzeko asko erabili dut sarea, baita libururen bat edo beste. Inguruan ere laguntza handia eman didan jendea izan dut, gaiaz asko zekiena. Funtsean, ez dut ikerketa lanik egin behar izan, guztia baitago jasoa; jasota zegoen hori fikziozko podcast batera moldatzea izan da egin dudan lana.


Aipatu bezala, grabazioak egiteko BIEUSE Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin ari zarete lanean. Nola gauzatu da elkarlan hau, zein ari da izaten euren papera?

BIEUSEko lagunak greban daude. Greban, EITB-k bikoizketa eta euskarazko fikzioan hutsune izugarri bat daukalako. Ezagutzen genituen, eta proiektua elkarlanean ateratzeko ideia proposatu genienean berehala batu ziren.

“Euskal Gaizkileak” saioak ez luke inondik inora orain duen kalitatea izango haiengatik ez balitz, eta hori ahal dugun bezala eta ahal dugun baldintzetan egiten dugula lan… pentsa baldintza duinak izanez gero zer lortu ahalko litzatekeen.


Laguntza honetaz gain, lantalde handia dago saio bakoitzaren atzean. Zenbat pertsona behar dira kapitulu bat aurrera eramateko? Zein eginbehar ezberdin dago?

Nik krimenak hautatu eta gidoiak idazten ditut. Jarraian, lankideek beraien iritzia ematen didate, aldaketak proposatuz, eta zuzendu ere etxeko batek egiten du. Ondoren Xabier Alkizarekin jartzen naiz harremanetan, BIEUSEko lagunen koordinatzailearekin. Berak gidoiak irakurri eta pertsonaia bakoitza nork egin dezakeen pentsatzen du. Ondoren grabaketak antolatzen ditu ahalik eta egun gutxiren barruan, eta hor Iñigo Etxarri soinu teknikariarengana jotzen dugu, IN Estudiora.

 

(Saio baten grabaketan ateratako irudia).

 

Grabaketetan aktoreek haien atalak irakurtzen dituzte, Xabi eta ni bertan gaudela, eta Iñigok grabatzen duen bitartean. Grabaketa horiek amaitzean, Iñigok beltz egiten du lan musika konposatuz, audioak dagokien ordenean jarriz, soinu efektuak sartuz… Atala amaitzen duenean biok elkartzen gara azken ukituak emateko. Guzti honetaz aparte, kantua egin behar bada, musikari batekin jarri behar nintzateke kontaktuan.


Bai, Rafa Ruedak edo Joseba Irazokik, esaterako, parte hartu dute aurreko kapituluetan. Zein izan da egile hauen ekarpena proiektuaren osotasunari?

Josebak “Berdabioko atea” kantua egin zigun, Goizuetako gai bera jorratzen duen beste aldaera batekin, ahanzturan geratu diren bertso batzuk musikatuz. Aita Donostiak Aranazen jasota aldaera bat hartu eta pieza berri bat sortu zigun.

Berdina egin zuen Rafa Ruedak, Aiako Joxe Frantzisko Tejeriaren inguruan egon baitaudelako bertso jarriak, baina inork ez zituen musikatu gaurdaino.


2020ko urtarriletik aurrera lau saio berriak entzun ahal izango ditugu. Zein izango da “Euskal Gaizkileak” saioaren etorkizuna? Aurrera jarraitzeko asmorik baduzue?

Guk jarraitu nahi genuke proiektuarekin, baina baldintzak hobetu behar genituzke. Denok jarri dugu gure aldetik denbora asko. Proiektu hau, neurri handi batean, militantziari esker atera dugu aurrera. Orain erakutsi dugu zer egiteko gai garen, emaitza profesional bat lortu dugu; eta horrek finantzazioa merezi du. Finantzazioa hori lortzen badugu ziur aurrera egingo dugula… bestela, ikusi behar.

Nik nahiko nuke honekin segi. Izugarri gustura nago lortutako emaitzarekin, eta gainera, jada pentsatzen hasia nago hurrengo denboraldirako gaizkileen inguruan… Ea posible den ideia horiek podcast bihurtuta ikustea.

 

(2019ko abenduaren 19an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana