Jaione Apalategi, Oteiza Fundazioaren presidente berria

  • Jaione Apalategi, Oteiza Fundazioaren presidente berria
    Oteiza Fundazioaren Patronatua

  • DataUrtarrilak 15
  • Gaia Museoak

Moneok Fundazioari lotuta segituko du Fundazioko patronatu-kide eta ohorezko presidente gisa

Gaur, 2020ko urtarrilak 14, Oteiza Fundazioaren patronatuak erabaki du Jaione Apalategi irakaslea Jorge Oteiza Fundazio Museoaren presidente berri izendatzea. 2014ko martxoaren 23az geroztik karguan aritu den Rafael Moneoren tokia hartuko du Apalategik.

Jaione Apalategi, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko Didaktika eta Eskola-Antolakuntza jakintza arloko irakasle titularra, Jorge Oteizaren Fundazio Museoaren patronatuko kidea da hura 1996an sortu zenez geroztik.

Horrela, Jaione Apalategik Rafael Moneok izan duen kargua hartuko du orain, betiere patronatu barnean karguetan ohiz izaten diren aldaketen bidetik, eta Fundazioaren Barne Araubidean jasoarekin bat. Rafael Moneok, bere aldetik, Oteiza Fundazioari lotuta segituko du, Fundazioko patronatu-kide eta ohorezko presidente gisa.

Oteiza Fundazioaren patronatuak eskerrak eman dizkio Rafael Moneori, Oteiza Fundazioaren presidente gisa egin duen lanagatik; izan ere, “lan funtsezkoa izan da, Fundazioaren helburuak berrantolatzera zuzendutako ekintza ugari bultzatu baititu, Jorge Oteizaren obraren balioespenean laguntzeaz batera”; horretaz gain, hark erakutsitako “giza berotasun eta anbizio intelektuala” azpimarratu ditu patronatuak.

Jaione Apalategik, bere aldetik, eskerrak eman ditu izendapenagatik, eta “Patronatuko beste kide guztien ekarpen eta ahaleginak biltzen eta metatzen segitzeko borondatetik lan egiteko” asmoa adierazi du halaber.

Oteiza Fundazioaren patronatuak, sortu zuten une beretik, zenbait presidente izan ditu: Juan Huarte enpresari eta arte mezenasa izan zen lehena, ondoren saiakera idazle eta arte aditu Pedro Manterola aritu zen karguan, hurrena Francisco Calvo Serraller historialari, saiakera idazle eta arte kritikaria izan zen, eta azkena, berriz, Rafael Moneo izan da.

Jaione Apalategi Pedagogian lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, 1982an. UPV/EHUn doktorea, 1994an, Eskola erakuntza eta hologinguistika tesiarekin. Iruñeko Irakasle Eskolako irakaslea (1988-1991) eta Nafarroako Unibertsitate Publikokoa 1990etik gaur arte. Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko eta Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko Didaktika eta Eskola-Antolakuntza ezagutza arloko irakasle titularra da. Haur Hezkuntzako irakasle graduan, Lehen Hezkuntzako irakasle graduan eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Unibertsitate Masterrean irakaslea.

Hezkuntzaren teoriaren eta praktikaren arloko ikertzailea, bi liburu argitaratu ditu bakarka, eta beste zenbait elkarlanean, aldizkari eta euskarri digitaletako artikuluekin eta biltzarretan egin komunikazio eta ponentziekin batera. Institut de recherche sur les socieétés et l’aménagement (IRSAM) de la Université de Pau et des Pays de l’Adour (UPPA) delakoaren irakasle gonbidatua.

Unibertsitate kudeaketaren arloko zenbait kargutan aritu da 16 urtez, Psikologia eta Pedagogia Saileko zuzendariorde gisa (1992-1996);  Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko dekanorde gisa (1996-2000), dekano (2000-2004) eta dekanorde gisa (2008-2012). Esperientzia handia metatu du doktore tesietako eta unibertsitate-kidegoetako sarreretako epaimahaietan.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana