Jose Mari Iparragirre, XIX. mendeko espiritu librea

  • Jose Mari Iparragirre, XIX. mendeko espiritu librea

Urretxuk bere bizilagun ezagunenaren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatuko du aurten. Horretarako, egitarau bat osatu dute ekitaldi ugarirekin, eta ahalegin handia egin dute konpositore, abeslari eta poetaren ekarpenari buruzko ikerketa berriak egiten lagunduko duen material dokumental ugari berreskuratzeko. Maialen Fidalgo udaleko kultura zinegotziak eta programa antolatzen duen herri batzordeko presidenteak programaren nondik norakoak azalduko dizkigu.

 

Jose Mari Iparragirre mundu osotik aritutako euskal poeta eta abeslari aitortua da. Zeintzuk dira bere garrantzia eta ondorengoengan izan zuen eragina ulertzeko faktoreak? Zerk bihurtu zuen euskal kulturaren ikur?

Beti esaten dugu Iparragirre bere garairako oso pertsona aurrerakoia, “modernoa” izan zela. Nolabait esatearren, kontzeptua asmatu baina lehenagoko hippie bat. Pertsona aurrerakoi hauek oro har gerora izaten edo jasotzen dute gizartearen errekonozimendua, ondorengoengandik, eta ez garaikideengandik. Jose Mariren kasuan, ordea, bere garaian ere miresmen izugarria sortzen zuen gizona izan zen. Baliteke bere garaikoek espiritu erreibindikatzaile hura mirestu izana.

Gaur egun aldiz, garaian ohikoa ez zen bere mundutar izaera, moderno eta aurrerakoia da gehien miresten duguna.


Urretxuarraren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzue. Zein helburu nagusi bilatu duzue ekimen honekin?

Proiektuaren helburua bikoitza da: batetik, Iparragirre urretxuarron artean ezagutzera ematea, herritarra dela dakigun arren, gutxi baitakigu, oro ar, benetako Jose Mariren eta bere lorpen eta ekarpen guztien inguruan. Ez diogu merezi duen pisua aitortu, berak egindakoen garrantzia ezagutzen ez dugulako agian. Beraz, lehen helburua zor hori kitatzea zen, Iparragirre benetan ezagutuz.

Bigarren helburua Urretxuren izena munduan ezagutzera ematea da, Jose Mari Iparragirre gidari hartuta. Orain 200 urte gure herriaren izena munduan zehar zabaldu zuen berak, eta orain bere figura eta bere itzal handi hori izango da ezagutzera emango gaituena.


Duela bi urte prozesu parte-hartzaile bat jarri zuen martxan udalak hitzordua ospatzeko, edozein herritarrak, elkartek edo erakundek proposamenak aurkezteko aukera izan zezan. Nolakoa izan da prozesu hau? Nola joan da garatzen bi urte hauetan zehar?

Herritarron parte-hartzea eskertzeko modukoa izan da, pozik egoteko modukoa, zalantzarik ez.
Ondo diozun moduan, 2018ko ekainean lehen aurkezpen-bilera egin genuen. Artean ez genituen proiektuaren nondik norakoak ezagutzen, data eta epemuga zehatzik ere ez genuen… baina aretoa bete zen.Herritarrek jakin-mina zuten eta lanerako prest agertu ziren.

Kolektibo ezberdinetako ordezkariak eta herritarrak bildu ziren. Proiektuaren bi helburu edo ardatz nagusiak ezagutzera eman genituen (aurreko galderan aipatutakoak) eta proposamenak jasotzeko epea ireki zen.

Ordutik aurrera hamarnaka proposamen jaso ditugu, eta eragileekin biltzen joan gara hauek zehazteko eta proiektu eta eragileen arteko sinergiak eta elkarlanak aurkitzeko.Gehienetan era naturalean sortu dira elkarlan hauek.

Askotan esaten dugu orain artekoa prestaketa lana izan dela, baratzaren metafora jarraituz, orain arte lurra lantzen eta haziak ereiten jardun dugu eta hemendik aurrera landatutako horrek ze fruitu ematen dituen ikusiko dugu.


Esan bezala, urteurrenaren programazioaren baitan hainbat kolaborazio egin dituzue, hala nola Loraldia Jaialdia edo Musika Hamabostaldiarekin. Nola ehundu dituzue harreman hauek? Zertan gauzatuko dira?

Bai, hasieratik argi genuen ospakizuna ezin zela Urretxura mugatu, Iparragirreren itzala ez baita gure herrira mugatzen. Horrek ospakizunak plaza ezberdinetan egin behar genituela esan nahi zuen, bertako agenteekin batera.

Proiektua aurkeztu genuenean herrian egin genuen, baina medioek ere zabaldu zuten deialdia; gainera ezin dugu ahaztu gure herritarren esparru eta toki ezberdinetako jende askorekin eta askotan jardundakoak direla, beraz Iparragirre 2020 proiektuaren oihartzuna urrutira heldu zen, eta eragile ezberdinek beren interesa azaldu ziguten.

Horrela gauzatu ziren Loraldiaren antzezlana, Bilbo eta Donostiako kontzertuak, ETBrekin harremanak, Madrilgo ospakizunak, etab.


XIX. mendeko pertsonaiaren omenaldiaren baitan bada ere, programako emanaldietan gaurkotasun handia duten gaiak jorratuko dira, genero ikuspegia edo migrazioa, esaterako. Nola uztartu dituzue bi auzi hauek, 200 urteko bidaia dela kontuan izanda?

Iparragirreren inguruko ezjakintasunaz hitz egiten dugunean hortaz ari gara, hain zuzen ere. Abeslaria ezagutzen dugu, Gernikako arbola idatzi zuen foruzale hura; baina ez dugu orain 200 urte zeuden medioekin Europan zehar ibili zen gizona ezagutzen, exiliatua, migratzailea, abertzaletasuna existitzen ez zen garaiko abertzalea, euskal kulturak izen hori ez zueneko euskaltzalea. Ezkondu zela badakigu, baina ez dugu Angela Kerexeta ezagutzen, emakume haren indarra, izan zuen bizimodua, Iparragirrerengan izandako eragin itzela…

Iparragirrek duela 200 urte bizitako gaiak dira, eta artean bizirik dauden auziak, egunero egunkarietan ikusten ditugunak. Zalantzarik gabe, Iparragirreren figura aztertu eta ezagutzearen beharra eta balioa indarrean jartzen du horrek.


Urretxuko Udalak Zumarragakoarekin batera urtero antolatzen dituen Iparragirre Literatur Sariek ere edizio berezia izango dute urtemuga honetan. Zein ibilbide egin dute sari hauek, 1992. urtean martxan jarri zirenetik?

Atal honekin hasi baino lehenago, orain aste gutxi utzi gintuen Patxi Andioni aipamen berezia egin nahiko genioke. Berak sari hauen epaimahaikidea baitzen eta hauekin harreman oso estua izan baizuen beti.

Ondo aipatu duzun moduan, literatur sariak 1992an jarri ziren martxan eta beti helburu eta asmo bera izan badute ere –literaturari eta bereziki idazle gazteei bultzada bat ematea– 1997.urtera arte ez zuten egun daramaten izena hartu: Iparragirre Sariak.

Lehen etapan Urretxu eta Zumarragako Kultur Batzordeetako Sariak izena zuten. Xumeagoak ziren, eta poesia eta narratiba bakarrik saritzen ziren. Denbora pasa ahala, eta sarien sustatzaile nagusi izan diren Felix Maraña edo Jose Luis Padronen eta bi herriotako kultur teknikarien lanaren eraginez, saria indarra hartzen eta hazten joan zen.

Aipatu bezala, 1997a urte garrantzitsua izan zen, bi udalen arteko elkarlana sendotu zelako, sariei Iparragirreren izena eman, diru-sariak hobetu ziren eta irabazitako lana argitaratzen hasi ziren. Azken hau urrats benetan garrantzitsua izan da. Baina ez hori bakarrik, sariketa zabaldu eta “bertsoak” kategoria sortu zen.

Egun, 27 urte beranduago, sariak erabat egonkortuta daude literatura arloan eta sormenaren eta elkarlanaren erreferente dira; sortzaile berriak ezagutzera ematen dituztelako batetik, eta bi herriren arteko elkarlanaren eredu direlako bestetik.


Iparragirre 2020 programara itzulita, zer nabarmenduko zenukete osatu duzuen eskaintza anitz honetaz?

Ba galderan esan duzun bezala, aniztasuna nabarmenduko nuke. Programari begirada bat eman eta berehala agertzen dira herritik sortu diren proiektuak eta kanpoan egingo direnak, haurrei zuzendutakoak eta helduentzat prestatuak, profesionalak eta amateurrak, egun bateko jarduerak edo jarraipenekoak, taldean eginikoak edo pertsona bakarrak proposatutakoak, musikaren arlokoak, antzerki mundukoak, dantza proposamenak, literarioak, etab. Eta den-denek, bere aniztasun eta desberdintasun guztiekin proiektu bakar eta partehartzaile bat osatzen dute: Iparragirre 2020.

Egia esan zoragarria izan da jendeak agertutako parte hartzeko grina eta lanerako interesa. Udalak babesle eta koordinatzaile lanak egin ditu eta egiten jarraituko du, baina proiektuak jenderenak dira, herritarrenak. Eskerrik asko berriro ere!


Iparragirreren sormen gaitasunaren inguruko hainbat hausnarketa eta gogoeta mahai-gaineratuko dira testuinguru honetan, bere lana eta figuraren garrantziaren transmisioan mugarri izango direnak. Zein nahi duzue izatea programa orokor honen ekarpena ildo honetara?

Bai, hasieran ez dugu aipatu, baina bada beti argi izan dugun beste helburu bat: ondarea. Bai materiala zein immateriala. Iparragirre 2020ak herrian eta herritarrengan bere eragina eta marka utziko du zentzu honetan. Programa prestatzeko, esaterako, 1920ko eta 1981eko ospakizunen inguruko informazioa benetan baliagarria izan zaigu, eta ospakizun haien ondorioz sortutako material guztia. Guk ere gauza bera egin behar dugu, zor hori dugu herriarekin eta Jose Marirekin: zerbait sortzea.

Horren harira, lehen pausua Iparragirreren inguruko informazio eta ondare guztia katalogatu eta jendearen esku uztea izan zen. Nola gauzatu ahal genuen lan hau? Webgune baten bitartez. Batetik informazio eta dokumentu gordailua lortzen genuen, eta bestetik Urretxu Iparragirreren inguruko informazio bila dabilen edonorentzat erreferente bihurtzen ginen. Dena irekian eta eskuragarri dago.
Sortuko diren produktu eta emaitza berriak ere Urretxuren ondare bihurtuko dira: liburuak, ibilbide turistikoak, hauek osatzeko egin diren ikerketa lanak, urteurrenerako sortutako musika piezak eta moldaketak, etab.

 

(2020ko urtarrilaren 22an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana