Abian da Elías Querejeta Zine Eskolako 2020-2021 ikasturterako onarpen aldia

  • Abian da Elías Querejeta Zine Eskolako 2020-2021 ikasturterako onarpen aldia

  • DataUrtarrilak 31
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Izena emateko epea otsailaren 1ean hasi eta maiatzaren 15ean amaituko da

Otsailaren 1ean irekiko da Elías Querejeta Zine Eskolako 2020-2021 ikasturterako onarpen aldia. Epe hori maiatzaren 15ean amaituko da. Aurten, onarpen aldia bi zatitan banatuko da: lehena, otsailaren 1etik martxoaren 31ra, eta bigarrena, apirilaren 1etik maiatzaren 15era. EQZEk lehen epean aurkeztutako hautagaien lehen aukeraketa egingo du.

EQZE Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua da. Proiektu pedagogiko paregabe eta berezia dauka, graduondoko hiru programez eratua (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza). Programa horiek berau kontzeptualizatzen parte hartzen duten hiru erakunde zinematografikoren ezagutza arloetatik abiatuta osatzen dira; hain zuzen ere, erakunde hauenak: Euskadiko Filmategia, Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldia. Pasa den ikasturtetik, EQZE Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) atxikitako ikastegia da.

Artxibo espezialitatearen helburua da adituak trebatzea ondare zinematografikoa eta ikus-entzunezko ondarea identifikatzen, sailkatzen, zaharberritzen eta gordetzen, eta, aldi berean, esparru hori proposatzen du sorkuntza artistikorako eremu gisa. Komisariotza espezialitatearen ardatza da helburu eta protagonistatzat zinema eta ikus-entzunezko arteak dituzten programazio, argitalpen, esku hartze eta erakusketa oro kontzeptualizatzea, kudeatzea, garatzea eta hedatzea. Azkenik, Sorkuntza espezialitateak filmak eta ikus-entzunezko lan artistikoak egin nahi dituztenen prestakuntza teorikoan eta metodologikoan sakontzen du, bai eta esplorazio praktikoan ere.

Paraleloki, Ikerkuntza Sailak lan egiten du esploraziorako, gogoeta kritikorako eta berrikuntzarako lehentasunezko espazio bat finkatzeko, lau ikerketa ildoren inguruan: zinemaren transmisioa eta pedagogia; artxiboari, komisariotzari eta sorkuntza zinematografikoari buruzko hurbilketa teorikoak eta teknika berriak; zinemaren eta beste diziplina zientifiko, humanistiko eta estetiko batzuen arteko loturak; eta euskal zinemari buruzko begirada berriak.

Ikasturteak 56 aste iraungo du, bost eta zazpi aste bitarteko sei modulutan banatuta. Modulu bakoitzeko irakasgaiak eta jarduerak espezialitate bakoitzeko gai nagusi bati buruzkoak izango dira. Planteamendu horren eta bere hiru ibilbideen xedea da ikasleek ikuspegi ahal bezain zabalena eta zeharkakoena eskuratzea, zinemaren hiru denborekin elkarrizketan aritu ahal izateko: iragana (ikerketa eta babesa), oraina (komisariotza eta programazioa) eta etorkizuna (sorkuntza).

Elías Querejeta Zine Eskolaren 2020-2021 ikasturtea irailaren 14an hasiko da.

2020-2021 ikasturtean onartzea

EQZEren ikasketa plana goi mailako unibertsitateko titulu bat duten (lizentzia edo gradua) edo lortzeko prozesuan dauden eta zinema eskolaren batean egresatuta dauden ikasleentzat da. Salbuespenez, eskolak aztertu egingo ditu aurretiko betebeharrak bete gabe esperientzia zinematografiko egiaztatua duten hautagaien kasu zehatzak. 

Izen ematea eskolako webgunearen bitartez soilik egin ahal izango da. Zuzendaritza Akademikoak eta helburu horretarako izendatutako onarpen epaimahaiak ebaluatuko dituzte eskaerak, eta hautaketa prozesuari lehen epea amaitutakoan ekingo zaio, alegia, martxoaren 31n. Hau da, eskolak egun horretatik aurrera esleituko ditu plazak. Plazen kupoa maiatzaren 15a baino lehen  osa daiteke (data horretan amaituko da onarpen aldia).

Espezialitate bakoitzeko 15 ikaslerentzako plazak eskainiko dira; guztira, 45 plaza. Matrikularen prezioa 3.900 eurokoa da, administrazioko eta kudeaketako gastuak, aseguruak eta unibertsitate tasak barne.

Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda ekainean argitaratuko da.

Bekak eta laguntzak

Hiru erakundek (Gipuzkoako Foru Aldundia, Ibermedia Laguntza Funts Iberoamerikarra eta Projeto Paradiso) zenbait laguntza espezifikoren deialdia egingo dute 2020-2021 ikasturtean Elías Querejeta Zine Eskolako graduondokoren batean ikasteko.

  1. Izango zara beka: Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak 2.500 euroko hiru beka emango dizkie 31 urtetik beherako gipuzkoarrei.

  2. Ibermedia beka: Ibermedia Laguntza Funts Iberoamerikarrak hamar beka emango ditu mugikortasunerako eta etengabeko prestakuntzarako. Laguntza horiek bi motatakoak izango dira:

    a. 3.100 dolarreko 6 laguntza beka, hautatuen bidaien, ostatuaren eta mantenuaren ondoriozko gastuen zati bat ordaintzeko. Hautatuek herrialde hauetakoak izan behar dute: Argentina, Brasil, Bolivia, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Txile, Ekuador, Guatemala, Italia (herrialde gonbidatua), Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Peru, Portugal, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuela.

    b. 2.850 dolarreko 4 laguntza beka, hautatuen ostatuaren eta mantenuaren ondoriozko gastuen zati bat ordaintzeko. Hautatuek herrialde hauetakoak izan behar dute: Argentina, Brasil, Bolivia, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Txile, Ekuador, Espainia, Guatemala, Italia (herrialde gonbidatua), Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Peru, Portugal, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuela.

  3. Paradiso beka: Olga Rabinovich Institutuaren ekimenak beka bat emango dio ikasle brasildar bati, Komisariotza espezialitatea ikas dezan Elías Querejeta Zine Eskolan.

Beka horiek EQZEn onartua izan eta gero eskuratu ahal izango dira.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana