Rockein! Euskadi eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako lehiaketa musikalaren zortzigarren edizioa

  • Rockein! Euskadi eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako lehiaketa musikalaren zortzigarren edizioa

  • DataOtsailak 4
  • Gaia Musika

Izena emateko epea apirilaren 6ra arte egongo da zabalik eta finala maiatzaren 22an ospatuko da Basauriko Social Antzokian.

2019an kategoria nagusiko irabazle izan zen Sara Zozayak prentsaurrekoan aurkeztu ditu sariari esker argitaratutako EPa eta bideoklipa.

2013an ospatu zen lehen edizioaz geroztik Rockeinen parte-hartze datuak %70 igo dira, eta iaz 146 artistek eman zuten izena.

Zortzigarren urtez jarraian, Basauriko Udalak Rockein musika lehiaketa iragarri du, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bakarlari zein taldeei zuzendua. Basauriko Udalak Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatzen du sariketa hau.

“Parte-hartze datuek ez dute azalpen handirik behar: Rockein erreferente moduan kokatzen dute Euskal Herri mailako gisa honetako lehiaketen panoraman. Baina, horrekin batera, parte hartzen duten proiektuek gero eta maila hobea dutela ere nabarmendu nahi genuke. Sara Zozayarena dugu horren adibiderik garbiena: etorkizun handiko artista, dagoeneko zeresana eman duena. Rockeinek MAZ Basaurirekin, grabaketa estudioekin, komunikabideekin eta beste hainbat erakunderekin dituen aliantzei esker, talentua duten artistei profesionalizazioranzko bidea irekitzen laguntzen die", azaldu du prentsaurrekoan Asier Iragorrik, Basauriko alkateak.

Rockein sariketan izena emateko epea apirilaren 6ra arte egongo da zabalik. Jasotako proposamen guztien artetik sei finalista hautatuko ditu sektoreko profesionalek osaturiko epaimahai batek, eta finalista horiek Basauriko Social Antzokian joko dute maiatzaren 22an. Epaimahaiak gau horretan bertan hartuko du erabakia eta 2020ko edizioko irabazleak zein diren jakinaraziko du.

Sariak honakoak izango dira, besteak beste: EP baten (gutxienez bost abesti) grabaketa, ekoizpena, masterizazioa eta diseinu grafikoa; bideoklip baten produkzioa eta MAZ Basauri jaialdian jotzeko aukera.

Laugarren urtez jarraian, 2019an parte-hartze markak hautsi zituen Rockeinek: 146 parte-hartzailek eman zuten izena (horietatik 25ek gutxienez taldekide bat Basaurin, Galdakaon, Arrigorriagan edo Laudion erroldatua zuten) eta Social Antzokiko finala ikustera 270 lagun gerturatu ziren. 2013an ospatu zen lehen edizioaz geroztik, sariketa honen parte-hartze datuak %70 igo dira.

Iazko edizioaren irabazleak, Sara Zozaya donostiarrak, gaurko prentsaurrekoan aurkeztu ditu sariari esker argitaratutako lanak: bost abestiz osatutako '(I)' EPa eta 'Bat' abestiaren bideoklipa, Rockeinen sare sozialetan dagoeneko ikusgai dagoena. Sara Zozayak zein 2019ko edizioko beste irabazleek (Dukkha, Cäctus eta Samoah -azken horiek Meridianen ordez, agenda arazoengatik bertan izaterik ez dutelako) 2020ko MAZ Basauri jaialdian joko dute.

OINARRIAK - IZENA EMATEKO ORRIA

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana