El Trenico, artea eta berrikuntza teknologikoa memoria kolektiboa berreskuratzeko

  • El Trenico, artea eta berrikuntza teknologikoa memoria kolektiboa berreskuratzeko

Irantzu Lekue artista gasteiztarrak esku-hartze ugari egin ditu azken urteotan Vasco-Navarro Trenbideko burdinbide zaharretan, Bergaran hasi eta Lizarran bidea amaitzen zuen ardatz horrek 75 urte baino gehiagoz lotu zituen herrien historia berreskuratuz. Oraingo honetan El Trenico berriro martxan ikusi ahal izatea lortu du, desagertu eta mende erdira, praktika artistikoa eta berrikuntza lotzen dituen proiektu aitzindari bati esker. Egileak berak azaldu digu zeintzuk izan diren ekimen honen gakoak.

 

Vasco-Navarro El Trenico bezala ezagutzen den Trenbidearen garrantzi historikoarekiko zure interesak hainbat proiektu artistiko bultzatu ditu. Nondik sortu zitzaizun kezka hori?

Trena bizitzaren metafora ederra da. Trenbideak, geltokiak... istorioak kontatu, ikusi, bizi eta imajinatzeko leku perfektuak dira. Maitasun istorioak, jendartearen garapen nabarmenenak, estraperloa, oporrak... Garai batean bizitza soziala eta ekonomikoa batzen zituen elementu nagusia trena izan zen. Zer esanik ez abandonatuta egon den horrelako proiektu baten inguruan…

El trenico"-rekiko dudan miresmena bizikletan ibiltzen hasi nintzela sortu zen: Gasteiztik igarotzen den bide berdetik abiatuz hasi nintzen trenbide honen garrantzi historikoa ezagutzen. Tunelak pasatzen –garaian argiteriarik gabeko tunelak ziren–, Mendialderaino eramaten gaituen bidetik erabat birrindutako geltokiak ikustean, jendearen istorioak entzutean...

 


(Trebidearen bidean zehar egindako esku-hartze batean lanean.)

 

"Nomadak" edo "Bidearen Aztarnak", hain zuzen ere, El Trenico-ren inguruan garatutako bi ekimen praktiko dira. Zertan datza proiektu horiek?

Nomadak proiektua Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan garatutako proiektua izan da. Mundu osotik etorritako artistek osatu dute taldea Euskal Herriko parte hartzaileekin batera. Iraganaren eta etorkizunaren arteko lokarria izan nahi duen proiektu bat izan da, sorkuntza artistiko eta kultur kudeaketaren bitartez; memoria berreskuratzeko xedea izan duena. Vasco Navarro trenbideen historia orainarekin elkartzekoa, bide berdearen bidez. Horretarako, historia eta gaurkotasuna lotu dira, hainbat eremutako proposamen artistiko –indibidual eta kolektiboen– arteko lankidetzaren eta hibridazioaren bidez. Antzinako burdinbideak eta egungo bidegorriak: Euskal Herriko kultura-ondareari balioa emanez, Euskal Herria bera korritzen. Guztia, ekintza artistikotik abiatuta sortzeko eta antolatzeko edota gizartearekin harremanak edukitzeko formula berriak eratu nahi dituzten sortzaileen talde baten bidez.

Egoitza artistikoko proiektua da, bizikletan eta bidean eratzen dena. Nomada izan da; Azpeitiko Dinamon abiatu, Burdinbidearen Euskal Museoan hasi, eta Nafarroan amaitu zena, dozenaka udalerritatik igaro eta horietako batzuetan artistikoki esku hartu eta gero. Street art-a adierazpenen bidez burdinbidearen bestelako historia bat kontatu du Nomadak proiektuak, gaurkotua, eguneratua, garaikidea eta hori guztia Eusko Jaurlaritzaren Bitartez deialdiri esker burutu ahal izan da. Aukera ederra izan da herri ezberdinetan dauden artistak eta arte ekimenak aktibatzeko eta eurekin sinergiak sortzeko: Azpeitian Kultur Mahaiarekin, Bergaran BEART elkarteko kideekin edo Sor2 moduko street art-ekin, Mural Art Arrasaten, Aretxabaletako artisten taldea, Eskoriatzako artistekin, Espazioa edo Orbain Kultur elkartearekin Gasteizen, GaraiON Ozaetan, 948 merkatua... herriz herri sinergia fokuak sortu ditugu eta trenaren memoria erdigunean jarri du Nomadak proiektuak.

Bidearen Aztarnak proiektua, bestaldetik, Izaskun Urkijo arkitektoarekin batera garatutako proiektua izan da. Guk hainbat ekimen planteatu genituen natura eta arte interbentzioak batuz gure patrimonio industriala balorean jartzeko. Urkijo aditua da horretan eta zineman duen ibilbidea oso lagungarria izan da. Lehen interbentzioa Cicujano - Elortzako tunelean burutu genuen eta jendeak oso ondo hartu du. Orain zikloturistak hara bideratzen dituzte zonaldean trenak izan duen eragina, tren honen garrantzia ulertu eta interpretatzeko. Oso pozik gaude tunelean, adibidez, mineralekin eginiko margo bereziak erabili genituelako: ekologikoak eta urarekin kontaktuan "pizten" direnak. Foru Aldundiak eskultura bat egiteko lana esleitu duela irakurri genuen eta ingeniaritza enpresa bat ari da horretan.

Balorean jarri behar da Herrialdeko koadrilarik despoblatuenean garatzen ari diren proiektuak. Batetik bide berdea balorean jartzen duelako, baina ekonomikoki eta sozialki ere onurak ekarri dituelako.

 

(Cicujanoko tunelean egindako esku-hartzea).


Azterketa-ildo horri jarraituz eta Tecnaliarekin lankidetzan, horma-pinturaren esperientzia hobetzeko prozesu berritzailea garatu duzue, errealitate areagotua erabiliz. Zer helburu orokor lortu nahi zenuen egitasmoa abiatzean?

Teknologia berriak eta artea uztartzeko programa sortu genuen. Eusko Jarlaritzaren KSI deialdira aurkeztu genuen Tecnaliarekin elkarlanean eta aukeratua izan zen. Ordutik lanean gabiltza buru belarri. Artea eta teknologia uztartzea lan handia da. Gure hautuak, duela bi urte abiatu genuena, lehen fase bat izan zuen, oso oinarrizkoa, baina hasiera bat suposatu zuena: San Martin auzoan sortu genuen horma irudi bat musikatu genuen, eta QR bidez entzun daiteke hori.

Lehen proba horren ostean, errealitate areagotua delakoa garatzen hasi ginen. Horrelako proiektuak sustatzeko sortu zen KSI (Kultur eta Sormen Industriak) deialdia eta bide hau Tecnaliarekin egin ahal izatea lortu genuen. Ingeniari informatikoen eta sortzaile plastikoon hizkuntzak batzea erronka izan da, errealitate areagotua nola aplikatu erabakitzea ere kostatu zaigu, baina azkenean lortu dugu eta martxan jarriko dugu. Oso pozik gaude, Vasco Navarro trena Maeztutik berriz ibili ahal izatea lortu dugu, errealitate areagotuaren bidez bada ere.


Nola gauzatuko duzue proposamen zehatza?

Smartphon-en bidez elementu ikoniko eta historikoak berreskuratuko ditugu. Trena eskalan agertuko da. Javier Suso adituak azaltzen duen moduan "tren horia, krema kolorekoa, berreskuratu dugu" eta erabiltzaileek euren aurrean aurkituko dute, kalea zeharkatzen. Aurrez aurre piezak, neurriak... dena ikusi ahal izango dute... eskalan.

 

(Tecnaliaren laguntzarekin egindako proben irudietako bat).

  

Gainera bestelako elementuak aurkituko ditugu, tartean, geltokiko erlojuak, adibidez. Ez hori bakarrik, publikoen interakzioak lortzeko lanean ari gara, jendeak parte har dezan: ederra izango da; eta proiektu aitzindaria Euskal Herrian.


Zein unetan dago proiektua momentu honetan?

Martxoan aurkeztu nahi dugu. Horma irudia margotzen hasi gara baina Arabako Mendialdeko klima ez da lanean aritzeko onena, margoek tenperatura zehatz batzuk behar dituztelako. Horregatik astiro-astiro goaz, ongi egiteko. Bost urte hauetan hori izan da bermatu nahi izan duguna: kalitatea. Margotze saio parte-hartzaileak burutu ditugu, hau da, herritarrekin aritu gara auzolanean eta, arte komunitario saio hauei esker herriak berea sentitzen du lan hau dagoeneko. Oso erlazio berezia garatu dut Mendialdearekin eginiko lanei esker eta oso eskertua nago.

Bestetik, guretzako oso inportantea izan da, adibidez, proiektua 948 Merkatuan aukeratua izana. Pentsa, 85 proiektu aurkeztu ziren, maila handikoak denak, estatu osokoak, esperientzia eta ibilbide handiko eragile ezberdinen artean garatutakoak inkluso. Eta gurea publikoaren aurrean ezagutarazteko aukeratutako 10etako bat izan zen. Oso urduri egon nintzen aurkezpenean, Baluarte Jauregian, auditorio handi horren aurrean… baina plazera da horrelako aitortza lortu izana.

Txikitasunetik ere proiektu handiak egin daitezkeela erakutsi dugu eta talde garaipen ederra izan da.

 

(2019ko azaroan 948 Merkatua azokaren baitan egindako aurkezpena, Baluarte Auditorioa).


Zer ekarpen egin diezaioke berrikuntza teknologikoak ikusizko artearen eremuan?

Berrikuntza teknologikoak gure egunerokoan daude. Artearen esparrukoak, sortzaileok... nola utziko ditugu pasatzen? Aplikazio bikainak dituzte hezkuntza, turismoa, artearen oinarrietan bertan... Noam Chomskyk esaten du erraietara, sustraietara jo behar dugula munduarekin, ondoan dugunarekin harremandu ahal izateko eta guk memoria kolektiboa berreskuratzeko gailuak direla ulertu dugu.

Ederra da jendeak bizitako istorioak kontatzera gerturatzen denean eta ederra da gazteek ulertu dutena galdetzera gerturatzen zaizkigunean. Transmisioa ari gara lantzen, Nomadak, Bidearen Aztarnak edo garatzen ditugun proiektuekin.


Emakumeen paperaren inguruko lanketa berezia egin duzue proiektu hauetan. Ze emaitza lortu duzue?

Hori da. Oso pozik gaude emakumeen ekarpenak ikustarazten ari garelako.

Inportantea da emakumeen inguruan egiten ari garen lanketa. Trenari lotuta, historikoki garrantzi handia izan du eta. Bergaran, adibidez, argazki historikoa berreskuratu genuen eta emakumea zen trenaren gidaria. Gidarien irudia, aldiz, gizonezkoei egon da beti lotuta. Eraikitako imajinarioak horra garamatza, ezta? Ba guk bestelako errealitate bat elikatzen ari gara. Nola? Jendea entzuten eta istorioak berreskuratuz.

Horrela jakin dugu, adibidez, Araban, Mendialdean bereziki, tren estazioetako arduradunak emakumeak izan direla historikoki. Eta horri orain arte apenas eman izan zaio garrantzia. Proiektu hauekin errealitate ezkutu bat ari gara azaleratzen eta uste dut oso positiboa dela emakumeok dagokigun tokia hartzen joatea ere, noski.


Zein beste proiektutan zaude murgilduta gaur egun?

Urte amaiera gogorra izan zen, egia esan. Topera egon gara eta, azken hilabeteetan Grezian –hilabeteko erakusketa aurkeztu– eta Argentinan egon gara. Oraintxe bueltatu gara Etxepare Instintuarekin elkarlanean eginiko proiektu honetatik.

Urteari indarrez ekin diogu eta norbanakoen enkarguak eta arte komunitarioa batzen dituzten lanak ditugu eskuartean. Egunotan Iruñean ari naiz lan bat burutzen. Gipuzkoan beste bat daukat aurki, Bizkaian, Madrilen... Urtea ongi hasi da eta lan eta lan ari gara!

 

(2020ko otsailaren 7an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana