2019ko Donostia Zinemaldiko filmen genero-identifikazioaren txostena

  • 2019ko Donostia Zinemaldiko filmen genero-identifikazioaren txostena

  • DataOtsailak 14
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Zuzendaritza, produkzio, gidoi, muntaketa, argazki eta musikako kategorietan parte hartu zutenen % 70 genero maskulinokoak ziren eta % 30 genero femeninokoak, bai inskribatutako filmetan, bai hautatutako filmetan

Txosten honen lehendabiziko ondorio batek adieraziko lukeenez, zailtasuna ez dago emakumezko zinemagileak zinema-industriara sartzean, bertan gelditzean baizik

Donostia Zinemaldiak azken edizioko filmetan aritu ziren profesionalen genero-identifikazioari buruzko txosten bat argitaratu du lehen aldiz. Genero-estatistiken lehen dokumentu horrek Zinemaldian 2019an inskribatu ziren 3.013 filmen nahiz hautatu eta 67. edizioko sailetan eman ziren 150 filmen datuak aztertzen ditu –sail hauetakoak, hain zuzen: Sail Ofiziala, New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Nest, Culinary Zinema, Made in Spain, Zinemira eta Belodromoa–.

José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Eneko Goia Donostia Zinemaldiko Administrazio Kontseiluko presidente eta Donostiako alkateak prentsaurrekoa egin dute gaur datuen xehetasunak emateko.

Zifrak antzekoak dira bai inskribatu ziren eta Hautapen Batzordeak ikusi zituen filmen artean, bai Zinemaldiaren programazio ofizialean sartzeko hautatu zirenen artean. Batez beste, parte-hartzaileen % 70 genero maskulinokoak ziren eta % 30 genero femeninokoak. Gauza bera gertatzen da –genero femeninoko profesionalen inplikazioaren % 10etik % 40ra artean dauden aldeekin–aztertutako sei kategorietan: zuzendaritza, produkzioa, gidoia, muntaketa, argazkia eta musika.

Analisiak salbuespen nabarmenak ditu: New Directors sailean –zinemagileen lehen eta bigarren obrak hartzen ditu– emakumezko zuzendari, gidoilari eta muntatzaileen film gehiago programatu ziren eta Nest sailean –mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen film laburrak biltzen ditu– emakumezko zuzendari, produktore, muntatzaile eta argazki-zuzendarien lan gehiago hautatu ziren. Ikusmira Berriak sailean ere –proiektuak garatzeko egonaldian–, emakumezko zinemagileak gehiengoa izan ziren.

Beraz, txosten honen lehendabiziko ondorio batek adieraziko lukeenez eta hurrengo ikerketek joera berresteko zain, zailtasuna ez dago zinema-industriara sartzean, bertan gelditzean baizik. Erretratu hau hurrengo urteetan eboluzio esanguratsua izateko abiapuntu eta baliabide izatea nahi du Donostia Zinemaldiak.

67. edizioaren datuak

Zinemaldiak zineman parekotasuna lortzeko eta emakumeak zineman sartzeko gutuna sinatu zuenean bere gain hartu zuen genero-identifikazioko txosten bat egiteko konpromisoa eta, horrez gain, 67. edizioaren memoriaren xehetasunen berri ere eman du.

Datuen arabera, hazkunde iraunkorra izaten ari da Zinemaldia, eta bere hazkunde-mugara hurbiltzen ari da. Bigarren urtez jarraian, errekorra gainditu du bai publikoaren asistentzian (178.687 ikusle), akreditazioen kopuruan (4.319) eta sarreren salmentaren ondoriozko bilketan (950.344 euro).

Zifretatik harago, Zinemaldia indartsu dago, egin dituen apustu berriek erakusten dutenez: Elías Querejeta Zine Eskolaren –Zinemaldiaren funtzionamenduan integratutako zinema-eskola– bigarren belaunaldia; Zinemaldia & Technology ikus-entzunezkoen esparruari aplikatutako teknologiari buruz hausnartzeko erreferentziako espazioaren bigarren edizioa; eta urte osoko zinema-jaialdi izateko uste osoa. Honako hauen bidez lortu nahi du, bada, urte osoko zinema-jaialdia izatea: Zine Eskola bera eta «Zinemaldia 70: historia posible guztiak» artxibo-proiektua, beste zinema-jaialdi batzuekin eta zinema-industriako erakundeekin lankidetzan aritzea, eta pantaila publikoa hiriko beste erakunde batzuekin partekatuta programatzea Tabakaleran.

Deskargatu

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana