Musika-Música Jaialdiak erritmo klasikoz beteko du Bilbo

  • Musika-Música Jaialdiak erritmo klasikoz beteko du Bilbo

Hogei urte betetzear dela, Musika-Música Jaialdiak Parisen eta XVIII., XIX. eta XX. mendeetan Frantziako hiriburuak kulturari dagokionez izan zuen garrantzian ardaztutako edizioari ekingo dio. Europa osoko artisten bilgunea, Arriaga, Usandizaga, Aita Donostia edo Guridi bezalako euskal konpositoreen helmuga ere izan zen. Gonzalo Olabarria Bilboko kultura zinegotziaren laguntzarekin Jaialdiaren ibilbidea ezagutu dugu eta aurten ekarriko dizkiguten proposamenak errepasatu ditugu.

 

Zein helbururekin jarri zen martxan Musika-Música?

Hemeretzi edizioren ondoren, jaialdiak ez du aldatu bere helburua: musika klasikoa zabaltzea eta herritar guztiengana eramatea.

Musika-Música Jaialdiak programazio zabala, maila handiko musikariak eta denen esku dauden prezioak dauzka. Horrela, bada, jaialdi hau ezinbesteko hitzordua da entzule melomanoentzat eta musika klasikoa lehen aldiz entzutera datozenentzat.


Bere hastapenetan nazioarteko antzeko beste proposamen batzuei begiratu bazien arren, topaketak laster aurkitu zuen bere izaera propioa definitzen lagundu zion bidea. 20. urteurrena betetzear dela, nolakoa izan da denbora honetan egin duen ibilbidea?

Egindako ibilbidea baikorra da, jendearen erantzuna ikustea besterik ez dago.

Urtetik urtera Bilboko, Bizkaiko zein Euskadi osoko herritarren eta baita kanpotik datorren publikoaren jarrera ezin hobea da. Jaialdiak goraka egin du azken urteetan eta ildo horretatik jarraitzea espero da.


Publikoaren erantzun onaz gain, profesionalen artean interes handiagoa dago urtetik urtera Musika-Musikan egoteko, kalitate handiko karteletan ikus daitekeenez. Zeintzuk izan dira arrakasta hori azaltzen duten gakoak?

Jaialdi baten egitura izanik, Musika-Músicak ez dauka musika klasikoko ohiko programazioren formatua eta entzule-multzo heterogeneoa eta adin guztietakoa erakartzen du. Musika-Músicaren ezaugarria da esparru bakar batean kontzertu ugari egitea aldi berean.

Gainera, entzule berriak erakarriko dituen programa bizia eskaintzeko asmoz, emanaldien batezbesteko iraupena ez da ordura iristen. Musika-Música-k badauzka beste osagarri batzuk, musika klasikoaren festa handia izateko: artistak diskoak sinatzea, entzuleak kontzertu-aretoen artean ibiltzea eta lasai hitz egin ahal izatea, eta kontserbatorioen eta musika-eskolen emanaldi 'irekiak'.


Musika klasikoa publiko profil jakin bati zuzenduta dagoela aurrez pentsatutako ideiaren aurrean, Musika-Musikaren esperientzia, komentatzen duzun bezala, oso bestelakoa da. Nola baloratzen duzue Jaialdiak hirian sortzen duen eragin kulturala?

Musika-Música, azken batean, Bilboko bizitza kulturala nolakoa den erakusten duen adibide aparta da, herritarren eraikuntzarako konpromiso eta tresna gisa ulertuta, guztiontzako kalitatezko kulturarena.


Gai komun batek egituratzen du programazio osoa urtero. Paris izango da aurtengo edizioaren leitmotiv-a, lau ardatzen bitartez. Zein garai zehatzek piztu dute zuen interesa eta zergatik?

XX. mendean, Parisek letren, musikaren, arkitekturaren, pinturaren, modaren eta abarren historia idatziko zuten adierazpen artistiko eta kulturaletako protagonistak hartzen zituen, eta Bilbok Europako artistak hartuko zituen, garai haietako musikaz gozatzeko eta hurbiltzeko, XX. mendeko kulturaren sehaskari omenaldia egiteko.

Paris kosmopolita hori, probokatzailea, mundua jateko gogoa duena, bere doinuekin iritsiko da Musika-Músicara, Bilbora.


Euskal Herriko musikaririk ospetsuenetako batzuen ekoizpenak eta Parisekin duten harremanak jorratuko dituzue. Zein izan zen Frantziako hiriburuak bere konposizioetan izan zuen eragina?

Kasurik esanguratsuena Arriagarena izan zen. Bere familiak berehala ikusi zuen hiria txiki gelditzen zitzaiola Arriagaren jenioari eta bere gaitasunak osoki garatu nahian, hamabost urte eskaseko nerabea zelarik Pariserantz abiatu zen.

Hala, Parisen aukera izan zuen garaiko zirkulu musikal garrantzitsuenetako batzuetan parte hartzeko, eta hantxe idatzi zituen, besteak beste, Sinfonia Re maiorren eta Soka kuartetoak. 1826an hil zen, artean hogei urte bete gabe zituela. Pariseko Rue de Saint-Honoré kalean bada bere figura eta bere musika omentzeko plaka bat.

Guridiren kasua ere nabarmentzekoa da. 1903an Guridi Parisera joan zen eta Schola Cantorumen sartu zen. Bertan, pianoa, organoa, kontrapuntua eta konposizioa ikasi zituen Vicent d 'Indy maisuarekin, eta bere ikasketak sorkuntza lan garrantzitsu batekin eta musika jarduera bizi batekin uztartu zituen.


Aurtengo egitarauko zer ekitaldi nabarmendu nahi zenituzke?

Aurtengo edizioko nobedadeen artean, pianoak leku berezia hartuko du aurtengo egitarauan, lau eskuetarako piano kontzertuekin eta bi pianorako kontzertuekin. Horren erakusgarri da Joaquin Achúcarro maisuaren parte-hartzea, lehen aldiz Musika-Músican arituko dena, kontzertu oso berezi batekin, Falla, Ravel, Chopin, Scriabin, Debussy eta Albenizen obrak interpretatuz.

Era berean, aipagarria da Katia eta Marielle ahizpa frantziarren presentzia, pianoko bikote garaikide ospetsuenetako bat, Hermanas Labèque izen artistikoz ezaguna. Lehen aldiz parte hartuko dute izen handiko orkestra eta taldeek, hala nola Les Musiciens du Louvre, Le Concert Impromptu edo Cuarteto Novus haize boskoteak.

Beste une bakar bat Luis Fernando Perezek interpretatutako sehaska kantuei eskainitako denbora izango da.

Gainera, Euskaldunako organoa ere protagonista izango da Asturiasko Printzerriko Orkestrak (Ospa) Juan de la Rubiarekin batera emango duen kontzertuan, Poulenc eta Saint Saënsen obrak interpretatuko baitituzte.

 

(2020ko otsailaren 24an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana