"Gorria", bertsoa eta flamenkoa elkarrekin oholtzan

  • "Gorria", bertsoa eta flamenkoa elkarrekin oholtzan

Sortzaile gehienek bezala, Miren Amurizak eta Askoa Etxebarrieta "La Pulga"-k Gorria lanarekin itxita zeuzkaten saio asko bertan behera uzten zirela ikusi dute egunotan. Bertsoa eta flamenkoaren lengoaien arteko harremanean sakontzen duen obra hau joan den azaroan aurkeztu zen Iruñean eta ibilbide luzea izango du aurretik oraindik. Geldialdi egun hauek aprobetxatu ditugu Miren Amurizarekin proposamenaz eta ikuskizunaren etorkizuneko ibilbideaz mintzatzeko.


Askoa Etxebarrietarekin elkarlanean sortutako lana dugu “Gorria”. Nola jaio zen lankidetzan aritzeko ideia?

Askoa Berrizera etorri zen duela urte pare bat “Berriketan” taldearekin eta inpresio handia egin zidan transmitzen zuen indarrak, energiak... Nik ez nekien askorik flamenkoaz baina intuizioak esaten zidan esperimentaziorako esparru interesgarri bat izan zitekeela eta, beharbada, zenbait bertso molderekin bateragarria. Esperimentatzen hastea proposatu nion Askoari eta halaxe hasi ginen.


Ikuskizun honek II Lanku Bekaren baitan garatu duzue. Zergatik animatu zineten deialdi honetan parte hartzera?

Alde batetik, bekara aurkezteak esperimentazio horri forma apur bat ematera behartuko gintuelako eta bestetik, jasoz gero, beka laguntza bat izango zelako.

Tamalez, edozein diziplinatan gabiltzala ere, sortzaile gehienok daukagu prekarietatea asumitu beharra eta horrelako laguntzek bidea leundu ez, baina zabaldu behintzat egiten dute.


Nolakoa izan da ikuskizuna gauzatzeko lan prozesua?

Hasieran lan handia egin behar izan genuen elkarren jarduna ulertzeko: zer, nola eta zergatik egiten genuen ikusteko... Eta hortik abiatu ginen elkarguneen bila. Gorria ez da bertsolaritzaren eta flamenkoaren arteko fusio bat; ez gara elkarren moldeak imitatzen saiatu, ezpada, nork geure diziplina modu malgu eta libreago batean pentsatzen, gorpuzten eta interpretatzen.

Bertsolari baten eta bailaora baten arteko elkarrizketa prozesu baten emaitza da Gorria, elementu estilistiko eta tematikoak trukatuta, estetika propio bat sortzeko saiakera; testuetan eta koreografietan bezainbat, jantzietan, musikan edota eszenografian erakutsi nahi izan duguna.

Osatze lan horretan lagundu digute Lierni Eizagirre eszenografoak, Eder Aurre diseinatzaileak, Jon Garagartza soinu arduradunak eta Ion Chavez argi-diseinatzaileak. Ez dugu ezer berririk asmatu, bai zerbait oso geurea.

 




Kopla eta dantza ditugu ikuskizunaren oinarri. Nola uztartzen dituzue bi diziplina hauek eta zein da bat-batekotasunak edo inprobisazioak emanaldietan duen lekua?

Printzipioz dena daramagu aurretik prestatua baina, gero, egia da saio guztietan sortzen direla unean uneko aldaketak eta inprobisatu beharra izaten da. Hamar piezatan banaturiko obra da, ordubete ingurukoa. Behetik goranzko ibilbide bat; doinurik lurpekoenetatik hasi eta dantzagarrienetarainokoa, ilunpetatik argitarakoa.

Atal batzuetan biok batera aritzen gara, beste batzuetan banaka; batzuetan gitarraren edo perkusioaren laguntzaz (Aitor Escobarrek eta Adrian Larrañagak aldez aurretik grabatutako baseekin) eta beste batzuetan a cappella. Bide bertsua egingo dugu tematikoki ere; heriotzatik, isolamendutik edota indarkeriatik hasi eta ahizpatasunerainokoa, sedukziorainokoa, ospakizun kolektiborainokoa...


Oso ohikoa ari da izaten, azken urteotan, bertsoa hainbat diziplinekin batera uztartzea (bertso-saio literarioak, musikatuak, antzeztuak…). Fenomeno honek publiko profil berriak bertsolaritzara erakartzen ari dela uste duzu?

Bai, oro har, bertsolaritza asko dibertsifikatu dela esango nuke. Bertsolarien perfila asko aldatu da (eremu euskaldunetako gizonezko helduak ziren gehienak lehen; orain neska asko gabiltza plazan, gazteak, Euskal Herri osoko leku diferenteetakoak...) eta, ondorioz, saioak ere bai, formari zein edukiari dagokionez. “Ez da kasualitatea” izeneko musikatuetan, adibidez, neskok hartzen dugu parte eta horietan publikoaren parte bat feminismotik gerturatzen da bertsolaritzara eta, kasu batzuetan, euskarara ere bai.

Gorria-rekin egin ditugun emanaldi guztietan egon da, adibidez, euskaraz ez zekien entzuleren bat eta aldez aurretik horretaz pentsatu ez bagenuen ere, emanaldiak zubi-lan hori egin lezakeela pentsatzea oso motibagarria da guretzat.

Bertsolaritza eta, orokorrean, kulturgintza norabide askotara zabalik dauden bidegurutzeak dira; molde eta ikuspuntu desberdinak artikulatzen asmatuz gero, esperimentatzeko ez eze, eragin-gune desberdinak sortzeko aukera asko zabaltzen dira.


Zein sentsazio izan dituzue Gorria-ren estreinaldian? Nola aurreikusten duzue ikuskizunaren ibilbidea?

Dozena erdi bat saio egingo genituen urtarriletik martxora bitartean eta harrera ona izan duela iruditu zaigu. Geu ere pixkanaka-pixkanaka goaz emanaldiari neurria hartzen eta batetik bestera gauzak aldatzen eta fintzen joan gara.

Azken aste hauetan hainbat saio geratu zaizkigu bertan behera eta orain hortxe gaude, gainontzeko sortzaile guztiak bezala, arduratuta... Maiatzean eta ekainean ere baditugu saio batzuk baina, areto itxietan egiteko emanaldia izanik, udazkenean jarraitzea espero dugu.

 

(2020ko martxoaren 24an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana