Ikusi Mikusi, Haur eta Gazte Literaturaren lehio berria

  • Ikusi Mikusi, Haur eta Gazte Literaturaren lehio berria

Sarak Ikusi Mikusi azokaren lehen edizioa hartuko du datorren urtean, haur eta gazte literaturaz gozatzeko eta sektoreari bultzada emateko diseinatutako hitzordua. Kiribil Konpainiak, Galtzagorri Elkarteak eta Pamiela Argitaletxeak elkarlanean antolatuta, egungo egoera dela eta 2021eko udaberrira atzeratu behar izan da topaketa, martxoaren 25etik 27ra. Eragozpena aprobetxatu eta euren egutegiari beste egun bat gehitu diote, hezkuntza zentroekin ezarri nahi duten harremana sendotzeko. Amaia Hennebutte Galtzagorri Elkarteko arduradunak azokaren inguruan dituen inpresioak kontatu dizkigu.


Zein helbururekin jarri nahi izan duzue martxan azoka?

Euskal Haur eta Gazte Literaturari lehio berri bat zabaldu nahi dio Ikusi Mikusi azokak. Gertaera hunek, gizartean dagoen eskas eta behar bat betetzen du. Gure helburuak, hauexek dira:
- Euskal haur eta gazte literatura, gaur egungo euskal kulturaren ardatz nagusietakoa, plazara jalgitzea eta sustatzea, eskolako gazteei, eta publiko orokorrari hobeto ezagutzera emateko.
- Euskal Herri osoko ikasleak (eskolen egunean), eta jendartea (familien egunean) elkartzea eta gurutzatzea, euskal literaturaren inguruan.
- Ume ttikiak, haurrak eta gazteak, irakurtzeko, kondairak entzuteko, hitzekin jolasteko eta idazteko aukerak ematea, euskarazko albuma eta liburuen munduan murgilduz.
- Familian, gurasoak beren seme-alabekin, euskal liburuen inguruan une goxo bat igarotzea, emozioak elkarrekin bizi daitezen, albumek eskaintzen duten irakurketa eta idazketa jolasei esker.
- Euskal Herri lurralde osotik, euskal haur eta gazte literaturarekin lotura duten profesional guztiak inplikatzea.


Nola antolatzen da zerotik horrelako ekimen bat?

Halako ekimen bat antolatzeko, nolazbait “eroa” izan behar da. Errotik maitatu eta sinetsi behar da haur literaturaren garrantziaz. Hiru partaideen topaketak ditu indarrak batu, eta ekimena bultzatu:
- Artista batzuk, Iparraldeko Kiribil Arte Konpainiakoak, haur literatura beren lan oinarria dutenak.
- Galtzagorri Elkartea, betidanik haur eta gazte literatura bultzatzen duena, gizarte arlo guztietan.
- Pamiela Argitaletxea, Nafarroan plantatua, lehen albumak euskaratu zituenak garaian.

Hiru partaideen gogoa eta indarrak batu, Europako dirulaguntza bat eskatu... eta lortu! Ondorioz proiektua martxan jarri dugu!


Sara kokapen gisa aukeratzeak ez dirudi kasualitatea. Zergatik erabaki duzue azoka udalerri honetan egitea?

Muga ondoan edo gainean zegoen toki bat behar genuen, behingoz gure artean dauden hesiak urratzeko, eta euskal jendea batzeko.

Gainera Sara herriak, lotura handia dauka literaturarekin, duela 37 urtez antolatzen baitu Sarako Idazleen Biltzarra (euskaraz edo Euskal Herria buruz idazten duten ekoizleak biltzen dituenak).

“Euskal Literatura astea” sortzea da gure asmoa, bi ekitaldiak lotzea, euskal ezinbesteko hitzordua bilaka dadin: Haur eta Gazte Literatura Festibala, Ikusi Mikusi gure azokarekin, eta jarraian, Idazleen Biltzarra, helduendako.


Idazle eta ilustratzaileen eta publiko arteko topaketak, haur eta gazteek literaturarekin duten harremana erraztu ez ezik, egileengan berengan ere badu eragina. Zuen ustez, zer paper joka dezake azokak zentzu horretan?

Lehen edizioetan, gure helburu nagusia jendea hurbiltzea izango da, ikus eta uler dezan Euskal Haur eta Gazte Literatura aberatsa dela gaur egun. Horretarako, literaturak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzen ditugu: stand-ak liburuekin noski, baina baita ere tailerrak, ikuskizunak, topaketa zuzenak idazle-ilustratzaileekin...

Profesionalen arteko une berezi bat sortu nahi dugu lehen edizioan ere, baina pundu hori garatzekoa izanen da ondoko aldietan. Profesionalendako topagune ezinbestekoa bilakatu beharko da Ikusi Mikusi. Lehenik, profesionalek harreman zuzena izan dezaten publikoarekin; bigarrenik, profesionalek berek, beren artean eztabaidatzeko, topatzeko eta elkartzeko gune bat izan dadin. Biziki baliagarria izanen da haur eta gazte literatura garatzeko.


Ikasleen Egunean parte hartzeko deialdia egin diezue eskolei. Zer erantzun izan duzue hezkuntza-erakundeen aldetik?

Euskal Herri osoko eskolei parte hartzeko deialdia egin diegu. Aurtengo edizioan, Iparraldeko eskola askok baikorki erantzun dute, eta izena eman segituan. Baina Hego Euskal Herritik ere parte hartzeak jaso ditugu!

Sekulako harrera ona eta arrakastatsua izan dugu fite: 1.000 haur baino gehiagok eman dute izena lehen edizioa izango zen honetan! Horrek erakusten du zinezko eskas bat badela, eta lehen bai-lehen erantzun behar diogula. Nafarroako Hezkuntza eta Euskara sailak biziki interesatuak dira ere, eta ondoko urterako, garraioa berengain hartzeko baliabideak aurkitzen saiatuko dira!

Noski, hurrengo urteari begira arlo hau ondo lotu, mantendu eta indartu nahi dugu. 2021era atzeratu behar izan dugu azoka, baina gure programan egun bat gehitu dugu eta eskola gehiago hartu ahal izango ditugu.


Lehen aipatu duzuen bezala, Ikusi Mikusi ez da standak erakustera mugatuko, izan ere programazio anitza eskainiko du hurrengo urtean ere. Zer jarduera mota antolatuko dituzue?

Eskolen eta familien egunean, ez dugu nahi kontsumitzaile gisa bakarrik etortzea... aktore izanen dira azokara jinen diren guztiak! Horregatik azoka baino askoz gehiago da Ikusi Mikusi: euskal haur eta gazte literaturaren besta izango da!

Haurrak eta gazteak aktore izanen dira: tailerretan idazle edo ilustratzaile bilakatuko dira, aurretik eskolarekin idatz-lan edo obra bat prestatuko dute, eta horiek erakusketa guneetan erakutsiak izanen dira, aho-aurkezpen bat presta dezakete ere, idazleekin dituzten topaketak aurretik landuko dituzte ikasgeletan...

Gainera, Eskolen Egunean, haur bakoitzak gustukoa duen liburua eros dezan nahi genuke! Horretarako, dirulaguntzen bila gabiltza... Biziki garrantzitsua da egun hartan, haurrak etxera sartzea euskarazko liburu batekin (batzuendako, beren lehen euskarazko liburua izango da!).

Guztia haurren arabera antolatua izanen da: tailerrak, ikuskizunak eta topaketak adinka (ttikiak 3-5 urte, haurrak 6-12 urte, gazteak +12-tik goiti) antolatuak izanen dira, Hego eta Iparraldeko haurrak gurutzatzeko gisan ere...

Azkenean, Euskal Herriko haurrak eta jendartea gurutzatzea, ezagutzea eta une goxo bat partekatzea dugu helburu, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura munduan murgilduz.


Euskal Herriko kultur egutegian gorriz markatutako hitzordua bihurtzeko anbizioarekin jaio da azoka. Zer faktore bildu behar dira hori ahalbidetzeko?

Plazerra, literatura deskubritzea, goxotasuna eta profesionalen arteko topaketak izanen dira faktoreak.

Kalitatezko jarduerak izanen dira (horretarako tokiak mugatuak izango dira hainbat tailer eta ikuskizunetan), liburuek eskaintzen duten mundu magikoan goxatzeko aukera izan behar da denendako.

Goxotasun eta plazer horiek bizi badituzte jendeek, ezinbesteko hitzordua bilakatuko da Ikusi Mikusi.

Baita bestalde ere, profesionalendako, topagune interesgarria eta baliagarria izan beharko da azoka, haur eta gazte literaturaren garapena butzatzen ahalko duena.

 

(2020ko martxoaren 26an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana