Pantxoa Etchegoin: «EKEren erronka garatzen ari den euskal kulturarentzat arartekolari izatea da»

  • Pantxoa Etchegoin: «EKEren erronka garatzen ari den euskal kulturarentzat arartekolari izatea da»

1990ean jarri zen martxan EKE, Euskal Kulturaren Erakundea. Geroztik, euskal kulturaren motorra izateko anbizioarekin aritu da erakundea Ipar Euskal Herrian. Izan ere, bere jarduera-eremuak bitartekaritzaren, ekoizpenaren edo hedapenaren mugak gainditzen ditu. Uztaritzeko Lota Jauregiko egoitzatik, EKE gure praktika kulturalen benetako gotorlekua da Bidasoaz bestaldean. Pantxoa Etchegoin erakundeko zuzendaria elkarrizketatu dugu, egiten duten lana sakon ezagutzeko.
 
 

EKE duela 30 urte sortu zen, egungoaren oso bestelako baldintza soziopolitikoetan. Zein izan ziren erakundea martxan jartzeko aurre egin beharreko zailtasun handienak?

Lehenik, urteak joan urteak jin, erran behar da euskal jendeek eta elkarteek biziarazi dutela euskal kultura, frangotan ahalbide gutirekin ikuskizun eder eta hunkigarriak eskainiz.

Bereziki 80ko urte haietaz oroitzen naiz. Politikalki, Iparraldean ere, egoera konplikatua zen, abertzaleek bultzatu Euskal departamendua ez zen onartua izan, eta nolazpait kontsolatzeko bezala, frantses agintariek Euskal Herriko Kultur Etxe bat Baionan sorrarazi zuten, lehen helburutzat hartuz ikusgarrigintza profesionalen ekitaldiak programatzea Baionako antzokian, eta bigarrenekorik tokiko kulturen aldeko laguntzak ekartzea.

Laster, ezadostasunak agertu ziren. Arrazoi nagusiena zen ez ziola aski toki ematen euskal kulturari eta gehiago profesional sorkuntzak sostengatzen zituela, euskal kultura nolazpeit gutietsiz. Haserre gorrian jarri ziren euskal elkarteak. Hauek biltzen zituen Pizkundea Federazioaren eskutik eta botere publikoen laguntzarekin sortu zen 1990ean Euskal Kultur Erakundea, hain zuzen Iparraldean euskal kulturaren alde ari diren elkarteen laguntzeko eta egitasmo berriak bultzatzeko.


Zein balorazio egiten duzue denbora honetan egindako lanaz?

Euskal kultura, eragile nola amatur hala profesionalek sortzen, girotzen eta egunerokoan biziarazten dute, eta herritarrekin partekatzen; hainbat erakunde edo ekonomia munduko partaideek garatzen laguntzen dute.

 

(Lota Jauregiak, Uztaritzen, EKEren egoitza hartzen du)

Sortu denetik, Euskal Kultur Erakundearen kudeantza moldea aktore ezberdin horien bateratzean oinarritua da, Administrazio kontseilu erabakitzailea aktore guzti horien ahotsa delarik. Euskal Kultur Erakundea, besteak beste, kultura edukien ekoizpenerako eta hedapenerako tresna bat da, bai eta ere euskal kulturaren ikerketa eta prospektiba laborategia. Laburbilduz, Euskal Kultur Erakundeak badauka gaur egun egitasmoen eramateko lantalde profesional trebatua. Gaitasuna eta jakinduria erdietsi ditu, nola egitasmo egituratzaileen kudeatzaile edo partaide gisa, hala arartekolaritzan elkarte eta erakunde ezberdinekin, nolaz ez mugazgaindiko harremanetan. Eguneroko lanari esker, egiazko sareak osatu ditu, tokiko edo kanpoko partaideekin.

Gaur egun, Euskal Kultur Erakundeak darrai Euskal Herriko eta urrunagoko kultura entitateen ikusmiran. Segur, bere indar eta ahuleziekin, baina 30 urtez irauteak esperientzia bat ekartzen dizu eta ber denboran gauzak hobetzeko giltzak ematen ere.


Esan bezala, egun EKE Ipar Euskal Herriko euskal kulturaren eragile erreferentea da, bitartekari lan handia eginez, baina baita eragile aktibo gisa ere. Zer motatako jarduerak garatzen dituzue?

Euskal Kultur Erakundeak badauzka gaur egun Iparraldeko 160 elkarte kide, nola euskal ondarearen, hala ikusgarrigintzaren, literaturaren edo arte bisualen alorretan lan egiten dutenak. Elkarte horiek laguntzen ditu, bere ahalen arabera, bai diru aldetik eta bai eguneroko eginbideetan, arartekolaritza eskainiz eta aholkuak emanez. Euskal Kultur Erakundeak kultura ekintzen eragile izan nahi du ere. Beraz, bere egitasmoak garatzen ditu, bere elkarteekin eta beste kideekin elkarlanean. Aipa nezazke adibidez erakusketak, urte anitzeko programak, hala nola Kantuketan, Batekmila, Eleketa edo Hogei’ta, edo azkenik euskal dantzaren inguruko Soka multimedia erakusketa.

 

("Soka" erakusketaren irudi bat).


Bestalde EKE urte osoan aholkulari lanetan ari da erakunde ezberdinetan, hala nola herrietako kultura zerbitzuekin, Euskal Hirigune Elkargoa, Departamendua, Akitania-Berriko edo Eusko Jaurlaritzako teknikariekin. Osagarritasunak bilatzen ditugu misioak elgarrekin eramaiteko, hala nola ondarearen, kultura eta arte heziketaren, arte bisualen, irakurketa publikoaren edo arte eszenikoen alorretan.

Mugazgaindiko harremanek ere garrantzia handia daukate guretzat. Ez gara zorionez bakarrak sail horretan lan egiteko bainan EKEk egiazko sare iraunkorrak sortu ditu partaide ezberdinekin, nola Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiekin, hala udalekin, elkarteekin eta artistekin. Harreman horiek zazpi probintzietako Euskaldunen baitezpadako erronkak dira.

Euskal kulturaren hedadura bultzatzeko 6 milio biztanle dauzkan Akitania Berrian, beste sail bat ideki dugu duela lau urte, Etxepare Institutua eta Nafarroako Gobernuko Príncipe de Viana institutuarekin batera, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen babesarekin. Helburua xinplea da: Ipar eta Hegoaldeko euskal kultura sortzaileen lanak Akitaniako diziplina ezberdinetako jaialdi eta ekitaldietan erakustea eta bi lurraldeen arteko elkarlanak sustatzea.


EKEk kudeatzen dituen baliabideen artean ikus-entzunezko funts handi bat dago. Zer erabilera dute baliabide horiek? Zer publiko mota interesatzen da material horretaz?

Lehenik erran behar da Euskal Kultur Erakundea ez dela artxibo zentro bat bainan guretzat garrantzitsua da euskal ondarearen funts batzu –eta altxorrak badira– sareratzea edo ez delarik posible, bereziki zuzenbideengatik, kontsultagarri izatea gure Uztaritzeko egoitzan. Horretarako duela 4 urte abian ezarri genuen Mintzoak.eus deitu plataforma numerikoa. Hor, ahozko ondarearekin zerikusia duten hainbat ikus-entzunezko dokumentu daude kontsultagarri, beti dagozkien jabe desberdinen baimenarekin. Halaber, kontsultagune bat sortu dugu EKEn baliabide numeriko horien ezagutarazteko.

 

("Kantuketan" instalazioaren irudi bat).

Kontsultagune hori deneri idekia da, eta publiko ezberdinek interesa daukate. Hauen artean ikerlariak, ikasleak, kulturzaleak, kultura eragileak, artistak, etabar. Gaur egun, ikus daitezke besteak beste Eleketa ahozko bilketa programako lekukotasunak (350 bat lekukotasun), Maite Barnetche kazetariak 1971 eta 1986 artean zuzendu Euskal Herria orai eta gero telebista emankizunak (300 bat), Prusiako Komisio fonografikoaren artxiboak (Alemania) - Lehen Mundu gerlako euskal presoen grabaketak (1916-1917). Funts horien guzien oinarrizko zerrenda www.mintzoak.eus webgunean aurkitzen ahal da.


Institutuaren bizitzako urteetan beharrezkoa izan da digitalizazioaren eta teknologia berrien auziari heltzea. Zer lan egiten du EKEk ildo honetara?

Gure erakundeak egunero egiten duen kultura bitartekaritzak arte eta ondare mota guzien jabetze kolektiboa du helburu bezala, eduki eta publiko desberdinen arteko zubi lana bermatzea. 2000ko hamarkadaren hasieraz geroztik, Euskal Kultur Erakundeak euskal kulturaren bitartekaritza numerikoa garatzen du tresna numerikoak eskainiz (webguneak, berripaperak, sare sozialak, erakusketa multimediak,...). Tresna horiek alde batetik informazio edo baliabide numerikoetara sarbidea errazten dute eta bestetik kultura eragileen eta publikoen arteko elkarrizketak eta trukaketak ahalbidetzen dituzte. Oro har, estrategia numeriko hori EKEko norabide orokorren dinamikan kokatua da eta aldi berean elkarteak zerbitzatu nahi dituen erabiltzaileen beharrak kontutan hartzen ditu.

Azken urte hauetako lan ildo zenbait aipatzeko, lehenetsi dugu euskal kulturari buruzko ikerketen eta gogoeten hedatzea gure webgunean (www.eke.eus), oroz gainetik ethnopoloaren inguruko ekitaldi eta mintzaldiak, edukin numerikoak ekoiztea eta partekatzea, Iparraldeko kultura eragileen eta elkarteen (erakundeak, elkarteak, artistak, pertsona lagungarriak, etabar) errepertorioa agerian ezartzea, informazioaren zaintza egitea, etabar. Gainera, Euskal Kultur Erakundeak egunero Ipar Euskal Herri mailako euskal kulturaren agenda osatzen du (mintzaldiak, kontzertuak, animazioak, ...) eta funtsean alor horretan, Kulturklik gure partaidea da. Horiek oro gutienez bi hizkuntzatan.

 

 

Hots, gaur egun, numerikoaren garapena bere orokortasunean baitezpadakoa da belaunaldiz belaunaldi gure elkarte eta artista eragileentzat, nolaz ez euskal kultura munduan gaindi zabaltzeko. EKE saiatzen da ahal bezainbat sail horren sakontzea eta partekatzea.


Euskal Etnopoloa aipatu duzu, eta egia da arlo honetan buru belarri ari zaretela lanean azken urteotan. Zertan datza ekimen hau?

Lehenik saiatuko naiz ahal bezain xinpleki aurkeztea zer den labela hori. Labela hori Frantziako Kultura ministeritzak ematen du ondare inmaterialaz ikerketak egiteko gai diren erakunde batzuei eta kultura norabideak proposatzen dituztenei, nola transmisioaren, hala kultura biziaren sustapenean. Beste gauza bat garrantzitsua: labela horren babesean egin kultura ekintzei uztartu behar zaizkie ikerketa unibertsitario edo zientifikoak. Horretarako gure partaide hurbila dugu EHESS erakundea (Ecole des hautes Etudes en Sciences Sociales).

Etnopolo bakoitzak (11 badira gaur egun Frantzian) bere ikerketa-ekintzak garatzen ditu, gai berezi baten inguruan. Euskal Etnopoloarentzat, gai edo hari nagusia da «Ondarea/Sorkuntza» bikotea, oroz gainetik, dantza, kantu musika, literatura sorkuntza eta hizkuntzen alorretan. Hitzarmenaren izenpetze ofiziala 2017ko ekainean egin zen Baionan eta labela aldi oroz hiru urterentzat emana da.

Guretzat, labela hori alde batetik ezagupen bat da urteetan euskal ondarearen alde eraman lanentzat eta bestetik, hori garrantzitsuena da enetzat, parada ezinago hobea ematen digu partaide eta egitasmo berrien bultzatzeko, oroz gainetik unibertsitate munduarekin eta artistekin.

 

[Euskal Etnopoloa ikerketa ildoaren aurkezpena (2017)].


Gaingiroki, erran dezaket hainbat kolokio eta seminario antolatu ditugula azken urte hauetan, oroz gainetik ahozkotasunaren inguruan, bai eta ere esperimentazio artistiko batzu, hala nola aurten Hazparneko zapatagintzaren historian oinarritu sorkuntza artistikoak eta ikerketak.


Bide luze eta emankorra izan du EKEk dagoeneko. Zein nahiko zenuke izatea erakundearen hurrengo 30 urteetako ibilbidea?

Erran gabe doa Euskal Herria aldatu dela hogeita hamar urte hauetan, halaber euskal kultura. Lehenik aipatu behar da herri dinamikaren indarra, kultura eragileen aberastasuna eta aniztasuna, oroz gainetik goretsi behar direlarik hainbat urtez eskualde ezberdinetan euskal kultura eta artea arraberritzen dituzten elkarte eta artistak. Bainan ber denboran Ipar Euskal Herrian aldaketa demografiko, sozial eta instituzional ohargarriak baditugu. Ondorioz, euskal kulturak erreferentzial komuna osa dezake Euskal Herriko biztanle guzientzat, haien artean loturak finkatzeko.

Duela guti Eusko Jaurlaritzak kultura praktiketaz egin ikerketak esperantzari leihoa irekitzen dio Iparraldeari doakionez. Hor ikusten da euskarazko ikuskizunentzat jendeak duen atxikimendua, adibidez zinema, antzerkia, dantza edo bertsu saioetan. Halaber, herrietan, biztanleek ikusgarrietan parte hartzeko gogo handia daukate, adibidez kabalkada edo pastoraletan, elkarren arteko harremanak azkartzen dituztela.

Iparraldeko lurraldeak badauzka ere kultura eta arte eragile joriak, kultura egiturak, elkarte anitzak bainan bide anitz gelditzen zaigu oraino urratzeko, Euskal Herriko baliabide kulturalak hobeki baloratzeko, transmisioa eta sorkuntza artistikoak indartzeko eta publiko zabalari eskaintzeko.

Beraz enetzat garrantzitsua da euskal kulturaz arduratzen den egitura baten ukaitea, hain zuzen euskara oinarri dauzkaten kultura eta arte adierazpenen bultzatzeko.

Ipar Euskal Herriko gaur egungo testuinguru instituzionala kontutan harturik, ezinbestekoa da euskal kultura alorreko ekintza publikoaren osagarritasuna, koherentzia eta irakurgarritasuna segurtatuko dituen gobernantzaren ongi definitzea. Duela 3 urte sortu Euskal Hirigune Elkargo berriarekin, ezinagoko parada ona da euskal kulturaren tokiaz gogoetatzeko eta ondotik hitzak obretan ezartzeko.

Ingurune horri begira, Euskal Kultur Erakundeak aldatu behar badu ere, bere oinarrizko gaitasun guziak baditu elkarte, kultura egitura eta orokorkiago politika publikoen zerbitzurako.

Zuen galderei ene etxetik erantzuten diet COVID-19 izurriteagatik telelanez ari baigara gu ere. Denbora lazgarri honetatik landa, erran gabe doa denek gure egiteko manera batzu aldatu beharko ditugula. Hurbiltasun eta jendetasun gehiago ukanez, elkarlan eta egiten dugunari funts gehiago emanez, osagarritasunak bilatuz egitasmoetan, kolektiboa norgehiagokoari lehenetsiz, etabar. Badakit horien guzien erraitea errexa dela, obratzea zailagoa. Euskal kultura, beste kultura guziak bezala, garatuko da hemendik eta barnetik haziz eta kanpora eramanez, besteekin partekatzeko.

Euskal Kultur Erakundearen desafioa izanen da hain zuzen lotura horien guzien egitea, arartekolaritzaren indartzea jendeek elgarrekin ongi bizitzeko aukerak ukan ditzaten.

 

(2020ko apiririlaren 7an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana