"Ilargi guztiak", pozoitutako opari baten kronika fantastikoa

  • "Ilargi guztiak", pozoitutako opari baten kronika fantastikoa
    Argazkia: Nico de Assas

Igor Legarretak bere bigarren film luzearen filmatzeari ekin zion joan den otsailean, "Cuando dejes de quererme" lanaren arrakastaren ondoren. Bere film berrian, egileak fantasiazko generora jauzi egiten du, eskarmentu handiko talde batekin batera, bai kameren aurrean (Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea antzezle buru dira) zein atzean (Laurent Dufreche muntaiaren arduraduna da; Mikel Serranok arte zuzendaritza sinatzen du eta Pascal Gaigne musikaz arduratzen da, besteak beste). Konfinamenduak eragindako geldialdi asteak aprobetxatu ditugu lan honen xehetasunak ezagutzeko.



20 urte baino gehiagoko ibilbidea duzu ikus-entzunezkoen munduan, eta "Ilargi guztiak" zure bigarren film luzea da. Nola egin diozu aurre filmaketa honi? Nola lagundu du "Cuando dejes de quererme" filmeko esperientziak?

Ba betiko ilusioa eta gogoekin, pelikula bakoitza abentura berri bat da, arduraduntasuna handia duzu zuzendari gisa.

Suposatzen da lehenengo pelikula egin eta gero eskarmentu pixka bat lortzen duzula, urduritasuna galdu..., baina nire kasuan ez hainbeste.


Lanak hilezkortasunaren errealitate gordina erakusten du, gai honen inguruan egon daitekeen ideia erromantikoaren aurrean. Zer gogoeta egin nahi zenuen horri buruz?

Behar bada, behin betiko bizitza gizakien amets aitzinekoena da. Erlijioek eskaintzen duten sari nagusia da. Suposatzen dut nahi horren atzean heriotzari beldurra dagoela.

 


(Itziar Ituño, errodajearen momentu batean. Argazkia: Nico de Assas).


Gure gizartean ez da hitz egiten heriotzaz, tabu moduan hartzen dugu, eta ez dugu sentitzen bizitzaren parte inportantea denik (agian inportanteena); izan ere, heriotzak perspektiba ematen dio bizitzari. Orduan, gure heriotza galtzen badugu… ze nolako bizitza izango litzateke hori? Iraun egitea, besterik ez.


Filmaketa euskaraz egiten ari da eta hizkuntzak berak paper aktiboa jokatzen du filmerako bilatzen zenuen atmosferaren konfigurazioan. Zer ekarpen egiten du zentzu horretan?

Beno, XIX. mendean girotutako istorio bat da, Euskal Herrian. Normalena da euskaraz izatea. Sinesgarritasun handiagoa emango dio pelikulari, baita izaera ere. Nahasketa horrek, drama fantastikoa, garaikoa eta euskaraz, xarma berezia du.

Gainera, euskarak puntu poetiko hori badauka; pelikulan ilargia hilezkortasunarekiko lotuta dago… Esate baterako, hitza bera, (hil-argia), beste esanahiak eta zentzuak ditu euskaraz, gaztelaniarekin alderatuta.


Aurre egun behra izan duzun beste erronka bat zinemagintzan esperientziarik ez duen 12 urteko neskato batek antzeztutako pertsonaia protagonista izan da. Nola ari da gertatzen esperientzia?

Bai, ez nuke esango nire konfort gunean geratu naizela: drama fantastikoa, euskaraz, garai batekoa... eta neskatila bat protagonista nagusia... Baina oso zorte ona izan dugu Haizearekin. Oso neska azkarra eta talentu handikoa da, eta oso ondo moldatu da grabaketa bateko beharretara. Harribitxia da.

 


(Haizea Carneros protagonista, zineman egingo duen lehenengo paperean. Argazkia: Nico de Assas).



Lan-prozesu arrunta aldatu egin behar izan duzue, jarduera eten egin baita COVID-19ko krisiaren ondorioz. Zer leku geratzen zaizkio oraindik filmari bisita egiteko?

Zazpi asteko grabaketa da gurea eta orain arte lau bete ditugu, hiru aste bukatzeko ditugu oraindik.

Printzipioz, bi aste Zizurkilen izanen dira eta azkena Bizkaia eta Nafarroan batez ere. Baina itzultzerakoan ikusi egin behar dugu nola egongo diren kokapen horiek...


Egin al duzue jada obraren estreinaldiari nola eragingo dion baloraziorik?

Egia esanda, estreinaldiari, ez. Momentuz, grabaketa osatzea da gure pentsamendu bakarra. Argi dago dena atzeratuko dela: grabaketa, post-produkzioa eta, bistan da, estreinaldia.


Post-produkzio prozesua bukatzea lortzen denean, zein ibilbide egitea espero duzu "Ilargi guztiak"?

Oraintxe bertan gauza bakarra espero dut, pelikula bukatzeko aukera izatea.

Batzuetan esaten dut pelikula on bat egitea dela nire asmo bakarra, ze, benetan, ez da gauza batere erreza. Gero, hortik aurrera, pelikulak bere ibilbidea aurkituko du, eta bide hori luzea bada, ederto.

 

(2020ko apirilaren 8an argitaratutako Berezia).

(*) SINOPSIA

"Azken gerra karlista amaitzear dela, umezurztegi batetik neskato bat erreskatatzen du basoaren barrenean bizi den emakume misteriotsu batek. Larriki zaurituta, eta heriotzaren atarian dagoela sentituz, neskatoak uste izango du Zerura eramateko bere bila etorri den aingeru bat ikusi duela … laster konturatuko da, egun berriaren egunsentian, izaki bitxi honek betiko bizitza eman diola bere laguntasunaren truke.

Bere izaera berriaren pean, bere haurtzaroan itxitako denboraren igarotze mingarria 'bizi' beharko du, eta ilargi ugari kontatu beharko ditu Candido ezagutu arte, bere etxean alaba balitz bezala hartuko duen gizon apala, eta berarekin hasiko du bidaia bere izaera berriaren kontra eta bere bizitza kendua berreskuratzeko ametsaren bila ".

Euskadi, auzolana