Marina Aparicio: «2deo Laborategiak ikus-entzunezkoetan arriskatzeko aukera eman nahi du»

  • Marina Aparicio: «2deo Laborategiak ikus-entzunezkoetan arriskatzeko aukera eman nahi du»

Ikus-entzunezkoen sektorearen ezaugarri berezietako bat, baita euskal testuingurukoarena ere, garapen teknologiko bizkorrarekin batera aurrera egiteko beharra da, zaharkituta eta lekurik gabe ez geratzeko. Etengabeko ibilera horri begira jarrita, Tabakalerak 2deo Laborategia du, eremuko profesionalei beren proiektuen inguruan esperimentatzeko, berritzeko eta prototipoak egiteko aukera ematen dien baliabidea. Marina Aparicio Alvarez zerbitzuaren arduradunak ekimen honen bertute guztiak azaldu dizkigu.


Zein da euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzaren egoera 2deo Laborategiak bere bideari ekiten dionean?

2deo Laborategiaren oinarrian Gipuzkoako Foru Aldundiak, Goiena Komunikazio Taldea eta Mondragon Unibertsitatearen elkarlanarekin, 2017an sustatu zuen azterketa dago. Sektorearekin izandako elkarrizketa eta talde-eztabaidei esker, Euskal Autonomia Erkidegoko ikus-entzunezko sektorearen egoeraren erretratua egin eta ondorioak atera ahal izan ziren.

Horien artean azaleratu zen sorkuntza-prozesua oso prekarioa dela, finantziazioa lortzeko zailtasun handiak daudela, formatu eta eduki mota berrietan oso gutxi arriskatzen dela, nazioarteko merkatuetan presentzia txikia dugula eta zabalkunde kanalak mugatuak direla euskarazko ikus-entzunezkoentzat. EHUko MAC ikerketa-taldeak 2017an burututako kontsumoari buruzko ikerketaren arabera, nerabeek ikusten dituzten 10 edukitik 7 gaztelaniaz dira, 2 euskaraz eta 1 ingelesez, eta heren batek dio ez duela ETB1 ikusten.

Beraz, erronkak lan-prozesuaren hiru zatiekin daude lotuta: sorkuntza, ekoizpena eta zabalkundearekin, hain zuzen.

 



Hortaz, zein helbururekin jartzen da abian? Zer zerbitzu eskaintzen ditu Tabakaleran kokatutako egoitzatik?

Orokorrean esan daiteke sektorean bazeudela ahulgune batzuk eta euskarazko ikus-entzunezkoei dagokienez, ekoizpena eta kontsumoa handiagotzeko nahia zegoela eta horri heltzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen laborategia martxan jartzeko erabakia hartu zen. Laborategia ez dago soilik Tabakalera Zentroan kokatua, Tabakalera proiektuaren parte da, hain zuzen, Tabakalerak ikus-entzunezkoarekiko egiten duen apustu eta eskaintzaren baitan. Kultur zentro handi honetan egoteak ahalbidetzen du kulturgileen arteko harremana landu eta diziplinartekotasun giroa sortzea. Horrek 2deo proiektua bera elikatzen du eta garatzeko aukerak zabaltzen dizkio. Horren adibide da ikus-entzunezko industria eta teknologiaren arteko gogoeta-leku izan nahi duen 2deo, Zinemaldia & Technology.

Laborategia ikus-entzunezko sektorean modu positiboan eragiteko jaio zen eta xede nagusi horrekin, helburu ditu euskara, merkatua eta nazioartekotzea.

Gai horiei heltzeko, baliabide eta zerbitzuak eskaini eta saio mota ezberdinak antolatzen ditugu:

-2deo saria: Dagoeneko hiru deialdi publiko jarri ditu martxan, 2018, 2019 eta 2020an. Lehenengo biek sektorean sortutako interesak 120 proposamen eraman zituen Tabakalerako ikus-entzunezkoen laborategira eta horietatik 32k izan zuten aukera bere prototipoa bertan garatzeko. Prototipoen garapen interesgarria egin zen, eta beraz, abenduaren 18an lehenengo aldiz horiek aurkezteko jaialdia ospatu zen. Horrez gain, EHUko Nor ikerketa taldearekin batera, prototipo batzuen testeoa jarri dugu martxan. Kontraste hori unibertsitateko 800 gazte baino gehiago dituen sarean egingo da. Esan beharra dago aurtengo 2deo saria deialdira proposamenak bidaltzeko epea zabalik dagoela.

-Programa publikoa: Egitarauaren bidez, sektorearen inguruko berritasunak, sortzaileen lana eta hainbat gairi buruzko hausnarketa Tabakalerara ekartzen dira. Hala nola, izan ditugu VFX efektuen inguruko jardunaldiak, bideokliparen industriari buruzko saioak eta jabetza intelektuala eta kolorimetria lantzeko prestakuntza-saioak.

-Espazio eta baliabideen lagapena: 2deo erabiltzaileen eskura dauden goi mailako ekipamendu teknologikoekin hornitutako gunea da, hau da, ikus-entzunezko industria profesionalean erabiltzen diren ordenagailu eta edizio softwarearekin. Baina erabiltzaileak nor bere gailuekin etorri eta 2deoko lan prozesuetara egokitzeko aukera ere eskaintzen du. Avid-en biltegiratze sistema partekatu batera dago konektatuta, eta horrek, 2deoko eduki sorkuntza eta edizio gune guztietan garatuko diren lan prozesu zailenei ere erabateko malgutasuna eskaintzen die. Ikus-entzunezko edukien eta formatuen espektro zabal bat lantzeaz gain, HD-tik hasi eta 4K edota 8K-rainoko estandarretan lan egiteko prestatuta dago.

 

 

Zein izan da erabiltzaileek eta profesionalek ekimen honi eman dioten erantzuna?

Laborategiaren irekiera 2019ko maiatzean izan zela kontuan harturik, oraindik ere proiektua egonkortze prozesuan dagoela uste dugu.

Hala ere, eta zenbakiek dena kontatzen ez dutela badakigu ere, datu batzuk emango ditugu: Laborategiaren lehenengo bi deialdietan 120 proposamen jaso genituen; aurtengo lehen hiruhilekoan 200 lagunetik gora hartu du parte egitarauaren saioetan eta 2020ko martxoaren erdira arte, 20 proiektuk eskatu du instalazioak erabiltzea. Sektoreak harrera oso ona egin die antolatu ditugun zenbait jarduerei, izan ere, Lucía Peraltaren (Game of Thrones, Aquaman) tamainako VFX artistak ekarri ditugu, bideokliparen munduan nagusi diren Canada Films eta gurean Jabetza Intelektuala gaietan ezagutza handienetarikoa duen Ainara LeGardon ere izan dugu laborategian.


Laborategiak ikus-entzunezkoen arloan esperimentazioa sustatzeko eremua nahi du izan. Zer motatako lanak iristen dira 2deo Laborategira? Zer estrategia lantzen dira ildo honetan?

Laborategiak izan nahi du prototipatze-kultura sustatzen duen erreferentziazko eragilea, ikus-entzunezkoen esperimentazio eta berrikuntzan. Euskal Herriko zein nazioarteko puntako esperientzien trukea eta ezagutzaren transmisioaren bidez, ikus-entzunezko ekoizpen prozesuak sektorearekin probatzeko gunea.

Horregatik, proiektu mota asko iristen dira, hala nola, interneteko edukiak eta bideo-jokoak lantzen dituztenak. Gainera, ikus-entzunezkoa modu zabalean ulertzen dugu eta diziplinartekotasuna eta sektoreartekotasuna ezinbestekoa iruditzen zaigu. Zentzu horretan, beste sektore edota alor batzuentzako zerbitzu eta soluzioak garatzen dituzten egileak ere laborategian lan egiteko aukera dute.


Lehen aipatu diguzu 2deo Saria 2020 egoitza-deialdia zabalik dagoela. Zertan datza? Zer sortzaile-profiletarako da?

Bai, zabalik dago eta ilusio handia daukagu aurtengo deialdi honetan. Izan ere, laborategian saiatzen garenez beti adi egoten eta egoera ezberdinetara egokitzen, 2deo saria 2020k berrikuntzak dakartza. Horien artean, mentoretza prozesua dago, pitching bidezko aukeraketa eta ikus-entzunezko prototipo bat garatzeko dirulaguntza handiago bat.

 

 

Ikus-entzunezkoen kontsumoa asko aldatu da azken urteotan, baita edukiak eta kanalak ere. Gero eta produktu eta soluzio gehiago dago, baina, aldi berean, gero eta kalitate eta moldagarritasun handiagoa eskatzen zaie. Ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalek aukera dute esparru horretan sakontzeko, eta, hartara, estetika eta formatu berriak landu eta narrazioan eta teknologia berrietan sakondu dezakete.

Deialdi honen helburu nagusia da ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuen garapena eta prototipoak sustatzea. Horiek ikus-entzunezko sektorera bideratuta egon daitezke edo ez ,betiere, oinarrian ikus-entzunezko proiektuak izan behar direlarik.


COVID-19ren krisiaren ondoriozko egungo egoeran, nola ikusten du etorkizuna Laborategiak?

Une honetan zail samarra gertatzen da krisi sakon honek izango dituen ondorioak aurreikustea, ez bakarrik ikus-entzunezko sektorean, baita beste sektore batzuetan zein gure bizitzaren alor askotan.

Hala ere, argi dago eragin handia izango duela ikus-entzunezko sektoreko profesionalengan, kultur eta sormen industriengan eta orokorrean kulturgileengan. Hortaz, oraindik ikusteke dago nola eraldatuko den sektorea, 2deotik saiatuko garelarik egoera berrietara egokitzen. Laborategi kontzeptua bera, hein batean, horixe izan behar dela iruditzen zaigulako: egoera ezberdinen aurrean transformatzeko gaitasuna duen tresna, eta, ahal den heinean, sektoreari momentuan behar duen zerbitzua eskaini. Laborategi kontzeptuan -esperimentazioa, berrikuntza, prototipazioa- sakontzea eta hori gauzatzea garrantzitsua da sektorearen etorkizunari begira. 2deok arriskatzeko aukera eman nahi du.

 

(2020ko maiatzaren 11n argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana