Karanbola Hirukoitza. Emakumeen presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan

  • Karanbola Hirukoitza. Emakumeen presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan
ehaze

  • DataMaiatzak 14
  • Gaia Arte eszenikoak

Izenburua: Karanbola Hirukoitza. Emakumeen presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan.

Egilea: Eneritz Artetxe Aranaz.

Hitzaurrea: EHAZE-Antzerkizale elkartea.

Argitaratzailea: EHAZE-Antzerkizale elkartea.

Ezaugarriak: Saiakera. 80 orrialde. 14×22cm.

Hizkuntza: Euskara.

Argitalpen data: 2019ko azaroa.

Lizentzia: Creative commons.

ISBN: 978-84-09-16264-2

Prezioa: 15€

Karanbola Hirukoitza

«Emakume sortzaile euskaldunok hiru baldintza erabakigarri jasaten ditugu bizi garen gizarte honetan, zapalkuntza egoerak modu hirukoiztuan pairatuz. Lehenik, emakume bezala sailkatua izateak gure sortzaile ibilbidea erabat baldintzatzen du hasiera-hasieratik. Bigarrenik, kultur langile gisa aritzeak, gaur egun oraindik, bigarren mailako langile izatea esan nahi du. Hirugarrenik, emakume kultur langile izate horri hizkuntza gutxitu batean aritzea gehitzen badiogu, zailtasunen kopurua berehala hirukoizten zaigu. Emakume izanik, aipatutako zapalkuntzak pilatzen doaz, zailtasunen karanbola hirukoitza osatuz.

»Emakume sortzaile askok rolen izenak zein kontzeptuak berak aldatu nahiko lituzke. Argi dago autore, zuzendari zein interprete izateko modu garaikideagoak aspalditik daudela mahai gainean, eta haiek zerikusi handia dutela lan egiteko modu saretuagoekin, ardurak gehiago banatzearekin, prozesuei eta horietan sortzen diren harremanei garrantzia ematearekin, klasikoki emakumezkoei gehiago atxiki izan dizkiegun moduekin».

Eneritz Artetxek enkarguz sortu zuen bertan irakurri dezakezun azterketa. EHAZE elkartea osatzen dugunon iritziz, gogoetarako, eztabaidarako eta kontzientzia hartzeko tresna paregabea izan daiteke. Emakumeek euskal eszenan duten presentzia aztertzea ez delako soilik zenbakiez eta kupoez hitz egitea, teatroa bera ulertzeko eta zabaltzeko moduari eragiten dioten sakoneko aldaketez baizik.

Eneritz Artetxe Aranaz

Eneritz Artetxe Aranaz Gernikan jaio zen 1972. urtean. Haur Hezkun­tzan graduatua da eta bere formakuntzak antzerki zein musika ikasketak biltzen ditu bere baitan. Adierazpenaren munduak ume-umetatik erakarri zuen Eneritzen interesa: literaturak, bertsolaritzak, marrazketak eta musikak. Hala ere, lilura gehien eragiten zion eremua an­tzerkiarena zen, horrek eskaintzen baitzion beste arte forma guztiak uztartzeko parada ezin hobea.

Horrela bada, ikastolako garaietan Eneritzek edozein ordu libre erabiltzen zuen bere ikaskideekin antzerki txikiak eta inprobisazioak antolatzeko. Hala ere, institutuko ikasketak bukatu beharko zituen antzerki formakuntzarekin hasteko, Basauriko antzerki eskolan lehenbizi eta Philippe Gaulier antzerki pedagogoarekin ondoren, Londresen.

Eneritz Artetxek antzerkian, antzerki pedagogian, ipuin kontalaritzan eta telebistan garatu du gehienbat bere ibilbide profesionala. Antzerkiari dagokionez, hainbat talderekin zein produkzio ezberdinetarako egin izan du lan, hala nola Maskarada, Gorakada, En la Lona, Arriaga antzokia… Antzerki pedagogo bezala, aldiz, unibertsitate, institutu, antzerki eskola, kultur etxe eta antzerki talde amateur ugarirentzat aritu da lanean.

Duela zazpi urte Dxusturi Teatroa konpainia sortu zuen, eta haren bidez taularatu ditu Konpotaeta Karramarroa bakarrizketak eta zenbait ipuin kontaketa saio.

Gaur egun Eneritz murgilduta dago Dxusturi Teatroaren hurrengo lanean, baita Lekeitioko Arropaineko Arragua zentroan aurrera eramaten ari den Espazioa eta gauzak proiektu pedagogikoan ere.

Horrez gain, Eneritz Artetxe EHAZEko zuzendaritza taldeko partaide da 2016. urteaz geroztik. 

Jaitsi liburu osoa

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana