Eusko Jaurlaritzak erabaki du "Kulturako langileentzako programa"-ren bidezko laguntzak eskatzeko epea luzatzea

  • Eusko Jaurlaritzak erabaki du

  • DataMaiatzak 21
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Lanbidek erabakitako luzapenaren ondorioz, epea ekainaren 1era arte luzatuko da.

Araubide Orokorrean zein Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda dauden langileei zuzenduta dago deialdia.
 

Eusko Jaurlaritzak erabaki du 'Kulturako langileentzako programa'-ren bidezko laguntzak eskatzeko epea luzatzea. Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako deialdi honetara aurkezteko epea maiatzaren 12an hasi zen (deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean) eta datorren astelehenean, hilak 25, amaitu behar zen. Orain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Lanbidek erabakitako 5 laneguneko luzapenari esker, epea ekainaren 1era arte luzatuko da.

Eusko Jaurlaritzak argitu nahi du, halaber, laguntzak Araubide Orokorrean zein Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda dauden langileei zuzenduta daudela. Eusko Jaurlaritzaren helburua da laguntzak eskatzen dituzten langile guztiengana iristea, baldintzak betetzen badituzte. Laguntzen aurrekontua ez bada nahiko eskatzaile guztiei erantzuteko, deialdiak mekanismoak aurreikusi ditu laguntzak banatzeko hurrenkera ezartzeko (ez da lehenetsiko eskabidea aurkezteko eguna). Laguntza horiez gain, Eusko Jaurlaritzak kulturaren arloko mikroenpresei zuzendutako 2 milioi euroko partida onartu berri du.

Deialdia

Programa hau zuzenduta dago egoitza pertsonala eta fiskala Euskadiko Autonomia Erkidegoan duten, adinez nagusiak diren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean artisten jarduera profesionala duten pertsonei (oharraren amaieran, laguntzak jaso ditzaketen jardueren zerrenda erantsi da). Era berean, deialdian jaso da Covid 19aren ondorioz jarduerak eta programak bertan behera utzi behar izan zaizkiela.

Laguntza horiek jaso ditzaketen pertsonak, gainera, era esklusiboan aritu behar dira profesionalki behar behera geratutako kultura-jardueran. Jarduera horretan esklusiban aritzen direla ulertuko da haien diru-sarreren % 60 hartatik eskuratzen dutenean.

Arau orokor gisa, laguntzaren hileko zenbatekoa hauxe izango da: 2019an izandako dirusarrera garbien hileko batez bestekoaren % 70aren baliokidea (betiere kultura edo arteari lotutako jarduera kontuan hartuta). Gehienez 1.200 euro jaso ahal izango dira hile bakoitzean. Pertsona eskatzailea kultura edo artearen arloan profesionalki 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko martxoaren 13ra hasi bada, biak barne, zenbatekoa 950 euro/hilabete izango da (gutxieneko soldata, alegia).  Halaber, laguntzak iraungo du 2020ko martxoaren 14tik harik eta Alarma Egoera bukatzea agindu eta kultura- zein arte-arloko ekitaldi kolektibo presentzialetara itzultzea baimentzen den azken egun arte. Gehienezko epe bat ezarri da: 6 hilabete.

Diru-laguntzak jasotzeko eskaerak Lanbideren egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, ahal dela, hau da, www.lanbide.euskadi.eus webgunearen bidez. Baldin eta pertsona eskatzaileak beharrezko bitarteko elektronikorik ez badu, eskaera Zerbitzu Orokorretan edo Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein Enplegu Bulegotan aurkez dezake, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan ezarritako beste edozein bitartekoren bitartez ere.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aholkularitza pertsonalizatu bat eta bi gida jarri ditu martxan kulturaren langileei zuzenduta, Covid-19aren krisiaren aurrean  martxan jarritako neurri hauen eta beste batzuen berri emateko. Interesatuek Kulturklik Pro-n eskura dezakete aholkularitza hori (kulturklik.euskadi.eus/aholkularitza/).

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana