German Ormazabal: «EGOk ikasle izatetik mundu profesionalerako zubia nahi du izan»

  • German Ormazabal: «EGOk ikasle izatetik mundu profesionalerako zubia nahi du izan»

Ia 25 urte bete dira Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) sortzeko urratsa eman zenetik, gure lurraldeko instrumentista gazteei orkestrako musika-prestakuntzarako bide bat eskaintzeko asmoa zuen fundazioa. Ordutik, bi lanaldi antolatzen ditu urtero, udan eta neguan, eta taldekideentzat esperientzia interesgarria da orkestraren eta ganbera-musikaren esparruan. German Ormazabal EGOko koordinatzaile nagusiak erakundearen kezkak eta etorkizuneko erronkak partekatu ditu gurekin.



Zein da Euskal Herriko Gazte Orkestraren jatorria?

Euskal Herriko Gazte Orkestra 1997eko uztailaren 14an sortu zen, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatua eta, hasiera hasieratik, BBK, KUTXA eta VITAL Fundazioen laguntza eta babesa izan du.

Bere lehen Zuzendari Artistikoa Juanjo Mena maisu gasteiztarra izan zuen eta Zuzendari Nagusia ni neu (garai horretan Euskadiko Orkestraren Zuzendari Nagusia, alegia).


Zer helbururekin jarri zen abian eta zer prestakuntza-ezaugarri ditu berezko EGOk?

Beste helburuen artean, eta helburu nagusi bezala, euskal musikagileen artean balio musikalak bultzatu eta indartzea, arlo profesionalera iritsi aurretik beraien formakuntza eta ikasketa musikalen, eta zehatzago, formakuntza orkestralaren bitartez, aipa genezake.

 


(Argazkia: Euskal Herriko Gazte Orkestra).



Urtero, orkestrak nazioartean ospe handia duten irakasle gonbidatuen talde bat izaten du, bi aldi aktiboetan lan egiteko. Zer ekarpen egiten diote profil horiek EGOaren jarduerari?

Bai, hau da proiektu honen puntu garrantzitsuenetako bat: egitaraua prestatu eta landu eta sakontzen den lana motaren arabera, Zuzendari Artistikoaz gain, goi mailako irakasle eta artistekin elkarlanean aritu ahal izatea.

Ekarpen izugarria lortu daiteke profil horretako irakasleek eskaini dezaketenarekin. Hau da, beraien esperientzia eta ikuspegi eta jakintza zabala, proiektuaren zerbitzuan jarri eta balioan jarri, arlo teoriko eta kontzeptualaz gain, beraiek izandako bizipen eta esperientzia guztia euskal musikari gazteei jakin, bizi eta senti araziz.


2020ko musikarien taldea osatzeko entzunaldiak egungo osasun-krisiak sortutako egoera berezira egokitu behar izan dira. Zer izan da ezberdin aurtengo edizioan? Nolakoa izan da esperientzia?

Balantze oso baikorra egiten dugu esperientzia berri honen ondoren, nahiz eta lan eta esfortzu handia suposatu duen, bai antolamendu ikuspunturik, bai gazteei suposatu dien esfortzu eta malgutasun beharragatik eta, baita ere, epaimahai izan diren musikari eta zuzendariari.

Soinu kalitatea ez da zuzenean sortzen den bazelakoa baina, bestalde, aukera eman digu piezak behin eta berriz ikusi eta entzun ahal izateko, honek duen abantailarekin.

Hartutako erabakiak benetan landuak eta amankomunean jarritakoak izan dira, epaimahaien % 100 adostasunarekin.


Zer musikari profilek osatzen dute EGO? Zer harreman dute musika lanbidearekin?

Kontuan izan behar dugu 16 eta 27 urte bitarteko gazteak ditugula orkestrako kide. EGO osatzen duten gazteak, salbuespen puntualen bat izan ezik, oraindik profesional munduan murgildu gabekoak dira.

Hori da, hain zuzen, EGOren helburutako bat: ikasle izatetik mundu profesionalerako zubi eta lagungarri izatea.

 


(Argazkia: Euskal Herriko Gazte Orkestra).



Zer lan-plangintza izango dute orain aurten hautatutako 24 pertsonek?

COVID-19 dela eta, hasieran genuen programazio eta planifikazio osoa aldatu beharrean ikusi dugu gure burua, osasun neurri eta protokolo guztiak bete ahal izateko.

Beraz, une honetan ari gara eszenatoki eta aukera guztiak hausnartzen eta begiz jotzen, benetan gure gazteei lagungarri eta interesgarri gertatuko zaien egitarau eta topaketa erakargarri bat antolatzeko asmoz.


Zein da EGOtik igaro ondoren musikariek egin ohi duten ibilbide profesionala?

Orain arteko datuak kontuan izanik, ibilbide ezberdinak ikusi ahal izan ditugu: nazioarteko mailako beste Gazte Orkestren kide izatea, euskal orkestra profesionaletako kide bihurtu (EOS eta BOS), baita atzerriko zenbait goi mailako orkestretan bere eserlekua eta postua lortu entzunaldiak egin ondoren, etab.

Irakaskuntzan ere musikari asko bilatu genezake EGOko kide izan dena, eta baita Orkestra Zuzendari, Konposatzaile eta musika kudeatzaile ere.

Beraz, irtenbide eta ibilbide ezberdinak aipa ditzakegu.


Nola egiten dio aurre erakunde honek bere etorkizunari?

Ilusio handiz eta proiektu askorekin buruan eta esku artean.

Aldi berean, aipatu nahi genuke gure herri txiki honetan musikak duen garrantzia eta, urte guzti hauetan, eguneroko lan isila egiten datorren hainbat eta hainbat musika irakasle bai Musika Eskoletan, Kontserbatorio Profesionaletan eta Goi Mailako Musikene Musika Eskolan.

Guzti hauekin, eta Jaialdi eta sektoreko beste zenbait eragilerekin batera, elkarlanean, EGOk ere herri honi egin nahiko lioke, nahiz eta xumea izan beharbada, bere aportazio eta kontribuzioa musikaren esparruan, benetako erreferente bat bihurtuz orkestren arloan.

 

(2020ko maiatzaren 22an argitaratutako Bereiza).

Euskadi, auzolana