"Gure irudi galduak" euskal ikus-entzunezko ondarea berreskuratzeko epe luzerako proiektua

  • "Gure irudi galduak" euskal ikus-entzunezko ondarea berreskuratzeko epe luzerako proiektua

Ipar Euskal Herrian film zaharrak berreskuratzeko proiektu bat jarri du martxan Gastibeltza Filmak ekoiztetxeak, baldintza onenetan kontserbatzen ez badira, datozen urteetan desagertzeko arriskuan egon daitezkeen filmazio ez profesional ugariz jabetuta. Hala, horrelako funtsak dituzten familiei dei egin diete, gure ondarearen zati garrantzitsu hori berreskuratzeko eta ondoren zabaltzeko zeregin aktiboa har dezaten. Josu Martinez egitasmoaren arduradunak ekimenaren xehetasunak kontatu dizkigu.


Zeri erantzuten dio "Gure irudi galduak" proiektua abian jartzeak? Nolakoa izan da prozesu hori?

Gogoeta batetik abiatzen da proiektua. Euskal Herrian zinema guti egin izan dela erraiten da, baina haatik, aberatsak gara zinema amateurrean.

Euskal Herria ainitz filmatua izan da XX. mendean, jende ez-profesionalengandik. Haatik, Ipar Euskal Herrian, ez da ikus-entzunezko ondarearen bilketa sistematikorik egin gaurdaino, eta beraz, erabaki ginuen proiektu hau abiatzea.


Gastibeltza Films ikus-entzunezkoen ekoizpenean eta banaketan aritu da orain arte. Zer suposatu du ikerketa lerro berri honek zuentzat?

Guretako, gure aktibitatea osatzera datorren proiektua da. Zinemaren hiru eremuak lantzen ditugu horrela. Lehenago ere, euskal zinemaren sorkuntzari (ekoizpena) eta zabaltzeari (banaketa) bermatuak ginen, orain oroimenari (bilketa) ere lotu gatzaizkio.


Aurkezpen gutuna Ynchausti Funtsaren eskutik dator, Manuel Ynchaustik eta bere familiak grabatutako ia 200 film berreskuratuta. Zer balio dute obra hauek?

Oso garrantzia handia duen funtsa da Ynchaustirena. Haren berreskurapena, urteetako lan jarraituaren fruitu izan da, eta erran dezakegu, XX.  mendeko euskal historiaren parte eder bat biltzen dela bertan.

Baginakien Manuel Ynchausti gizon gakoa izan zela euskal abertzaletasunarentzat eta kulturarentzat, ekintzaile inportantea... Baina orain, bere filmei esker, badakigu ere euskal zinemagintzaren aitzindari handienetarik izan zela.


Programa honek bidelagun garrantzitsuak ditu, hala nola Kanaldude, Euskadiko Filmategia, Elias Querejeta Zine Eskola, Nor Ikerketa taldea, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarea... zertan gauzatzen dira lankidetza horiek?

Ederra da halako proiektu bat Ipar zein Hego Euskal Herriko erakunde ezberdinen arteko lankidetzan gauzatzea.

Bakoitzak bere ahalak eta jakitateak jartzen ditu proiektuan, eta hala, errazagoa da emaitza handiagoak lortzea.


"Gure irudi galduak" egitasmoak, gainera, etxean horrelako materiala izan dezaketen pertsonen parte-hartzea behar du, eta horretarako deia egin duzue. Nolakoa izan da erantzuna?

Askotan ez da erraza izaten etxean ongi gordea duzun familiako altxorra ganbara-zokotik atera eta ezezagun batzuen esku uztea.

Baina inportantea da ulertzea, gure etxeetan hondatu egin litezkeela, eta behin hori gertatuz gero, egoera itzulezina dela. Ez dago atzera bueltarik. Horregatik saiatzen gara jendearekin egoten, azaltzen eskuartean dutena ez dela bakarrik haientzat inportantea, eta gure esku utzirik ere, jabetzak beti haiena izaten segituko duela.

Galderari erantzunez, Ynchaustirenaren ondotik, zenbait funts ezberdinen pistak iritsi zaizkigu, bai. Eta horiek berreskuratzeko lanean ari gara.


Zein baldintzatan daude horrelako filmak? Ohikoa al da horien kontserbazioa bermatzeko esku hartu beharra?

Bada denetarik. Izan liteke oso andeatuak izatea, eta izan liteke ere, ederki kontserbatzea. Nolako baldintzatan eta non gordea izan den (hezetasuna, lurrarekiko kontaktua etab) eragiten du halakoetan. Nolanahi dela, guk filmak bilatu, bildu eta Euskadiko Filmategiaren esku uzten ditugu. Haiek dituzte kontserbazio protokoloak ezartzen eta garatzen.


Nola aurreikusten duzue proiektuaren garapena? Muga zehatzik planteatu duzue?

Pentsatzen dugu arnas luzeko proiektua dela hau. Epe luzekoa. Halako gauzek denbora behar dute, konstantzia eta lana. Horregatik urratsez urrats goaz.

Ondarearen berreskurapena etengabeko prozesu bat da, eta horregatik da inportantea “Gure irudi galduak” ez dadin bilaka “egun bateko lilia”, baizik eta denboran luzatu dadila.

 

(2020ko ekainaren 25ean argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana