Musika Hamabostaldiaren 81. edizioa abuztuaren 1etik 29ra egingo da

  • Musika Hamabostaldiaren 81. edizioa abuztuaren 1etik 29ra egingo da

  • DataEkainak 30
  • Gaia Musika

Musika Hamabostaldiaren 81. edizioa abuztuaren 1etik 29ra egingo da, eta 45 proposamen inguru eskainiko ditu, batez ere Donostian. Hala ere, Gipuzkoako eta Arabako hainbat herritan ere izango dira musikari loturiko ekitaldiak.

 Hasierako programazioa guztiz berregin behar izan da, egungo egoerara egokitzeko: atzerriko orkestra eta bakarlari gehienak bertan behera gelditu dira, eta "edizio berri bat" diseinatu da, ganberakoa funtsean, eta artista nazionalak protagonista izango dituena. Nazioarteko hitzorduak Marc Minkowskiren eta Les Musiciens du Louvre taldearen, Grigory Sokolov pianistaren eta Semyon Bychkov maisuaren eskutik etorriko dira.

Edukiera %60ra murriztu behar izan bada ere eta osasuna babesteko neurri guztiak nahitaez bete behar izango badira ere, Hamabostaldiak ahalegin guztiak egingo ditu bere espirituari leial jarraitzeko, jaialdiko ohiko zikloei eutsiz: Kursaaleko ziklo sinfonikoa, antzinako musikarena, ganberakoa, musika garaikidekoa, organokoa, interprete gazteena eta Musika Aitzaki, dantzarako hitzorduak eta haurrentzat bereziki diseinatutako proposamenak ahaztu gabe.

Sarreren salmenta orokorra uztailaren 9an hasiko da (osteguna), 11:30etan. Sarrerak www.quincenamusical.eus webgunean eskuratu ahal izango dira, baita Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan ere. Hamabostaldiko lagunentzat gordetako epea ekainaren 23tik uztailaren 3ra izango da.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 81. edizioa abuztuaren 1ean hasiko da, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) San Telmo Museoko klaustroan eskainiko duen kontzertuarekin. Hain zuzen ere, hari, haize eta perkusio atalek parte hartuko dute emanaldi honetan, Ruben Gimenok eta Rodolfo Epeldek zuzendurik, eta besteak beste Reich, Dukas, Wagner eta Griegen lanak biltzen dituen egitarau bat eskainiko dute. Inaugurazio kontzertu hau, Gimenok formazioaren maisu titular bezala eskaintzen duen lehena, doakoa izango da, baina ezinbestekoa izango da bertara joateko gonbidapena jasotzea.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana