Sancho el Sabio Fundazioa, euskal kulturaren memoria eta etorkizuna

  • Sancho el Sabio Fundazioa, euskal kulturaren memoria eta etorkizuna

Sancho el Sabio Fundazioa euskal kulturaren dokumentazio-zentroa da, 60 urtetik gorako ibilbidea duena. Frankismo betean sortua, gure jendartearekin batera eboluzionatzeko gai izan da hark eskatzen zituen premiei erantzuko, bere ikerketa-eremuan ikertzeko ezinbesteko gune bihurtu arte. Jesús Zubiaga Fundazioaren zuzendariak lagundu digu haren historiaren ibilbide honetan.


Zein da Sancho el Sabio Fundazioaren jatorria? Nola jarri zen abian horrelako erakunde bat?

“Institución Sancho el Sabio” gisa hasi zen, 1955ean, Gasteizko Caja de Ahorros de la Ciudad de Vitoria zenaren kultura-jarduera koordinatzeko helburua zuela.

1964an, Ikasketa eta Ikerketa Zentroa sortu zuten Sancho el Sabio erakunde horren baitan, eta haren barruan, liburutegi bat. Frankismo betean jarri zen abian, eta Gasteizen: hiri bat non urte gutxi batzuetan biztanle kopurua handitzen ari baitzen beste inon ez bezala garai hartako Europan.

Hasieratik, Antonio Odriozola bibliofiloaren liburutegia erosi zenetik, euskal kultura izan da liburutegiaren interesgunea. Biztanle-kopurua hirukoiztu zuen hiri hartan, Sancho el Sabio Erakundeak, bertako kultura-zentro gisa, hiriaren kultura zer definitzen zuen antzeman, bildu eta zabaldu egin zuen, hori guztia egitearen oso aldekoa ez zen ingurune batean, eta kultura-erakundeetan euskal gaiak lantzea ohikoa ez zen garai batean. Baina, hala eta guztiz ere, bere kultura-eremuan dokumentu-funts osoenetariko bat osatzea lortu zuten.

Frankismoaren amaierarekin bat irekiera etorri zen; hain zuzen ere, liburutegia erbestealdiko euskal kulturara ireki zen, eta laurogeiko hamarkadan bere funtsak ugaritu zituen eta haien edukia osatu  zuen.

Gaur egun, Sancho el Sabio Fundazioa nahitaezko kontsulta-zentroa da euskal kulturaren inguruko bibliografia-ondareari eta dokumentu-funtsei buruz.


Horrenbestez, 60 urte bete dira ibilbidea hasi zenetik. Nola eraldatu da fundazioa aldi horretan?

Fundazioak bilakaera nahiko ona izan du. Ez zaizkio urteak nabaritzen. Bi egoitza desberdin izan ditu, eta eraginkortasunez egokitu da aldaketa teknologikoetara. Horrela, euskal kulturari laguntzeko hasierako helburuei eutsiz iritsi da XXI. mendera. Biltzen dituen dokumentuen tipologia zabaldu du, material iragankorrak eta formatu elektronikoak barne. Eta, horretaz gain, teknologia digitalarekin edukien hedapena hobetu du.

Orain ingurunea egokia da, haren jardueraren aldekoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa dago, baita zenbait erakunde ere, kultura-eremu berean lan egiten dutenak proiektu osagarriak eginez. Fundazioak titulartasun pribatuko erakundea izaten jarraitzen du (Vital Fundaziokoa da), baina dagoeneko ezin da ulertu euskal kulturaren sektore publikoarekiko lankidetzarik eta hitzarmenik gabe.


Euskal gaiei buruzko funts-bildumarik onenetariko bat duzue. Zer motatako funtsak daude bertan? Nola joan da osatzen?

Euskal funtsak lantzera esklusiboki dedikatutako erakunderik ez zegoenean hasi zen osatzen bilduma hau. Ale arraro ugari ditu, Lege Gordailua araututa ez zegoenean bildutakoak. Sistematikoki, urtez urte, euskaraz eta euskal gaietan edozein hizkuntzatan argitaratzen denaren jarraipena egin da.

 

Euskal ondare bibliografikoa, antzinako liburu inprimatua eta eskuz idatzia, funts errepikaezinetako bat da. Inprimatutako urteko edizioa. Aldizkako argitalpenak, 15.000 izenburu inguru dituztenak. Liburuxkak, material grafikoa, familiako artxibo historikoak, artxibo pertsonalak … eta argitalpenak formatu digitaletan.
Eskuraketak, trukea, dohaintzak. Enkanteak, liburutegi zaharrak, argitaletxeak, erakunde publikoak eta pribatuak … etengabeko bilaketa, non Fundazioko giza taldearen lana funtsezkoa baita.


Dokumentu-zentro gisa, aldaketa teknologikora egokitzea izan zen erakundeak iraganeko azken hamarkadan aurre egin beharreko erronketako bat. Zer lan egin da horri dagokionez?

Sancho el Sabio Fundazioa aitzindaria izan da teknologia berriak egokitzen. Joan den mendeko 90eko hamarkadan, ondare bibliografikoa digitalizatu zuen lehen erakundea izan zen, eta 2008an, berriz, Europeanaproiektuan parte hartu zuen lehen erakundea.

Berriz ere, giza taldeak bultzatu du bilakaera. Inplikazio eraginkorra dago egokitzapen teknologikoan, eta finantza-laguntza etengabea eman zuten aurrezki-kutxek, jatorrian, eta Vital Fundazioak, gaur egun.

Informatizazioa, digitalizazioa, gordailu digitala eta edizio digitala izan dira dokumentu-funtsak ikerketan hedatzea eta erabiltzea erraztu duten prozesu teknologikoak.


Zer beste zeregin dira funtsezkoak fundazioan? Zer profesional-motak osatzen dute lantaldea?

Fundazioaren giza taldea oso egonkorra izan da. Fundazioko langileen karrera profesionala etengabe garatu da, eta, horren ondorioz, aldaketa teknologikoak naturaltasunez txertatu dira.

Aldi berean, dokumentazio-zerbitzuetako, digitalizazioko, edizioko … enpresa ugari aritu dira lankidetzan Fundazioarekin, baita deskribapen bibliografiko edo artxibistikoko lan teknikoak ere.

Denbora-ibilbide luzean, zereginak aldatu egin dira. Funtsaren deskribapena eta kontrola eta ikertzailearen arreta funtsezkoak ziren hasieran. Orain, berriz, prozesu digitalak eta horiekin lotutako zeregin teknikoak dira Fundazioaren jarduera hobekien definitzen dutenak. Aurrez aurreko arreta izatetik zerbitzu digitaletan oinarritutako arreta izatera igaro gara. Funtsak digitalizatzea da oinarrizko zeregina.


Eta zein ezaugarri ditu artatzen duzuen publikoak? Ikerketarekin lotuta al daude beti edo beste profil bat dago, funtsetan interesa duten pertsonena?

Digitalizazioak handitu eta biderkatu egin ditu Fundazioaren funtsetan interesa duten pertsonak. Orain erabiltzaile nagusia da interneten erabiltzailea, baina oraindik ere garrantzitsua da erabiltzaile presentziala. Ezin da ahaztu Sancho El Sabio Fundazioa Gasteizen jaio zela. Hiri hori da erdiko eragin-zirkulua, eta ondoren zirkulu zentrokideak daude, Araban hasten direnak.

Funtsak askotarikoak dira, haur, gazte, ikertzaile, dibulgatzaile, eruditu eta abarrekin zerikusia dutenak, baina kontsulta gehienak ikerketari buruzkoak dira. Bildumak kontserbazio izaera nabarmena du. Euskal dokumentu?ondarearen funts bat sortzen ari da, ondarea zaintzeko bokazioa duena. Ez dago artxibo-xahuketarik, ez da ezer ezabatzen, materiala metatu egiten da, etorkizunean hura kontsultatzea egon dadin.

Fundazioaren web-estatistiketan 160 herrialdetatik egindako kontsultak agertzen dira, eta horrek agerian uzten du zer nolako interesa pizten duen euskal kulturak hurbileko ikerketatik haratago.


Betoñuko egoitza berria inauguratzearekin bat hasi zen herritarrei bisita gidatuak egiten, fundazioaren lana jendarteari hurbiltzeko. Zer erantzun izan zuen orduan, eta nola funtzionatzen ari da ekimena hamar urte geroago? Zer egin behar da zentroa bisitatu ahal izateko?

Egia esan, Zulueta jauregian ere, Senda ibilbidean, bisita gidatuak egiten ziren. Baina, bai, batez ere Betoñuko egoitzan egin dira bisitak maizago.

Bisiten helburua da Fundazioaren lana herritarrengana hurbiltzea eta dokumentu?bilduma ezagutaraztea, ikerkuntza-helbururik ez duten erabiltzaileentzat ere interesgarria dena. Bisitaldi gidatuen eta prestakuntza?tailerren bidez ikertzaile nagusi horien profila zabaldu nahi da. Hurbileko gai pertsonalei buruz ikertzen irakasten da: familia, izena, abizenak, kaleak, herriak, hiriak, data seinalatuetako prentsa, tokiko historia, genealogia … Pertsona bakoitza izan daiteke bere ikerketaren xede.

Formatu digitalaren bidez egin daitezke kontsultak, dokumentua hondatu gabe. Dokumentazio digitala zaindu egin behar da, baina behin eta berriz kontsultatzeak ez du dokumentua hondatzen edo kaltetzen. Dokumentua masiboki zabaltzeko aukera ematen du, ez bakarrik publiko espezializatuari edo ikertzaileei.

Sancho el Sabio Fundazioa bisitatzeko, hitzordua eskatu behar da 945 253 932 telefonoan edo posta elektronikoko helbide hau baliatuta: fs-inv@sanchoelsabio.eus.

Bestalde, www.sanchoelsabio.eus webgunean dago informazio hori, eta haren bidez funts digital guztiak eta katalogo osoak kontsulta daitezke.


Zer erronka ditu Fundazioak etorkizunerako?

Galdera horren erantzuna, 2020. urte honetan, eta orain dela hilabete batzuk emango genukeena desberdinak dira. Izan ere, fundazioaren jardueran ere izan ditu ondorioak pairatzen ari garen pandemiak.

Erantzun normala zera litzateke: Fundazioaren etorkizunak digitalizazioa behar duela, lankidetza, euskal kultura-funts dokumentalak kontrolatzeko lankidetza?prozesuak, lotutako beste proiektu batzuekin koordinatutako hedapena, euskal kultura-edukien metadatuen sorreraren normalizazioa eta laster historikotzat hartuko diren formatu digitalen kontserbazioa (horiek ere euskal dokumentu-ondare historikoaren parte izango dira). Bokazio unibertsal argia duen kultura batek sortutako ondarea eraginkortasunez hedatzea da erronka. Eta herritarrengandik gertu egoten jarraitzea, haien galderen zain eta galderei erantzuten.

Eta 2020an, giza talde osoaren jarduerari eustea, telelanak erakutsitako tresnak garatzen jarraitzea, prozesu teknikoak jarraitutasunez egiten jarraitzeko eta erabiltzaileei arreta pertsonalizatua emateko.

Internet bidezko kontsulta lehen inpertsonala bazen, zuzeneko kontaktua zaila zelako (aurrez aurreko kontsulta ez bezala), orain, komunikazio-tresna berriekin, pertsonarekiko zuzeneko tratua berreskuratu da. Helburua da normaltasun berriak orain arte lortutakoa ez ezabatzea. Ohiz kanpoko egoera izanik, aurrerapen handia ekarri du hedapenean eta lan koordinatuan, etengabeko presentziaren beharrik gabe.

 

(2020ko uztailaren 28an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana