EIZIE, Euskal Herriko kulturgintzaren parte garrantzitsua

  • EIZIE, Euskal Herriko kulturgintzaren parte garrantzitsua
    Itziar Diez de Ultzurrun, EIZIEko presidentea

Datorren asteko asteazkenean, irailak 30, Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Euskal Herrian, itzultzaileak, zuzentzaileak eta interpreteak EIZIEn bilduta daude. Elkarteak hiru hamarkada baino gehiagoko historia du, eta sektorearen bilakaeraren lekuko zuzena ez ezik, eragilea ere izan da askotan. Itziar Diez de Ultzurrun, elkarteko presidentearen eskutik, profesional horien lana eta sektorearen erronka berrien aurrean dituzten hausnarketak ezagutu ditugu.


Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea 1987an sortu zen. Zein egoeratan zegoen sektorea garai hartan?

Garai hartan, hainbat itzultzaile lanean ari ziren liburugintzan, hezkuntzan, hedabideetan eta administrazioan orotariko testuak euskaratzen, bai hemengo erdaretan sortutakoak eta bai kanpoko beste hizkuntzetakoak, orain baino askoz baliabide (linguistiko, teoriko, teknologiko) gutxiago zituztela.

1976an Itzultzaileen Prestakuntzarako lehen Ikastaldiak antolatu ziren, eta 1980an Donostiako Itzultzaile Eskola sortu zen. Itzulpen lanetan ari ziren horietako batzuk eskola hartako irakasle izan ziren. Ikastaldi haietan eta eskola horretan aritu ziren batzuk, eta bazegoen bere kasa trebaturiko anitz ere. Langintzan ari ziren batzuek SENEZ aldizkaria sortzea erabaki zuten 1984an. Aldizkariaren lehen ale hartan hauxe idatzi zuten: Bagaude Euskal Herrian jende multzo bat, lehen begiratuan dirudien baino dezentez ere handiagoa, itzulpena eta terminologia egitea edo erabiltzea suertatu eta hala ere arazo ugari dauzkaguna. Hala ere, ordea, elkarren berririk gabe gaude. Geure lana dugunari buruz elkarrekin pentsatu eta erizpideak sakondu ahal izateko medio baten faltaz. Aldizkari honek beraz, gaitzat hartu dugun alorrean interesa dugun guztion elkargarri izatea du lehendabiziko helburua.

 

 

Hor ageri da itzultzaile haiek elkarrekin aritzeko gogoa zutela, lanean sortzen zitzaizkien arazoei eta sumatutako gabeziei batera heltzeko premia zutela. Ondoren, SENEZ aldizkarian bertan egin zen elkartea sortzeko deia, honako hauek helburu: euskal itzultzaileen babes juridikoa lortzea, lan baldintzak hobetzea, euskarara edo euskaratik eginiko itzulpenen kalitatea zaintzea, era guztietako obrak euskarara itzul daitezen ahalegintzea, euskal itzultzaileak prestatzen laguntzea...

Garai hartan gure langai nagusia, euskara bera, oraindik ere alor formal batzuetan erabili gabea zen, eta beste batzuetan gutxi erabilitakoa. Hizkuntza egokitu, zorroztu, zabaldu eta malgutzen lan handia egin zuten garai hartako itzultzaileek (garai hartako idazle, terminologo, kazetari eta hizkuntzalariekin batera, noski). Euskara eta itzulpena alor berrietara iritsi ahala, terminologia arloko premiak gero eta handiagoak ziren, eta urte haietan lan handia egin zen; orduan jarri ziren ondotik etorri diren aurrerabide anitzen oinarriak.


Hiru hamarkada eta gero, zer alderditan esango zenuke aldatu dela panorama?

Alor askotan aldatu da egoera, eta gehienbat hobera egin dugula uste dugu.

Batetik, orduan baino anitzez jende gehiago ari gara itzulpen, interpretazio eta zuzentze lanetan Euskal Herrian, eta askoz alor gehiagotan. Prestakuntzari dagokionez, itzulpengintza gradua dugu Euskal Herriko Unibertsitatean, eta profesionalen prestakuntza gero eta hobea da. Elkarteari esker, besteak beste, badugu elkarren berri, eta adin eta eskarmentu orotako itzultzaileen arteko harremanari esker, jakituria eta eskarmentua eskuz esku igaroarazten asmatzen jakin dugu; hori agerikoa da, adibidez, egungo itzulpenen mailan. Izan ere, itzulpenen kalitateak gorantz egin du etengabe urte hauetan. Hori argi ikusten da molde guztietako testuetan, eta bereziki nabarmentzekoa da literatura itzulpenetan: itzulpen bikainak argitaratzen dira urtero. Itzulpenen kalitate on hori, bestalde, inoizko aitortzarik zabalena jasotzen ari da orain. Jakina, hori posible izan da gure langaiak berak, euskarak alegia, bilakaera itzela izan duelako eta gaur egun egiazko noranahiko hizkuntza bat delako, testugile guztion artean landu eta zorroztu duguna, izan idazle izan itzultzaile.

 

 

Bestetik, terminologian eta hiztegigintzan egin diren urrats guztien onuradunak ere bagara (Interneten eskura ditugu, gainera); eta, horrez gain, ezinbestez aipatu behar teknologia berrien garapen itzela: itzulpen-tresna hagitz lagungarriak ditugu orain, baita itzultzaile neuronal taxuzkoak ere, berriki arte ametsetan ere urrun ikusten genituen arren.

Azkenik, EIZIE bera ere sendotuz joan da, eta gure artean batzeko eta hainbat proiektu eta ekimen bideratzeko bitarteko funtsezkoa da gaur egun. Elkartea 25 bat bazkide zituela sortu zen eta orain 350 bazkide baino gehiago gara.


Elkartearen eginkizun nagusietako bat bazkideei babesa ematea da. Zer eremutan behar dute laguntza gehien?

Denetariko kezkak helarazten dizkigute, lan baldintzei dagozkienak, lan-eskaintza desegokien gainekoak. Gure elkartea informazio trukerako eta harremanetarako gunea ere bada, eta zabalik gaude bazkideek langintzari loturiko zernahi kontsultatarako.

Prestakuntza arloko eskaerak ere jasotzen ditugu: itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteendako bete-betean bideraturiko ikastaroak eskaintzen ditugu eta gure ikastaroek oro har oso harrera ona izaten dute.

Bestetik, ItzuL posta-zerrenda ere badugu: euskal itzulpengintzari buruzko foro elektroniko bat da eta zerbitzu hori edonork erabil dezake itzulpen zalantzarik edo hizkuntzari loturiko galderarik badu.


Esan bezala, EIZIE oso eragile aktiboa da, profesionalei zuzendutako programak, besteak beste, antolatuz. Zer helbururekin diseinatzen dira jarduera horiek?

Gure jarduera guztien helburua artez edo moldez beti da euskal itzulpengintza sustatzea, dela euskarara dela euskaratik egiten den itzulpen, interpetazio eta zuzentze lana bultzatzea. Hortaz, profesionalentzako programek beti dute helburu euskal itzultzaile, zuzentzaile zein interpreteei beren lanetan hobeki aritzekobalioko dien trebakuntza bermatzea. Gure elkartearen xedeetako bat hauxe era bada: euskarara edo euskaratik egiten diren itzulpenen kalitateaz arduratzea; eta taxuzko lanak egiteko itzultzaileok prestakuntza zabala behar dugu, eta prestakuntza behar horiek ez daude soilik hizkuntzari lotuak, zer arlotan gabiltzan, jakintza eremu edo sektore horri buruzko ezagutza ere beharko dugu, eta itzultzeko dauden tresna eta baliabide teknologiko eta bestelakoak egoki erabiltzen ere ikasi behar dugu.

 

 

Horrenbestez, gure alorrean ikusten ditugun premiei eta bazkideen artean sumatzen ditugun kezka eta nahiei erantzuteko antolatzen ditugu berariazko programak. Orain, esate baterako, kezka eta jakin-min handia dago itzultzaile automatikoen gainean. Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarrituriko itzultzaile horiei ahalik eta etekinik onena ateratzea da orain itzultzaile anitzen kezka. Horregatik, postedizioari buruzko ikastaro bat antolatu dugu on line, eta hiru talde osatu behar izan ditugu anitz jendek eman duelako izena.

Jarduera horiek, bestalde, elkar ezagutzeko eta gure arteko harremanak sendotzeko ere balio dute.


Elkartean, gainera, euskal irakurleei literatura unibertsaleko lan garrantzitsuak euskaraz eskuratzeko aukera eskaintzen diezue. Nola garatzen duzue lan-ildo hori?

Literatura Unibertsala bilduma 1989an sortu zen, eta EIZIEren eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren arteko lankidetza hitzarmen baten bidez kudeatzen da. Orain arte, 177 liburu euskaratu dira hitzarmen horri esker, eta, gainera, Urrezko Biblioteka bilduma ere sortu da (Literatura Unibertsala bildumako lehen 100 izenburuak agorturik daudelako eta haiek berrargitaratzeko).

Hasierako aldian, Ibaizabalek argitaratu zituen itzulitako lan horiek; bigarren aldian, Elkar eta Alberdania argitaletxeek, eta orain Erein eta Igela arduratzen dira. Liburu horiek euskarazko literatura unibertsalaren corpus-a finkatzerakoan garrantzi handia dutela iruditzen zaigu, bilduman argitaratutako obrek nolabaiteko kanon bat markatzen dutela, alegia; horregatik, munduko literaturaren irudi ahalik eta zabal eta askotarikoena eskaintzeko helburua dugu.

Hala, urtero zenbait liburu hautatzen ditugu, eta haiek nork itzuliko dituen erabakitzeko, berriz, lehiaketa antolatzen dugu. Libururen bat itzuli nahi duenak lagin bat itzuli eta aurkeztu behar du. Ondoren, epaimahai bat arduratzen da laginik egokienak hautatzen.

 

 

Hurrengo argitalpenak hauek izanen dira: Aleksandra Kollontairen Erle langileen amodioak (Aroa Uharte Zubillagak itzulia) eta Ernest Hemingwayren Eguzkia jaikitzen da (Koro Navarro Etxeberriak itzulia).


Aurrerapen teknologikoa eta honi esker itzulpenaren agertokia eraldatzen ari diren adimen artifizialarekin inplementatutako tresnak aipatu dituzu. Nola bizi du EIZIEk egoera hori?

Pozez, erne, kezkaz, eta jakin-minez.

Pozez, jakitun garelako itzultzaile automatiko berri horiei etekin handia atera dakiekeela. Lana azkarrago egiten laguntzen ahal digute, baina garbi dugu tresna horiek baliabide hutsak direla, eta itzultzaile profesionalen eskua beharko dela beti, “gailuak” proposaturiko “zirriborroa”orraztu beharko dela beti. Hortaz, erne egon behar dugula uste dugu, gailu horien erabilera okerra zabal ez dadin.

Kezka ere bada gure artean, ez ote duten euskara mehartuko eta trakestuko, ez ote duten balioko konforma errazagoak izan gaitezen, ez ote diren erabiliko itzultzaile profesionalak ez kontratatzeko edo haiei gutxiago ordaindu nahi izateko.

Eta, azkenik, argi eta garbi dago jakin-minez ere bagaudela: gaiari buruzko saio bat antolatu genuen neguan eta aretoa lepo bete zen. Horrez gain, lehen esan dudan bezala, gaiari buruzko ikastaro bat antolatu dugu eta hiru talde egin behar izan ditugu, hain izan du-eta harrera beroa.


Elkartearen ardura nagusia hartu zenuenetik eta urtebetera COVID-19ko itxialdia etorri zen. Nola eragin dio sektoreari krisialdi honek?

Egoera oso aldakorra izan zen hasieran, bana garbi ikusi da domino efektu bat dagoela.

Itzultzaile eta zuzentzaile autonomo asko lehendik zituzten enkarguak egiten aritu dira, baina eskaerak jaitsi dira gero. Enpresetako itzultzaile anitz telelanean aritu dira, eta hala daude oraindik batzuk. Eskaerak jaitsi diren enpresetan, kanpoko itzultzaile-sarea –autonomoz osatua, batez ere– hasia da nabaritzen jaisten ari dela lan-bolumena. ERTEak abiarazi dira, orobat, administraziorako lan egiten duten itzulpen-enpresa batzuetan. Argitalpenetan ere, domino efektua sortu da eta efektu hori geroan ere handiagoa izanen dela uste dugu: testuliburuak, literatura… Argitaletxeak liburuak itzultzeko uzkurrago daude, logikoa denez.

Testugintzan ez ezik, interpretazioan ere badu eraginik pandemiak, jakina, aurrez aurreko saio guztiak bertan behera geratu baitziren. Bilera birtualetan urruneko interpretazioa egiten hasi dira zenbait erakundetan (hain zuzen, modalitate horren azterketa egiten harrapatu zuen elkartea COVID-19k eraginiko egoerak).

Prestakuntzari dagokionez, aurrez aurreko trebakuntza-ikastaro eta mintegi guztiak eten ditugu, eta, oraingoz, gure asmoa da on line ikastaroak eta saioak lehenestea.

Bestalde, literatura itzulpenak sustatzeko ekimenak atzeratu edo bertan behera gelditu dira.

Dena den, benetako eragina aurrerago nabarituko delakoan gaude.


Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak itzulpengintzaren arloan?

Erronka hauek azpimarratuko nituzke:

Batetik, beste lan arlo anitzetan bezala, COVID-19aren ondorioen beldurra dago gurean ere. Hortaz, gure errronketako bat, itzultzaile eta interpreteen lan baldintzak aldeztea eta kaskartzen ez uztea da. Erne ibiltzea alor horretan.

Bestetik, aurrerapen teknologikoak ganoraz erabiltzen asmatzea erronka handia da, gure aburuz. Gure egoera diglosikoan —segur aski bestela ere bai, baina ondorioak larriagoak izan daitezke euskarazko testugintzan— oso arriskutsua izan daiteke euskarazko testuak tresna automatiko hutsen bidez “ekoizten” hasteko tentazioa. Kalte handia egiten ahal dio horrek urte luzeotako lanari, jende ugariren jardun bikainari esker gure langintzan lortu dugun kalitate onari.

Azkenik, gure lanaren aitortza eta ikusgaitasuna handitzea, horra beste erronka handi bat (erronka zaharra izanagatik ere). Itzulpena ezinbestekoa izan da hizkuntza ezberdinetako jendearen eta gizarteen arteko harremanetan, eta, oraingo mundu globalizatu honetan, are jardun premiazkoagoa da. Itzulpenak behar ditugu munduaren berri izateko, munduaz gozatzeko, kanpokoa ekartzeko, eta besteek gure hizkuntzan sortutakoa ezagut dezaten.

Gainera, euskal itzulpena eta interpretazioa funtsezkoak dira euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko, eta euskaraz bizi nahi dutenek ahalik eta gehienetan erabil ahal izan dezaten euskara. Funtsezkoak, orobat, munduko erdaretan sorturiko literaturaz, fikzioaz, saiakerez, poesiaz eta ikus-entzunezkoez gure hizkuntzan gozatu ahal izateko.

Hemengo kulturgintzaren parte garrantzitsu bat gara eta hizkuntza normalizazioren alderdi funtsezko batean aritzen gara. Hori ere ikustea eta aitortzea nahi dugu.

 

(2020ko irailaren 21ean argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana