MarraziOak, irudia hitza denean

  • MarraziOak, irudia hitza denean

Urriaren 19tik 23ra bitartean, Galtzagorri Elkarteak ilustratzaileengan eta horiek Euskal Herriko haur eta gazte literaturari egiten dioten ekarpenean jarriko du arreta. Juan Kruz Igerabide eta Maite Gurrutxagaren laguntzarekin, ahozko tradizioa izango dute ardatz MarraziOak tailerreko aurtengo edizioan. Elkarteko kideekin hitz egin dugu xehetasunak ezagutzeko.


Marrazioak tailerrak 2008an hasi ziren. Zein helbururekin jarri zenituzten martxan?

MarraziOak-en hastapenetako helburuak bi ziren: batetik, ilustratzaileei formazio aukera bat eskaintzea; bestetik, ilustratzaileen arteko topagune bat sortzea. Eta hau guztia, Euskal Haur eta Gazte Literaturaren inguruan egin nahi genuen eta euskaraz egin ere. Izan ere, ilustrazioa bigarren mailako elementutzat hartua izan da Literaturan, baita Haur eta Gazte Literaturan ere.

Galtzagorrik, ordea, ilustraziogintzaren aldeko apustua egin du, eta indarrak jarri ditugu eremu hori hauspotzen eta ilustratzaileen trebakuntza sustatzen, haur eta gazte literatura den gure esparruan betiere, besteak beste irudien magiak pisu ikaragarria duelako etorkizuneko irakurleak sortzerakoan.

Gaur-gaurkoz euskal ilustratzaileen maila oso handia da eta harrobia indarrez dator.

MarraziOak tailerrari eta Galtzagorrik bultzatzen dituen beste proiektu batzuei esker –BIKO-TEKA, kasu–, gure elkartea bere alea jartzen ari da euskal ilustraziogintzaren garapenean, kalitatearen gorakadan eta oparotasunean.

 



Hamabi edizio hauetan, nola joan dira garatzen?

Lehenengo edizioa 2009an antolatu genuen Artelekun, eta aurreneko ilustratzaileen topaketa haren ostean jasotako balorazio onek aurrera jarraitzeko hauspoa eman ziguten.

Orduz geroztik, urtero-urtero gai ezberdinak jorratu ditugu: ipuingintza eta autoedizioa, gazteentzako mikroipuin animatuak, ilusionismoaren teknikak, album-mutuak sortzeko bideak, tradiziozko hizkuntzarekin esperimentatzeko aukerak, dibulgazio-liburuen nondik norakoa, XX. mendeko ikonografiaren berrinterpretazioa, haur txiki-txikientzako liburuak sortzeko prozesuak, memoriaren gaia, liburu-albumak eta errezeta liburuak lotu zituen tailerra eta aurtengoa, ahozko tradizioa oinarri hartuko duena.

Bestetik, irakasle asko pasa dira MarraziOetatik eta bakoitzak bere ekarpena egin dio. Elena Odriozola eta Gustavo Puerta eta Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch izan dira ekitaldi gehienak gidatu  dituztenak. Horiez gain, hasierako tailerretan Isabel Herguera, Oier Guillan eta Joxe Belmontek egin zituzten gidaritza-lanak.

MarraziOetan sortutako hainbat lan publikatu dira eta erakusketak ere egin dira tailerrean egindako lanekin.


Tailerrak oso formatu praktikoa du. Zein alderdiri ematen diozue garrantzi handiagoa?

Edizioz edizio, MarraziOak tailer bakoitza programa edo gai ezberdin bati lotzen zaio non gaitegi bat aukeratzen den ilustrazio narratiboan sakontzeko. Hala, istorio bat ilustratzeko bide ezberdinak arakatzen dira. Gidariek bereziki erreparatzen diote narrazioaren sekuentziazioari. Halaber, ilustratzaileei dagokion gaiaren gaineko material eta dokumentazio ugaria eskaintzen zaie.

 

Horrez gain, ilustratzaileek beren kabuz lanean igarotzen duten denborari balio handia ematen diogu: elkarren ondoan lanean ari dira eta egiten ari diren hori partekatzeko aukera izateaz gain, gidarien aholkuak jaso ditzaketelako.

Finean, helburua alderdi bakar batek garrantzia hartzea baino, tailerraren alderdi guztiek bat egitea da eta ilustratzaileak tailerra amaitzea bere trebakuntzan aurrera egin dutenaren sentipenarekin, eta egiten duten balorazioak oinarri, hala dela esan dezakegu.  


Urtero hamar bat parte-hartzaile aukeratzen dituzue. Ilustratzaile profil zehatz bat aurkezten al da? Zein irizpide izaten dituzue kontuan ikasleen zerrenda osatzeko?

Profil zehatzik ez dago. Izena ematerakoan, beren lanaren lagin bat bidaltzeko eskatzen diegu eta gidariek lan horiek oinarri hartuta aukeratzen dituzte ilustratzaileak.

Bestetik, hautaketan irizpide bakarra kalitatea dela esan genezake, hots, ilustratzaileek bidaltzen dituzten laginen kalitatea.


Aurten ahozko tradizioa izango duzue hizpide, Juan Kruz Igerabide eta Maite Gurrutxagaren gidaritzapean. Zeintzuk izango dira programaren ardatz nagusiak?

Tailerraren helburua ilustratzaileekin batera herri-poesiako materiala ezagutzea eta sekuentziazio-aukerak lantzea da. Mota askotako materiala eskaintzen digu herri tradizioak: antzerki-eszena modukoak (Txirristi-mirristi: salda prestatu eta irenstea); jokaera magikoak (Atxia-motxia: sorginkeria modu bat); zenbakiak desitxuratuz eginikoak (Baga, biga; Bat, Mattin parrat), amaierarik gabeko lanak (lihoaren penak, O Pello, Pello…); segida-txandakatuak (Akerra ikusi dugu, Behin joan nintzen azokara…).

Sekuentziazioetarako denbora eta espazio-osagai mota asko ageri dira, baina baita pertsonaien egoerak edo gorputz-jarrerak ere (hatzekin eginiko jolasak ere hor sar genitzake, esate baterako).

 




Zer trebetasun garatu behar dira irudiari ahozko zein idatzizko egitura literario bat (sekuentziak, segidak...) emateko?

Urrian egingo dugun MarraziOak tailerrean, gidariek parte hartuko duten ilustratzaileei herri poesiako materiala ezagutarazteko tartea hartuko dute, eta haietatik abiatuta zenbait sekuentzia mota aztertuko dituzte: sekuentzia narratiboak, emoziozko sekuentziak, irudimenezko sekuentziak… Halaber, tradiziozko ipuin ilustratuak ere ikusiko dituzte.

Izan ere, trebetasuna jakintzaren eta praktikaren bitartez eraikitzen delakoan gaude Galtzagorri Elkartean, hori dela eta, gure tailerrak parte-hartzaileek bi zutabe horiek elika ditzaten sortzen ditugu.


COVID-19ren krisiak eta "normaltasun berriak" tailerraren antolaketan eraginik izan al dute?

Osasun-krisiak ez dio bereziki eragin MarraziOak tailerraren antolaketari. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker, tailerrarekin aurrera egitea erabaki genuen Galtzagorritik gidariek beren prestutasuna erakutsi ondoren.

Iaz bezala, aurtengo tailerra Igeldoko Undermount elkartean egingo dugu; elkarteak espazio handia du non beharrezko distantziak bermatuta egongo diren eta kanpo alde bat ere badu parte-hartzaile eta gidarien eskura egongo dena.

Beraz, egoerak eskatzen dituen neurria guztiak hartzeko moduan egongo gara eta tailerrak ez du eragozpenik izango.


Zer beste gai jorratu nahiko zenituzkete tailerretan, hurrengo edizioetara begira?

Urtero-urtero parte hartzen duten ilustratzaileei balorazio-orri bana pasatzen diegu tailerraren inguruko iritzia eman dezaten eta orri horretan etorkizuneko tailerretan lantzeko moduko gaiak adieraz ditzatela eskatzen diegu. Hala jasotzen ditugun gaiez gain, gidariak ere beti datoz ideiekin.

 



Etorkizuneko gaien artean, esate baterako, ilustratzaileak bere gain hartzen duen obra osoa daukagu buruan, hau da, idazlearen beharrik gabe, ilustratzaileak bere osotasunean sortzen duen obraren sormen-prozesua eraman nahi genuke, besteak beste, hurrengo MarraziOetara.

 

(2020ko irailaren 29an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana