Game Erauntsia, bideo-jokalari euskaldunen lurraldea

  • Game Erauntsia, bideo-jokalari euskaldunen lurraldea

Bideo-jokoen sektoreak une gozoa bizi du, zalantzarik gabe. Urtero gehiago fakturatzeaz gain, etengabe hedatzen ari den publiko-sare zabala duen industria da. Euskaraz jokatzea, ordea, zailagoa da. Game Erauntsia plataforma egoerari buelta emateko prest dago, eta zailtasun horiek gainditzeko lanean ari da. Horrela kontatu digute nolakoa izaten ari den esperientzia.


Noiz eta zerk bultzatuta jaio zen Game Erauntsia?

Game Erauntsia egitasmoa euskaltzale eta bideo-joko zale lagun talde batek sortu genuen 2014.urtean bideo-jokoekin zerikusia zuen euskarazko eduki faltaren aurreko erreakzio bezala.

Euskara eta bideo-jokoak uztartzeko asmoarekin hainbat ekimen abian jarri ditugu: web atari bat, berriak, bide-ojokoen analisiak eta gameplay-ak elkarbanatzeko. Txapelketak ere antolatzen ditugu eta euskaraz jolastu daitekeen bideo-joko liburutegi bat eratu dugu.

Horretaz gain gure Gamer Geletan euskarazko eta euskaratutako bideo-jokoak gazteengan zabaltzen ditugu.


Zenbat kide dituzue gaur egun? Posible al da bazkide-profil zehatz bat definitzea?

Game Erauntsiko talde motorrean 12 lagun gaude momentu honetan, elkartea aurrera eramateko lanak burutzen. Telegram taldea ere badugu, sarrera irekiarekin, bertan 91 partaide daudelarik eta Discord taldean 80. Espazio horietan bildu eta bideo-jokoei buruz hitz egiten dugu. Bitxikeria bezala, aurreko batean Telegram taldean guraso batek laguntza eskatu zuen Minecraft jokoaren inguruan, semeak ezin baitzuen martxan jarri eta jendearen laguntzarekin arazoa konpondu genuen.

Gure web atarian erregistraturik ia 1000 pertsona daude. Erregistro honekin ekintza ezberdinetan parte hartu ahal da, txapelketetan adibidez, eta gainera beraien berriak, analisiak eta gameplay-ak publikatu ditzakete.

 



Game Erauntsiko bazkide-profilari begiratuko bagenio, esan daiteke normalki gazteak direla parte hartze handiena duten sektorea, normalki gizonezkoak. Emakumeei dagokienez, bideo-jokoen mundua estigmatizatua izan da urteetan, baina pixkanaka ari zaio buelta ematen egoerari eta zerbait komuna bihurtzen ari da emakumeak bideo-jokoetan jolastea eta lan egitea (garatzaileak, streamerrak…). Emakume gehiago nahi ditugu gure sareetan parte-hartzen eta hori sustatzeko lanean ari gara.


Zuen plataforman euskaraz egiten duzue lan. Zein egoeratan dago gure hizkuntza bideo-jokoen sektorean, bai zaleen artean, bai gure testuinguruan garatzen diren jokoen artean?

Bideo-jokoak eta euskarari dagokionean gure elkartea da egitasmo nagusia. Bestelako ekimen txikiagoak egon dira, baina ez dute jarraipenik izan.
 
Guk elkarte bezala espazio bat eskaintzen dugu komunitatearentzat: gure webgunea, gure telegram eta discord taldeak… eztabaidak sortzen dira, bai, baina parte-hartzaileak gutxi dira. Gero, streamerren munduan, sortzaileak irlak dira, gutxi eta ia-ia ezezagunak. Oraintxe sortu da kezka eta oraintxe ari dira euskara hedatzeko saiakera txikiak egiten. Gutxi gora behera, dozena erdi pertsona identifikatu ditugu euskaraz zuzenean emititu dutenak edota saiakera horiek egin dituztenak.
 
Horrek ez du esan nahi Interneten euskaraz bideo-jokoak ez direnik jolasten. Guk gure webgunean euskarazko 800 gameplay baino gehiago ditugu gordeta.

Bestalde, bideo-joko garatzaileak normalki hizkuntza nagusiekin egiten dute lana (inglesa, gaztelera…). Euskaraz sortutako bideo-jokoak oso gutxi dira. Besteak beste, orain dela gutxi Erik Zubiria oñatiarrak Batu ta Batu puzle generoko bideo-jokoa argitaratu du. Bideo-jokoak itzultzeko aukera dagonenean auzolan gisa planteatzen dugu.


Ildo horretan, joan den martxoan edukien itzulpenean lan egiteko kanpaina bati ekin zenioten, euskarazko bideo-jokoen kopuru handiagoa eskuratu ahal izateko. Zer erantzun izan du ekimenak?

Beharrezkoa ikusi genuen bideo-jokoak euskaratzeko lana burutzea, jendeak ikusi zezan euskaraz ere jolasteko aukera zegoela, euskarari ikusgarritasuna eman eta bideo-jokoetan jolasteko aitzakiarekin. Esan behar da beste pertsona batzuk ere euskaratu bideo-jokoak dituztela, eta beraien lana web atarian jaso dugu.

Bideo-joko baten itzulpena egiterako momentuan, lehendabizi jokoa aukeratu behar dugu. Itzulpena egiteko fitxategiak eskuratzeko errazak izan behar dira. Fitxategi horiek itzulpena egiteko plataforma batean sartzen ditugu eta online hasten gara lanean. Game Erauntsiko lan taldeak bideo-joko ugari itzuli ditugu, adibidez, Minecraft. Web atarian aurkituko duzue euskaratutako bideo-jokoen zerrenda.

Orain arte itzulpenak modu amateurrean eginak daude, baina lan honen estandarizazioa bermatzeko itzulpen tailerra osatzen ari gara, lan guztiak irizpide berdinean itzuliak egon daitezen.

Azpimarratu behar da batzuetan itzulpena garatzaileek egiten dutela. Esaterako, Gabriel Fiallegas euskaldunak Delta Squad-en garatzaile bezala lan egiteaz gain bideo-jokoa itzuli zuen.


Gaur egun ahalegin handia egiten ari zarete, bide beretik, euskarak Twitch plataforman presentzia izan dezan. Zer suposatuko luke horrek euskal gamers-en komunitatearentzat eta nola lagundu daiteke eskari horrekin?

Momentu honetan euskaraz aritzen diren sortzaileak ezin dute hizkuntza bezala euskara aukeratu. Ondorioz, ikusleek euskaraz ari den sortzailea bilatzeko zailtasunak dituzte.

Sortzaileek zuzenekoetan hizkuntz bezala euskara jartzeko aukera izanda, ikusleek bilatzaileko hizkuntz iragazian euskara hautatu dezake eta euskarazko edukietara erraz iritsi.
 
Gure twitter profilean finkatutako tweetan esteka bat jarri dugu. Hor dago parte hartzeko  informazio guztia eta oso erraza da. Twitcheko foroetara esteka bilatu behar da, twichen erabiltzailea ez baduzu izena eta pasahitza sortu eta klik batekin nahikoa da bozketa egiteko.

Youtube kanalean ere badaukagu hau egiteko tutorial bat.

 




Aipatutakoez gain, zer beste ekintza garatzen dituzue sortu duzuen sarea indartzeko?

Game Erauntsiaren elkartean orotariko ekintzak egiten ditugu euskara eta bideo-jokoak uztartzeko. Ekintza hauetako batzuk online dira, adibidez txapelketak, albisteak eta analisiak argitaratzea, gameplayak edo bideo dibulgatiboak sortu eta youtubera igo, zuzeneko hitzaldiak komentatu…
 
Aurrez-aurreko ekintzak ere egin izan ditugu, baina aurten koronabirusa dela eta askoz ere mugatuak gaude. Besteak beste, laister Jokoteknia jardunaldia antolatuko dugu Bilbon Azkue Fundazioarekin elkarlanean. Industriako hainbat profesional etorriko dira eta hitzaldiak emango dituzte bideo-jokoen inguruko gai desberdinak landuz.


Nazioarteko ikerketa askoren arabera, COVID-19ren krisiaren ondoriozko konfinamendu-aldietan bideo-jokoen kontsumoa areagotu egin da. Zuen ustez, zer paper jokatu dute egoera horretan?

Bideo-jokoen kontsumoari dagokionez, hauek etxean jolasteko aisialdi produktuak dira, beraz, entretenimendurako oso bide egokia izan dira itxialdian. Gainera, garatzaile askok bere jokoak dohainik eskaintzen dituzte edo bestela, ehundaka bideo-joko eskaintzen dituzten plataforma digitalei bazkidetzak gaur egun nahiko merkeak dira.

Hori bai, itxialdiak eraginda e-kirol kontsumoa aldatu egin da. Aurrez-aurreko ebentuak bertan-behera geratu zirenez, bideo-jokalari profesionalak online jolastu zuten. Ikusleak, pabiloi handietara joan beharrean, online ikusi zituzten partida hauek.

Denbora pasa gisa Euskal Herri eta Espainia mailan hainbat txapelketa antolatu dira.  Guk besteak beste FIFA20 EUSKAL LIGA antolatu genuen Gu ere bai! kolektiboarekin elkarlanean. 160 lagunek izena eman zuten eta finala Hamaika Telebistan emititu zen.

 



Etorkizuneko zer erronka planteatzen ditu Game Erauntsia plataformak?

Aurtengo neguari begira, Jokoteknia 2020 jardunaldiaren antolaketan buru belarri gaude lanean. Baita ere urtero Durangoko azokan egiten dugun ekitaldia prestatzen hasiak gaude (nahiz eta koronabirusak aldaketak ekarri dituen).

Euskararen egunarekin bat eginez, Twitch plataforman euskara hizkuntz bezala onartzeko kanpaina abian jartzear gaude. Proiektuari azkenengo ukituak ematen ari gara momentu honetan. Horrekin lotuta, euskaraz jarduten duten sortzaileen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea dugu jo mugan.

Bestalde, online moduan egiteko Rocket League txapelketa antolatzen hasi gara, jokua debalde jarri baitute. Itzulpenei dagokionez, udaberrian Cities Skylines jokoaren itzulpena egiten hasi ginen eta horrekin jarraitzen dugu.

Datorren urteei begira, koronobirusaren eboluzioaren arabera, Gamer Gelen sustapena indartu nahi dugu. Berritasun bezala, prestatzen ari garen hainbat tailer laister eskeintzeko ideia daukagu, esaterako itzulpen tailerra.

 

(2020ko urriaren 13an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana