Donosskino, film laburren unea Gipuzkoako hiriburuan

  • Donosskino, film laburren unea Gipuzkoako hiriburuan

Donostiak zine usaina dauka urte osoan zehar, baina udazkenean bereziki. Eta laugarren urtez jarraian, film laburra izango du ardatz. Urriaren 13tik 17ra Kristonkino elkarteak lehen lerrora ekarriko ditu ekoizpen laburrak. Laura Rodriguez jaialdiko komunikazio arduradunarekin hitz egin dugu aurtengo edizioari buruz.


Donosskino Kristonkinoren baitan jaio zen. Zein da elkartearen jatorria eta bertatik burutzen duzuen lana?

Kristonkino fikziozko ikus-entzunezko kolektibo bat da, Donostiako hirian finkatuta dagoena. Film laburrak ekoizteko helburuarekin sortuta eta azkenengo urteetan Donosskinoren antolakuntzan murgildua.

Orain dela urte batzuk, lagun talde batek sortu zuen kolektiboa beraien proiektuak aurrera ateratzeko helburuarekin. Denak zeuden ikus-entzunezko munduan sartuak, modu batean edo bestean, eta beraien istorioak kontatzeko nahia zuten. Buruan zeuzkaten proiektuak gauzatzeko batu ziren, ezinezkoa delako holako gauzak bakarrik egitea.

Momentu honetan Kristonkino guztiz murgilduta dago Donosskinoren ekoizpenean. Hala ere, noizbehinka, beste ekitaldi eta ikus-entzunezko proiektuak aurrera eramaten ditu elkarteak.


2017an, Donosskino Film Laburren Jaialdia abiatu zenuten. Nola gogoratzen duzue lehen edizioa eta nola baloratzen duzue jaialdia egiten ari den ibilbidea?

Lehenengo edizio hartan hasiberriak ginen holako proiektu batean, eta gainera, lantaldean jende berria sartu zen dena aurrera eraman ahal izateko. Hala ere, eta nahiz eta azken orduko arazo dezente eduki, nahiko ondo joan zitzaigun dena. Urteekin gure esperientzia handituz joan da, noski, eta urtero gauzak hobeto ateratzen direla nabaritzen dugu.

Donosskino pixkanaka hazten ari da eta urtero gauza berriren bat egiten saiatzen gara. Etxean Shortuak saila gehitu genuen orain dela pare bat urte, eta aurten nazioarteko film laburrak parte-hartzen dute ShortZinema sailean, eta ez estatukoak soilik. Aurrerapauso txikiak ematen ari gara eta gauzak segurtasun handiagoz lantzen ditugu.


Ez da erraza ikus-entzunezko ekitaldien egutegian lekua egitea Donostia bezalako hiri batean, are gutxiago udazkenean. Zuen ustez, zein da hori lortzeko gakoa?

Donostia eta zinemaren arteko erlazioa oso estua da eta donostiarrok ezin gara kexatu horren inguruan hiriak eskaintzen digun aukeraz. Donosskinorekin hasi ginenean Donostiako kultur egutegia hobeto aztertu genuen eta zaila izan zen festibala egiteko data bat aukeratzea. Hasiera batean uztailean egin genuen festibala, baino ez zitzaigun guztiz konbenzitzen data hori. Azkenean tartetxo hau topatu genuen Zinemaldia eta Beldurrezko astearen artean. Publikoari zinemarekin jarraitzeko aukera bat ematen diogu, beste formatu batean eta giro ezberdin batekin.

Gakoa zein den? Ez dakigu, baina proposamen interesgarri, ezberdin eta denontzako aukerekin aurrera eramateko lan egiten jarraituko dugu.

 



Aipatu duzuen bezala, jaialdiak mugak hautsi ditu eta nazioarteko film laburrei ireki dizkie ateak. Nolakoa izan da esperientzia?

Aurrerapausoak eman nahi genituen eta nazioarteko film laburrei lehian parte-hartzeko aukera eman diegu. Horri esker jendeari proposamen zabalagoa eskain diezaiokegu. Mundo osoko istorio interesgarri eta desberdinak ezagutzeko aukera.

Aurreko urteetako lan-kopuruaren antzekoa izan da. Hala ere, egia da asuntoa hor zegoela, komunikazio aldetik gehiago landu behar izan ditugula gauzak, edo azpititulu guztiak behar bezala zeudela ziurtatzeko lan hori egin behar izan dugula... Eta, beno, lastima bat da, gaur egungo egoera dela eta, ezin izango dugula sortzaile askorik eduki, bidaiatzeko arazoak direla eta.


Ildo horretan, nola bizi izan duzue COVID-19ren krisiak zuen proiektuan izan duen eragina? Ze punturaino baldintzatu du 2020ko programa?

Hilabete hauetan bueltaka egon gara festibala garatzeko modurik onena pentsatzen. Azkenean, momentu honetan dauden arauekin publikoaren batera antzokian egiteko aukera daukagu, protokolo guztiak eta segurtasun neurriak jarraituz, noski. Hori guretzako pozgarria da, nola ez… publikoarekin zuzenean partekatu nahi genituen istorio hauek guztiak, era halaxe egingo dugu.

Festibalaren planteamendua egiteko orduan kontuan izan behar izan dugu tokien edukiera eta horren arabera gauza batzuk aldatu. Donosskinon gonbidatuentzako egiten ditugun ekitaldi sozial guztiak ahaztu behar izan ditugu eta bidaiak egiteko arazoak direla eta, aurten ez dira hainbeste zuzendari etorriko. Hala ere, film laburretako gonbidatuak izango ditugu gure artean.

Azken finean moldatu egin gara COVID-19aren krisiak ekarri dituen arauetara eta festibalean segurtasun neurri guztiak mantenduko dira denok film laburrez lasai disfrutatzeko.


Aurtengo ohorezko sariaren aitorpena Michel Gaztambiderentzat izango da. Zer suposatu du ikus-entzunezko prestakuntzaren arloan egin duen lanak?

Gidoilari gisa egin duen ibilbidea eta lanaz gain, Michel Gaztambidek ekarpen garrantzitsua egin duela zinemaren munduan uste dugu, bereziki film laburren munduan.

Bere istorioak gurekin partekatzeaz gain, bere ezagutzak partekatu ditu, eta askori lagundu die beraien lehen urratsak ematen eta karrerak hasten. Bere lan profesionalaren bi alderdiak baloratu behar direla pentsatzen dugu, eta horregatik ematen zaio ohorezko sari hau.

 



Nola irudikatzen duzue Donosskino hamarkada baten buruan?

Zaila da galdera horri erantzutea. Azkenengo hilabeteetan ikusi dugunez, gauzak erabat aldatu daitezke edozein momentutan eta ez dakigu kulturaren arloa nola joango den. Gure aldetik gogotsu gaude Donosskinok ibilbide luzea eduki dezan.

Festibala aurrera eramateko beharrezkoak ditugun dirulaguntzak eta kolaborazioak urte hauetan mantentzen lortzen badugu eta kolaboratzaile berriak sartzen badira, seguru gaude Donosskinok aurrera jarraituko duela.

 

(2020ko urriaren 14an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana