Jose Luis Ansorena omenduko du Musikasteren 48. edizioak

  • Jose Luis Ansorena omenduko du Musikasteren 48. edizioak
    Musikasteren 48. edizioa gaur aurkeztu da, Eresbilek Errenterian duen egoitzan. (NAIZ)
naiz.eus

  • DataUrriak 16
  • Gaia Musika

Hilabete batzuetako atzerapenarekin bada ere, eta moldaketa batzuekin, 48. Musikaste euskal musikaren astea ospatuko da Errenterian ostiral honetatik hilaren 24ra. Edizio hau Eresbil Musika Artxiboaren eta Andra Mari abesbatzaren sortzaileari eskainiko zaio, Jose Luis Ansorenari, iaz zendua.

Musikaste jaialdiak bihar irekiko ditu 48. edizioa izango denaren ateak, ohi bezala, Errenterian. Aurtengoa pandemiak markatutako edizioa da, aitortu dutenez, hitzordua maiatzetik urrira aldatu behar izateaz gain, programazioak ere aldaketak jasan dituelako: errepertorio sinfoniko koralari eskainitako jardunaldia bertan behera uzteko beharrean ikusi du bere burua antolakuntzak. Orotara, bi estreinaldi eta 25 konpositoreren lanak entzun ahal izango dira, horietako hamaika garaikideak eta horietatik hiru emakumeak sinatuak. 

Baina moldaketak moldaketa, urriaren 16tik 24ra bitartean, musika garaikidea, ganberakoa, antzinakoa eta korala entzuteko aukera izango da Errenterian, haurrei zuzendutako jarduera didaktikoaz gain.

Ostegun honetan egindako agerraldian azaldu dutenez, Musikasteren edizio hau Eresbil Musikaren Artxiboaren eta Andra Mari abesbatzaren sortzaileari eskainiko zaio, Jose Luis Ansorenari, iazko maiatzean zendua.

Edizioak sorrerako helburuei eutsiko die: garai guztietako euskal konpositoreen obra aurkeztea, antzinako musikatik autore klasikoetara, gaur egungo konpositoreei garrantzi berezia emanez. Horregatik, Musikastek, bere lehen bi kontzertuetan, musika garaikidearen panoraman finkaturik dauden hainbat euskal konpositoreen obrez osatutako programak aurkeztuko ditu.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana