LABO XL, lengoaia eszeniko berrien erakusleihoa

  • LABO XL, lengoaia eszeniko berrien erakusleihoa

COVID-19ren krisiak gure egitura kultural asko baldintzatu ditu, unibertso aberats eta anitza eratzen laguntzen duten proiektu ugari. Baina, era berean, agerian utzi du badaudela nahikoa indar eta adore artistak eta publikoa protagonista izaten jarraitzen duten ekimenak aurrera ateratzeko, oztopo guztien gainetik. Labo XL Jaialdia adibide ona da, txarrenari onena ateratzen asmatu dutelarik. Bigarren edizioaren atarian, 2020ko programa aurkeztuko digu Ion Estala jaialdiko zuzendariak.


Zein da LABO XL Jaialdiaren jatorria?

Duela hiru urte ekin genion LABO proiektuari eta 2017ko irailaren 7an izan zen lehenengo LABO jardunaldia.

Geroztik, sorkuntza prozesuak ezagutaraztea, ikuskizunak plazaratzea eta publikoa arte eszenikoen mundura hurbiltzea izan ditu helburu proiektuak.

LABO ekimen hilean bitan egin ohi da Donostiako erdiguneko bi espazio desberdinetan: Convent Garden-en (LABO Garden) eta Tabakalareko Kutxa Kulturren (LABO GO). Ibilitako bidearen «emaitza naturala» izan zen iaz LABO XL jaialdia lehen aldiz antolatzea.

LABOk sortutako proiektu bakoitza, LABO Garden eta LABO GO, euren nortasun propia garatzen hasi ziren eta zabaltzeko garaia iritsi zela sentitu genuen. Horrela jaio zen LABO XL.


Esan bezala, jaialdi moduan lehen urratsak ari da ematen. Zein inpresio utzi zizuen lehenengo edizioak, 2019ko urrian egin zenak?

Iazko jaialdia altxor neurtezina izango da betirako guretzat. Ikuskizunen kalitatea, artisten umiltasuna eta “buenrollismoa” ikaragarria izan zen.

Artisten, publikoaren eta jaialdiko taldearen artean sortu zen konexioa magia hutsa izan zen. Lan gogorra izan zen, bai, baina emaitzak konfirmatu zigun bide onean gindoazela jaialdia antolatzen.

 



Aurtengoa COVID-19ren osasun-krisiak baldintzatuko du, nahita nahiez. Nola eragin dizue zuen proiektu pertsonaletan eta nola Jaialdiari?

Urte oso gogorra ari gara bizitzen, hori da errealitatea. Asko sufritzen ari gara, dantza munduak eta kultura oro har.

Baina kulturan lan egiten dugunok, beti bezala, aurrera goaz. Ezin gara gelditu. NODE-n, gure konpainia, borrokan segitzen dugu gure lanek aurrera egin dezaten eta LABO proiektuarekin berdin-berdin ari gara.

Kultura segurua da eta ezin dugu erakusleiho espazio bat galdu, ezin dugu LABO hiltzen utzi. Artistek behar dugulako eta publikoak eskatzen duelako.


Mugimendua, gorputza eta espazioa dira topaketaren oinarria. Hiru elementu horien zer alderdi interesatzen zaizkizue?

Hiru ardats hauek gure lanaren oinarriak izan dira beti. Funtsezkoak iruditzen zaizkigu, oinarrizkoak eta hamaika posibilitate eduki dezakete.

Artista bakoitzak bere erara eramango ditu bere sortze prozesutan, noski, baina bide bat markatzen dute: gorputzak espazioan eragin dezakeena.


Proiektuen deialdi ireki bat egiten duzue tokiko talentu eszenikoa ikusarazteko. Zeintzuk dira programa osatzen duten lanak hautatzeko irizpideak?

Jaialdian lan egiten dugun guztiok proiektuen aukeran parte hartzen dugu.

Alde batetik, jaialdiaren filosofia oso argi dugu gure buruetan; eta bestetik, etxeko lanei garrantzia ematen diegu, emakume sortzaileen lanak eta euskaraz egindakoak. Prozesu oso polita da.

Artista guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu euren munduetan sartzeko leiho bat emateagatik. Pribilegiatuak sentitzen gara.


Zer nabarmendu nahiko zenukete aurtengo programazioan?

Bizitzen ari garen urtea kontutan hartuta, jaialdi “arrunt” bat sortzeko gaitasuna izan dugula azpimarratu nahiko genuke. Beharrezko segurtasun neurriak hartuta hiru eguneko dantza-teatro jaialdi bat gozatzeko aukera izango dugu.

Mota askotako ikuskizunak, lantegiak eta hitzaldiak izango ditugu. Oso harro gaude egiten ari garen lanarekin eta espero dugu hiru egun hauetan bai artistek zein publikoak hau sentitzea.

 



Programazio osoa bikaina da, baina azpimarratuko nahiko genukeena zera da: emakumeen presentzia geroz eta indartsuagoa dela, ez bakarrik antzezle moduan baizik eta sortze-prozesuetan eta zuzendari postuetan ere. Eta jaialdi honetan ikusiko dugu. Oso pozik gaude.


Nola planteatzen du LABO XL Jaialdiak bere etorkizuna? Zer erronkari egin behar dio aurre jarraipena bermatzeko?

Oraintxe bertan desiratzen dugun gauza bakarra lan egiteko aukera izaten jarraitzea da. Eta kultura segurua dela ozenki esan. Oso argi gera dadila! Gero, gerokoak...

Guk borrokan segituko dugu datorren urtean LABO jaialdia gurekin berriz izateko eta bitartean hileko LABOtaz disfrutatu.

 

(2020ko urriaren 16an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana