Montehermosok World Press Photo erakusketa hartuko du azaroaren 15era arte

  • Montehermosok World Press Photo erakusketa hartuko du azaroaren 15era arte

  • DataUrriak 16
  • Gaia Ikusizko arteak

Erakusketa 18 urte jarraian jarri da Gasteizen

Montehermoso kulturuneak World Press Photo erakusketaren beste edizio bat hartuko du, 18.a jarraian, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok eta erakusketaren koordinatzaile Paco Valderramak prentsaurrekoan azaldu dutenaren arabera.

2020an prentsa-argazkilaritzaren arloko munduko lehiaketarik garrantzitsuena irabazi duten 140 irudiak jarriko dira ikusgai ur biltegian. 24 herrialdetako 44 kazetari grafikok egin dituzte argazkiak. Aurtengo edizioan ia 74.000 argazki aurkeztu dira, 125 herrialdetako 4.282 argazkilarik eginak.

 “Kultura Sailetik sostengu ematen diogu gure kultur egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bati, halakoxea baita World Press Photo, pandemiaren kontrolak dakartzan zailtasunak gorabehera”, nabarmendu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

“Osasun kontrolarekin lotutako neurri guztiak hartu ditugu, jakina: edukiera murriztua; ibilbidearen seinaleztapena, jende pilaketa eragozteko; gela eta maskarak. Gogoratu nahi dugu kultura segurua dela, eta ez naiz hori errepikatzeaz nekatutako“, erantsi du.

Zuzeneko ahotsa

Yasuyoshi Chiba kazetari japoniarraren “Zuzeneko ahotsa” irudia izan da irabazle absolutua: Khartum-en (Sudaneko hiriburua) erregimen militarraren aurka egindako protestetan iluntasunaren erdian telefonoen argitara poesia errezitatzen ari den gazte baten argazkia da.

Erakusketa zortzi kategoriatan banatzen da, besteak beste: gaur egungo gaiak, albisteak, epe luzerako proiektuak, natura, kirolak eta erretratuak. 2020ko World Press Photo lehiaketan hiru izan dira gai nagusiak: batetik, herritarren protesta orokorrak, zeinetan gazteak izan baitira protagonista (Irak, Sudan, Hong Kong, Txile, Aljeria) eta naturarekin lotutako istorio harrigarriak, esaterako, hain ezagun bihurtu den pangolinarena.

Bestetik, askotariko gizarte gaiak: adinekoen bakardadea; IEko borrokalarien emazteak eta seme-alabak, Irakeko eremuetan atxikitakoak; abortua Bielorrusian; Ixil maien komunitatearen sufrimendua, edo Koran osoa buruz ikasten duten neskatilak.

Aipatzekoa da WPPren aurtengo edizioan ez dela gatazka armatuetan lortutako zuzeneko irudi gordinik; bai, ordea, erretratuak eta lan pertsonal eta barnekoiak.

Aukeratutako 44 argazkilarien artean hiru espainiar daude: Ramón Espinosa, Dorian urakanari buruzko irudi batengatik; Antonio Pizarro, katamotz iberiar baten argazkiagatik, eta Ricardo García Vilanova, Irakeko protesta batean konorterik gabe geratutako gizon baten irudiarengatik.

World Press Photo erakusketa Montehermoso kulturuneko ur biltegian ikusi ahalko da, urriaren 16tik azaroaren 15era (biak barne), 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 21:00etara, egunero, jaiegunak barne.

Bisitarientzako prebentzio-neurriak covid dela eta.

Astelehenetik ostiralera erakusketa ikusteko, sarrera librea izango da, edukiera bete arte, hau da, ez da erreserbarik egin beharko aurretiaz, ezta gonbit-txartelik eskatu beharko ere.

Larunbat eta igandeetan, gonbit-txartela (doakoa) beharko da, eta sarreran erakutsi (paperean inprimatu daiteke, edo gailu mugikor batean deskargatuta). Montehermoso kulturunearen web-orrian lortu dezakezu gonbit-txartela, edo 945 161619 telefonora deituz (astelehenetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara).

Informazio gehiago:

https://www.montehermoso.net/pagina.php?id_p=2083&m1=&m2=&i=eus

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana