BIME Pro, industria baten musika

  • BIME Pro, industria baten musika
berria.eus

  • DataAzaroak 6
  • Gaia Musika

Pandemiaren ondorioz, aurten ezin izan dute BIME musika jaialdia antolatu Barakaldoko BECen. Aitzitik, eta nazioarteko zenbait eragileren parte hartzearekin, hainbat mahai inguru eta hitzaldi antolatu dituzte musikaren industriaren gaurko eta etorkizuneko egoeraz eztabaidatzeko.

Joan den irailaren 17an #AlertaGorria deklaratu zuen ikuskizun eta ekitaldien sektoreak, bertako langileak bizitzen ari diren egoeraren larria salatzeko asmoz. Ikuskizunen industriak arlo ezberdin asko biltzen ditu, baina haien batasuna irudikatu zuen sarean eta kalean egindako mobilizazioen bidez; lelo berberekin egin zuten aldarri, izan enpresa, areto edo langile autonomo. Halaber, agerraldi horietaz harago, azkenaldian nahi baino ohikoagoa bilakatu da Teknikariok sindikatuaren deialdiei erantzunez kultur ikuskizunetan aritzen diren teknikariek kaleak beltzez nola janzten dituzten ikustea.

Sektoreak berezkoa duen ziurgabetasuna areagotu egin da martxotik hona, eta egoera berezi horretara egokitu behar izan dituzte ekitaldi guztiak, baita industriak barrura begira antolatzen dituenak ere. Horietako bat da BIME Pro, garrantzitsuenetako bat, Last Tour enpresak 2013az geroztik Barakaldoko (Bizkaia) BECen antolatzen duena. Musika industriako profesionalentzako topaketa da, ezagutzen dutenaren berri emateko eta negozioak egiteko topagune izateko sortua. Pandemiak hala behartuta, Bilboko Euskalduna jauregira aldatu dute aurten, eta bideo deiak ezinbesteko tresna izan dira, profesionalen arteko harremanak haien bidez egin baitira. Hein berean aldatu dira eztabaidagaiak ere: ia ezinezkoa izan da COVID-19a saihestu ahal izan duen mahai ingururik aurkitzea jardunaldiek iraun duten lau egunetan.

Musika industriaren nondik norakoak hobeki ezagutzeko abagune aparta da BIME Pro. Azken topaketaz aritzea zalantzak aletzearen parekoa da, ordea; etsipena eta haserrea izan dira nagusitu diren aldarteak, berritasunek sortzen duten irrikarekin batera. Feminismoaz hitz egin zen, baita Agenda 2030az ere, baina bestelakoak gailendu ziren, oro har. Zuzenekoen afera, batez ere. Jaialdiek berebiziko indarra duten garaiotan, aurtengo udan egitekoak zirenak desagertu egin dira, eta ia segurua da datorren urtean ere ez dela halakorik egongo. Industrian 2022an zer gertatuko zain daude, beraz. Eta bitartean, zer? Egoera aldakorretara egokitzen ohituta dagoen sektorea izanagatik ere, erronkak itzela dirudi. Live Nationekin batera, munduko musika festibal gehienak kudeatzen dituen AEG enpresako Jim Kingek, adibidez, egoera milurtekoaren hasierakoarekin alderatu zuen, Napster-en eztandak ekarritako P2P plataformen ugaritzeari dagokion garaiarekin, alegia. Diskoaren formatu fisikoaren gainbehera ekarri zuen horrek, eta, azkenean, streaming plataformen ugaritzea. Paradigma aldaketa bideratzeko saiakera antzuek eta eredu berria diru iturri bilakatzeko ezintasunek ezaugarritu zituzten, dena dela, trantsizioko urte haiek. Orain, orduan bezala, inork ez daki zein izango den etorriko den modelo berria.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana