Hatz(a)marka, elkarrekin ekin

  • Hatz(a)marka, elkarrekin ekin
  • Hatz(a)marka, elkarrekin ekin

Iñigo Satrustegi, Itziar López, Sarai Robles, Mikel Barberia, Maite Idoate, Julen Azketa eta Olatz Azpirotz Iruñerriko gazte sortzaileek Hatz(a)marka kolektiboa osatu dute, euskaraz lantaldean eta elkarrekin sortzeko dispositiboa. Taldearen eta Nafarroako Arte Gaztea Topaketen baitan aurkeztu berri duten "I" argitalpenaren inguruan mintzatu gara beraiekin.


Hatz(a)marka zuen ibilbide profesionalari ekiteko bide bat bilatzeko beharretik sortu zen. Zer panorama eskaintzen zizuen sektore artistiko eta kulturalak zuen ikasketak amaitzean?

Gure ibilbide profesionala ekiteko bide bat baino, Hatz(a)markarekin hainbat helburu bete nahi izan ditugu.

Batetik, gure ikasketak  bukatu ostean, sorkuntzarekin jarraitzeko aitzakia modura balio digu proiektu honek. Gehienok sorkuntzarekin harremana duten ikasketak egin ditugu: Artea, Diseinua, Itzulpengintza, Filologiak… Karrera bukatuta zertan arituko ginen ez bagenekien ere, proiektu honekin bermatuta geneukan kultur adierazpen desberdinak sortzeko aukera.

Bestetik, askotan esan izan duguna: diseinatzen edo idazten duen gazte batentzat aukerak urriak dira, eta egiten duguna sarri ez doa inora. Hau da, guk gustu handiz idazten, pintatzen, diseinatzen dugu, guretzako. Baina lan horiek plazaratu nahi ditugunean, arazo ugari topatzen ditugu. Sariketak izaten dira horretarako espazio bakarrenetarikoa, eta bertan ere, oso proiekzio mugatua jasotzen dute gure lanek (literatur lehiaketetan adibidez: lana bidali, epaimahaiak irakurtzen du, eta irabazita ere, batzuetan ez dira argitaratzen). Helburu hori bete nahi genuen proiektu honekin: guk egindako lanak kaleratu eta erakutsi ahal izatea.  
 

Beraz, erantzuna, ia naturala, taldean lan egitea izan zen. Nolakoa izan da prozesu hau?

Taldean aritzea eta talde bat izatea oso kontu desberdinak dira. Hasieran, oso zaila izan zen zortzi pertsonen arteko koordinazioa. Eta gaur egun ere, horretan ari gara, etengabe ikasten. Bakoitzak baditu bere lana, ikasketak, proiektuak… eta kide bakoitzaren motibazioa ere ez da beti berdina izan, aldakorra baizik, eta horrek, jakina, eragin zuzena izan du funtzionatzeko eran.

Hala ere, proiektuak aurrera egin ahala, eta lanak eskatzen zuen ardura geroz eta handiagoa zela ikusita, gehiagotan elkartzen hasi behar izan genuen, eta guztion inplikazioa behar beharrezkoa izan da. Prozesu horretan lortu dugu benetako talde izaera. Taldean ari ginen ordura arte, zortzi sortzaile, bakoitzak beretik ekarpenak egiten, baina bidean osatu da gure talde izaera, lehenengo liburua sortu arteko bidean.


Zer abantaila ekarri dizue kolektibo moduan aritzeak, zer aukera eman dizkizue?

Kolektiboan aritzeak, gorago aipatu dugun bezala, zailtasunak ditu. Baina era berean, etengabe ematen dizkizu bultzadak.

Hasteko, gutako bakoitzak bakarrik egindako lan banarekin zalantza askoz gehiago izango genituelako argitaratzeko unean. Gure zortzi sortzaileen lanak taldearen izenean aurkeztu ditugu. Bakoitzak bere ekarpentxoa egin du eta ondoan izan ditugu beste zazpiak aurkezterakoan.

Bestetik, sortze prozesua bera berezi bihurtzen du, ondokoak egiten duen horrek zuk sortzen duzunarengan eragina duelako, eta kontrako noranzkoan ere, berdin. Kolektiboan aritzeak nor bere ideiatik pixka bat aldentzera bultzatu gaitu, lehenengo liburuarekin adibidez, emaitza inoiz ez delako hasieran bakoitzak buruan zeukana, eta, are, ez delako izan behar.  Lan egiteko modu zaila da, baina merezi duena.

Motibazioa neurtzeko ere balio izan digu. Baten batek zalantzak izan dituenean, besteak lagundu dio aurrera egiten, eta alderantziz. Uneoro egon da norbait motibatuta lana aurrera atera ahal izateko.


2020. urtea bereziki zaila izaten ari da, COVID-19ren krisiaren ondorioz. Nola eragin dio zehazki zuen proiektuari? Zuen ustez, zein ari dira izaten kultur arlo kaltetuenak?

Guri dagokigunez, etxeko konfinamendua eta gero nolabaiteko bultzada bat izan genuen. Lana aurretik erdizka genuen egina, eta udak eskaintzen zigun ziurgabetasun horretan oso argi genuen irailerako amaitua behar zuela lanak. Mundu osoa kolokan egonda, nolabait, epe motzerako helburu bat izateak zeregina eta motibazioa eman dizkigu. Zentzu horretan paradoxikoa izan daiteke, baina ‘’ongi’’ etorri zaigu.

Egia da, orain, zailtasunak ere ekarri dizkigula egoerak. Aurkezpenak antolatzeko adibidez, eta behin antolatuta, aforoarekin ere buruhausteak daude. Gainera, Nafarroako mugak itxita daudenez, liburua Euskal Herriko beste herrialdeetako liburu-dendetara bidaltzeko prozesua asko mantsotu zaigu.

Gugandik harago joanda, argi dago kultur mundua ez dagoela bere unerik onenean. Liburuak, serieak, pelikulak, musika eta beste izan ziren gure oasia martxotik maiatzera bitarte. Haiei esker arindu genituen etxeko orduak eta egunak. Eta orain berriz, kultura inoiz baino estimatuago omen genuenean, sektore kaltetuenetako bat da krisi honetan.

Herri eta auzoetako taldeek eta mugimenduek antolatu ohi zituzten ekitaldiak, haien kontzertu, emanaldi eta saioen zirkuitua, guztiz eten da. Nafarroan, bederen, hala sumatzen dugu. Espazioak lortzeko ezintasunagatik, antolakuntzak dakartzan baldintzengatik, arrazoi ekonomikoengatik, ziurgabetasunagatik… zergatiak asko izan daitezke. Tabernak eta aretoak ere itxita daude.  Horrek izugarri murriztu du eskaintza kulturala. Eta krisiak are gehiago okertu ditu lehendik ere oso prekarioak ziren lan baldintzak.

Jendearengan kultur gosea nabari da, baina bidean trabak baino ez daude. Eta traba hauek erditik kentzeko ahaleginik ere ez da apenas sumatzen, agintean daudenek beste lehentasun batzuk dituzte kulturak ez duelako etekinik sistemarentzat. Pertsonentzat, aldiz, oso aberasgarria da.


Aipatu duzuenez, "I" liburua aurkeztu berri duzue, Hatzamarkaren aurkezpen-gutuna ekarri duen poesia ilustratuko argitalpena. Nolakoa izan da liburuaren lan-prozesua?

Idazleok aurretik idatziak genituen testuak mahi gainean jarri genituen, eta horien artean aukeraketa bat egin genuen. Ilustratzaileei pasa genizkien, eta hor, aitortu behar dugu, ez genuela asmatu. Gure lana egina zegoen, eta haiek, ordea, lan handia egin behar izan dute. Hala ere, ariketa modura planteatuta oso aberasgarria izan da. Testuei beste ikuskera bat eman diete, interpretazio literaletatik haratago joan dira, eta testuek irudiarekin beste dimentsio bat lortu dute osotasunean.

Erronka handia izan zen liburuari zentzu bat ematea, eta, hor adibidez, irudigileek jakin izan dute zortzi sortzaileon lanak batzen. Hasierako ideiatik bukaerako emaitzara arte, alde handia dago.

Uste baino landuago dago lana, eta hori ere kolektiboa josten joan izanaren seinalea delako ustea dugu.


Nola ikusten du etorkizuna kolektiboak? Zeintzuk dira aurre egin beharreko erronka nagusiak?

Hasierako helburua lehenengo lana hau, "I", kaleratzea zen. Lortu dugu hori jada. Eta gogoz gaude gauza berriekin ekiteko, beste modu batera.

Baditugu ideia dezente, eta lan egiteko gogoak ere, beraz ea laster berririk dakargun. Proiektuaren bidez, guztiok batera lan egingo dugun espazio bat sortu nahi dugu. Oraingoz ate bat zabaldu dugu. Beste asko zabaltzeko asmoa dugu orain.

Gainera, gure kolektiboa zabaltzeko asmoa ere badugu. Jende berria ongietorria izango da, horrek ekarriko dituen erronka berriekin.

 

(2020ko azarparen 10ean argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana