Ahotsak: Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea guztion artean eta guztiontzat

  • Ahotsak: Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea guztion artean eta guztiontzat

Gure herri eta eskualdeek euskararen erabilera sustatzeko lan egiten duten talde eta elkarte ugari dituzte. Bere helburu nagusia hori izanik, bidean proiektu handiak sortzen dituzte. Horixe da Deba Ibarreko Badihardugu Euskara Elkartearen historia, eta, hizkuntza berreskuratu eta zabaltzeko lanean, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarearen artxiboa eratu duten eragileena. Idoia Etxeberria lagun dugu Ahotsak ezagutzeko ibilbide honetan.



Zeintzuk dira Badihardugu elkartearen helburuak?

Badihardugu euskara elkartea Deba eskualdeko euskaltzaleen bilgune moduan sortu zen, duela 20 urte, eskualdeko euskararekiko zeuden konplexuak uxatu eta bertako euskara bultzatzeko asmoz.

Eta euskalkia indartzeko, lehenengo urratsak euskalkian idazteko irizpide bateratuak zehaztea eta bertako hizkera aztertu, jorratu eta herritarren artean zabaltzea izan ziren.

Ahozkotasuna lantzea eta euskararen erabilera bultzatzea dira gure lan ildo nagusiak, euskalkiak eta euskara batua elkarren osagarri direla kontuan hartuta. Ahotsak.eus da gure proiektu nagusia, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko sortua: gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu, eta euren euskara eta bizipenak bideoan jaso, eta herritarren esku ipintzen ditugu.


Ahotsak ere duela ia 20 urte sortu zen. Zerk bultzatu zintuzten proiektua abiatzera?

Bai, proiektuaren oinarriak 2002. urtean landu genituen. Garai hartan eskualdeko herri askotan bertako euskara jaso eta aztertzen ari ziren, baina beti ere emaitza paperean kaleratzeko.

Horrez gain, baziren ahozko ondarea jasotzeko proiektuak ere (kantak jasotzeko, adibidez), baina horietan ere emaitza beti papera izaten zen.

Hala, konturatu ginen herrietako euskara egunetik egunera aldatzen ari zela, eta hitz asko galtzen ari zirela. Hori dela eta, ondare hori jasotzeko eta bateratzeko beharra sentitu genuen, eta lehendik egindako grabazio zaharrak jaso eta sailkatzeaz gain, gerra aurretik jaiotako belaunaldia elkarrizketatzen hasi ginen.

 


(Berastegin egindako elkarrizketa-solasaldia. ARGAZKIA: Ahotsak)


Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da asmoa: euskara, historia, ohiturak, bizipenak... Ahotsak.eus webgunean jasotako kontu asko gerra aurrekoak dira. Tartean, esaterako, badira XIX.en mendean jaiotako lekukoen testigantzak ere eta hori izugarrizko altxorra da, kontu horiek gaur egun jada ezin ditugulako lehenengo pertsonan jaso.


Nolakoak izan ziren lehen urrats horiek eta zer nolako bilakaera izan du Ahotsak-ek urte hauetan guztietan?

Deba eskualdean hasi ginen elkarrizketak egiten, eta pixkanaka-pixkanaka proiektua Euskal Herri osora zabaltzen joan da.

Euskal Herriko Ahotsak proiektua hasieratik zegoen sarean zabaltzeko pentsatua eta hasierako urteetan ere sarean jardun genuen lanean, baina webgunea 2008an aurkeztu genuen publikoki. Une honetan 6.150 pertsonaren testigantzak dauzkagu bilduta webgunean, 362 herritakoak.

Etengabe ari gara materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen. Guk egindako elkarrizketez gainera, beste hainbat elkartek, ikerlarik eta norbanakok egindako grabazioak ere batzen ditugu, zaharrak zein berriak.

Ahotsak.eus ahozko ondarearen artxibategia da, on-line dagoena, herritar guztien eskura. Elkarlana oso inportantea da guretzat, eta material guztia doan eta modu librean partekatzea ere bai. “Guztion artean, guztiontzat”, hori da gure leloa.


Hizkerak, herri ipuinak, kantuak, doinuak... zein metodologia erabiltzen duzue ahozko ondarea biltzeko?

Elkarrizketak bideoz egiten ditugu, keinuak jasotzea ere garrantzitsua delako: esaten denaz aparte, esateko modua.

Normalean etxeetara joaten gara. Aurrez lotzen dugu hitzordua, eta galdetegia prestatzen dugu, elkarrizketatuari egokituta: izan duen lanbidea, bizimodua, dituen zaletasunak... kontuan hartuta.

Gero, grabazioa Ahotsak.eus webgunean katalogatzen dugu: hiztunaren eta grabazioaren datuak sartzen ditugu. Grabazioa lantzea da hurrengo pausoa: minutuz minutu entzun eta pasarte onak identifikatzea, 1-4 minutu artekoak.

Pasartea da gure lan unitatea. Izenburua jartzen diogu, laburpena, eta ondoren bideo-pasartea editatu eta sareratu egiten da. Hala, elkarrizketatu bakoitzak hainbat bideo-pasarte ditu.

Horrez gainera, hainbat webgune sortu ditugu, alor interesgarri batzuk sakonago lantzeko: oroimen historikoa (gerrako Ahotsak), gazteak eta aisialdia (Gazte Gara Gazte), transmisioa ikastetxeetan (Ahotsak ikasgelan), kanta eta ipuinak (Kontu eta kanten kantoia)...

 


(Gazte Gara Gazte egitasmoaren irudietako bat. ARGAZKIA: Ahotsak).


Lana aurrera eramateko, zer motatako zailtasunei egin behar diezue aurre?

Ahozko ondarea oso zabala da, eta gai asko jorratzen ditugu. Proiektu asko ditugu esku artean, eta egindako lanak ezagutaraztea izaten da zailena.

Adibidez, testigantzekin prestatzen ditugun ikus-entzunezkoak eta ikastetxeetarako jorratutako material pedagogikoa.

Bestetik, irabazi asmorik gabeko elkarte txiki bat gara eta askotan ez da erraza izaten finantzabideak lortzea. Dirulaguntzen mende bizi gara eta horrek ziurgabetasuna ematen du.


Adineko pertsonekin lan egin ohi duzue, COVID-19ko krisiak gehien jo duen kolektiboa, hain zuzen ere. Nola eragin dio egoera horrek zuen proiektuari?

COVID-19ak dena hankaz gora jarri du, eta momentu honetan elkarrizketa gehienak bertan behera geratu dira.

Gazteagoak elkarrizketatzen jarraitu dugu azken hilabeteotan, baina arrisku taldekoak ez. Eta neurriak hartuta, noski: musukoa erabili, distantzia mantendu...

Adinekoez gainera, azken urteetan beste perfil batzuetako jendea elkarrizketatzen ere ari gara: gazteak, gai jakinetan adituak direnak (idazleak, adibidez)...


Webgunean dagoen artxiboa aipatu duzue lehen. Izan ere, milaka bideo eta audio grabazio biltzen dituen datu-base handi bat duzue. Nola dago antolatuta material hori guztia?

Grabazio gordinak zerbitzarian dauzkagu, eta bideo-pasarteak Interneten zintzilikatzen ditugu, formatua aldatuta.

59.700 bideo-pasarte baino gehiago daude sarean ikusgai. Bideo-pasarteei gai-kodeak ipintzen dizkiegu, bestela ezinezkoa izango litzatekeelako aurkitu ahal izatea.

 


(Elkarrizketa bat grabatu baino lehenago hartutako irudia, Pasai Donibane. ARGAZKIA: Ahotsak).


Informazio guztia herrika, gaika, proiektuka eta hiztunaren arabera daukagu antolatuta, eta bilaketa librea ere egin daiteke: hitz bat idatzi eta bilatu, bilatzailean.

Erabiltzaileari bidea errazten saiatzen gara.


Zer galera-arrisku erreal dago ondare horri dagokionez eta nola egin behar zaio aurre?

Grabazio-ordu mordoa daukagu jasota zerbitzarian, gero eta gehiago: izugarrizko altxorra. Erantzukizun handia da hori zaintzea, eta loa ere kendu izan digu galdu daitekeela pentsatzeak.

Bitarteko asko behar dira grabazioak behar bezala gordetzeko eta saiatzen gara beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak hartzen.

Hala ere, aurrez esandako moduan, elkarte txiki bat gara eta askotan ez da erraza izaten halako dimentsioa duen ondarea ondo gordetzeko baliabide egokiak lortzea.


Zer erronka aurreikusten dituzue datozen urteetara begira?

Adinekoak elkarrizketatzen jarraituko dugu, orain arte bezala, baina beste perfil batzuei gero eta toki handiagoa eginez.

Gerra aurreko, gerra sasoiko eta gerraosteko lehen urteetako historia nahiko ondo jasota daukagu, eta orain erronketako bat 'bigarren frankismoa' deitzen zaion garai horretako historia jasotzea da: 60-70 hamarkadetako aldaketak, euskararen historia soziala...

--

HAINBAT BALIABIDE

(*) Azaroaren 10ean ospatutako Memoriaren Eguna dela eta Ahotsak-ek zabaldutako bideo ikusi, hemen.

(**) Badihardugu Euskara Elkarteak Euskalkitegia aplikazioa sortu du. Mugikorretarako eta tabletetarako pentsatutako joko erraza da, euskararekin eta euskalkiekin jolasteko eta gozatzeko aukera ematen duena.

 

(Berezi hau 2020ko azaroaren 13an argitaratu zen).

Euskadi, auzolana