Ezohiko Durangoko Azoka, betiko hitzordua

  • Ezohiko Durangoko Azoka, betiko hitzordua

Euskal kulturarentzat urteko hitzordurik inportanteena da Durangoko Azoka. Bere eragin eta inpaktuaren garrantziaz jabetuta, antolatzaileak elementuen aurka borrokatu dira 2020. urtean zehar, batetik, publikoa eta profesionalak harremanetan jartzeko eta, bestetik, produktuen salerosketa errazteko helburua betetzen duen programa aurrera atera ahal izateko, betiere bizi dugun osasun-krisia begibistan. Horrela sortu da Durangoko Azokaren 55. edizioa, duela mendi erdi baino gehiago abiatutako bidean lanean jarraitzeko asmoarekin. Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko lehendakaria eta Durangoko Azokako arduradun nagusiak edizio honen diseinua nolakoa izan den kontatu digu.



Noiz ondorioztatu zenuten Durangoko Azoka ezin izango zela urtero bezala ospatu?

Martxoan, osasun-krisia hasi zenean, aurtengo edizioko ildo nagusiak planifikatzen ari ginen Azokako parte hartzaileekin batera.

Hasiera batean ez genekien egoera hau abendura arte luzatuko zen ala ez, baina hilabeteak aurrera joan ahala,gero eta argiago genuen aurtengo Azokako formatua ezberdina izan beharko zela. Edozelan ere, erabakia hartu genuen Azoka antolatuko genuela, nahiz eta modu ezberdin batean egin.


Zer proposamen mota aztertu eta baztertu zenituzten orduan?

Hainbat eszenatoki izan ditugu esku artean azken hilabeteotan, eta uneoro egokitzen edo moldatzen ibili behar izan dugu egoera berrietara.

Zaila izan da baldintza hauetan Azoka antolatzea, azken unera arte ez dugulako jakin, adibidez, aurrez aurreko ekitaldirik antolatzeko aukera izango genuen ala ez, publikoaren asistentzia izango genuen ala ez, Durangon bertan zein puntutaraino ekitaldiak antolatzeko aukera izango genuen...

Azkenean,salerosketa online formatura bideratu dugu, baina presentzialtasuna mantenduz ekitaldi kulturaletan, aforoa mugatuz eta osasun neurrietara egokituz. Gainera, Azoka Euskal Herrian zehar zabaltzeko ekimen berri bat jarri dugu martxan “Zu non, han DA!”.


Programazio alternatibo bat diseinatzean, zeintzuk izan dira Azokak alde batera utzi ezin zitzakeen elementuak?

Guretzat ezinbestekoa izan da Azokako elementu nagusiak mantentzea: euskal kulturarentzat plaza eskaintzea, salerosketarako gunea sortzea, sortzaileentzat bozgorailu bihurtzea, kulturzaleentzako egitarau erakargarria antolatzea...

Hori da azken batean Durangoko Azoka: euskal kulturaren plaza, sortzaileak eta kulturzaleak batzen diren ekosistema berezia.

 


(Urriaren 8an aurkeztu zuten Durangoko Azokaen 55. edizioa. Irudian lantaldea azaltzen da, Ane Pikaza aurtenko kartelaren diseinatzailea eta Nerea Mujika Azokako arduraduna aurrean daudelarik. Argazkia: Durangoko Azoka).



Gauzak horrela, zein izango da oro har Durangoko Azoka 2020ren eskaintza, bai profesionalentzat zein publikoarentzat?

Lehen aipatu dudan bezala, Azoka online eta modu presentzialean antolatuko da 55. edizio honetan.

Online formatuari dagokionez, aurten www.durangokoazoka.eus webguneak protagonismo berezia hartuko du. Bertan, lehen aldiz, Durangoko Azokak online denda izango du, abenduaren 4tik 8ra, eta aurreko urteetan Landakon topatu izan ohi diren produktuak egongo dira eskuragarri: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak... Durangoko egitaraua ere streaming bidez eskainiko da bertan, zuzenean, bi kanalen bidez (Plateruenan egongo diren kontzertuak eta Landakon egongo diren solasaldi, ikuskizun, tailerrak...).

Horrez gain, modu presentzialean ere egitarauaz gozatzeko aukera izango dugu, Durangon izango dugun egitarauarekin eta baita "Zu non, han DA!" egitasmoaren baitan, Durangotik kanpo antolatutako jarduerekin.


Izan ere, aurtengo formatu bereziak Azokari lotutako jardueraren datak eta kokalekua gainditzea ahalbidetuko du. Zer abantaila ekarriko du horrek?

Gaur-gaurkoz indarrean dauden mugikortasun-ezarpenak kontuan hartuta, Durangoko Landako gunean eta Plateruenan antolatu dugun egitaraura durangarrak eta mugakide diren herrietako bizilagunak bakarrik joan ahal izango dira.

"Zu non, han DA!" proiektu horren baitan, kontzertuak antolatu ditugu Euskal Herriko zortzi herritan (Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroa), Azoka kulturzale gehiagorengana hurbiltzeko. Guztira 32 musika taldek parte hartuko dute egitasmo honetan, eta sarrerak gure webgunean eros daitezke.

Azoka amaitzerakoan ere, abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra arte, kulturzaleek Azokako zenbait produktu izango dituzte eskura Euskal Herriko hainbat liburu-dendatan, modu presentzialean.


Ezohiko egoera da hau, eta gure kultur ekosistema ordaintzen ari den prezioa zenbatzea zaila da. Zentzu horretan, zer itxaropen duzue Durangoko Azokak egin dezakeen ekarpenari buruz?

Urte zaila izaten ari da guztiontzat, kulturgintzan lan egiten dugunontzat eta gizarte osoarentzat orokorrean.

Oso kezkatuta gaude sektoreak bizi duen egoerarekin, eta horrek euskal kulturaren etorkizunean izan dezakeen eraginarekin. Guk gure esku dagoena egingo dugu ekarpena egiteko: denda sortu salerosketa bultzatzeko, sortzaile berriei ahal dugun neurrian ikusgarritasuna eman, publikoari ikuskizunak eskaini, hausnarketa sustatu...


Balizko egoera normalizatu batean, 2021ean, aurten nahitaez hartu behar izan diren ekimen eta proposamenen artean, baliogarriak izan litezke batzuk?

Oraindik goizegi da guretzat hurrengo urteko Azokaz berba egiteko, ez dakigu zer nolako baldintzetan helduko garen 56. ediziora.

Aurtengo Azoka amaitzerakoan, urtero bezala, egindakoa baloratuko dugu parte hartzaile guztiekin, eta hurrengo urteari begira antolakuntza prestatzen hasiko gara. Hortxe ikusiko dugu ea aurtengo ediziotik zer mantenduko dugun, zelan hobetu dezakegun eta abar.

Bitartean, dei egiten diegu kulturzale guztiei, euren ahalmenaren arabera, euren ekarpena egin diezaioten euskal kulturari: Azokako egitarauaz gozatzen, online dendan erosten...

 

(2020ko azaroaren 25ean argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana