Do Re Ni, musikak eraldatzen gaituenean

  • Do Re Ni, musikak eraldatzen gaituenean

Xabier Lizasok, piano-jolea formazioz eta lanbidez, urteak zeramatzan musika jarduerak jendearengan zuen eragina ikusten. Ia intuizioz, esperientziak esaten zion bere lanaren alderdi bat adierazpen artistikotik harago zihoan beste zerbait ere bazela. Inkognita honen erantzuna neuro-zientziaren eskutik iritsi zitzaion, eta hau oinarri hartuta Do Re Ni estimulazio metodoa jarri du martxan, dagoeneko emaitza harrigarriak ematen ari den egitasmoa. Gaur proiektuaren xehetasunak kontatu dizkigu.


Zer da Do Re Ni?

Do Re Ni estimulazio neuronala lantzeko metodo bat da, garuna lanean jartzeko modua. Eta hau horrela da musikak dominio edo trebetasun "ez musikalak" lantzeko baliogarria delako. Kasu honetan, musika ez da kultur adierazpen batera mugatzen, ikuspuntu zientifiko batetik heltzen diogu guk. Ulertu beharreko muina zera da: musikaren bidez gure garuna alda dezakegu.

Proiektuaren izenburuko "Mi" nota "Ni" bihurtu zuen Andoni Egaña lagunak, esku artean nuen egitasmoa azaldu nionean, eta bete betean asmatu zuela uste dut. Izan ere Do Re Ni proiektuan pertsonek dute garrantzia, "Ni" hori zentrala da.

Gure garuna eta berezko dituen gaitasunak misterio handia dira oraindik gaur egun. Ikerketa zientifiko asko egiteke dira eta amaigabeko azterketarako arloa dugu, baina duela oso gutxi jakin da, adibidez, erresonantzia magnetikoen bidez eta urte luzez uste zenaren kontra, gure garuna aktiboago dagoen uneak (ez bakarrik aktiboago, normalean baino askoz askoz askoz ere aktiboago baizik) hiru direla: lo gaudenean, esna gaudenean baina begiak itxita ditugunean, eta azkenik, musika egiten dugunean. Entzuten dugunean ere bai, baina askoz gehiago ere "egiten" dugunean: musika estrukturak lantzen ditugunean, partiturekin aritzen garenean, tresna bat jotzen dugunean...  Beraz, oso laburtuta, esan dezakegu Do Re Ni gure garuna aktibatzeko programa metodologikoa dela, azken ikerketa hauen emaitzak praktikan jartzen dituena.


Zein da proiektu honen jatorria?

Ni ofizioz musikaria naiz, piano jolea. Musika ikasketak Donostian burutu nituen eta gero atzerrira joan nintzen, Polonia eta Erresuma Batura. Kanpoan nengoela musikak hezkuntzan zuen garrantziaz jabetu nintzen, eta ildo honetara Euskal Herrian genuen gabeziaz ere bai. Beraz, bueltan, bizitako esperientzia horiek hona ekarri nahi izan nituen. Izan ere, urte askotan hezkuntza arloan ibili naiz, musika eskolak ematen. Eta bestaldetik, musikari bezala ere, emanaldiak hor eta hemen burutzen joan naiz.

 


(Eskola batean hartutako irudia. Argazkia: Do Re Mi).

 

Krisiaren garaian, lan gutxiago zegoela eta, buruari bueltaka eta bueltaka ibili nintzen. Hausnarketarako denbora gehiago nuela, hamar urteko ibilbidea ikusitako eta bizitako esperientzia zoragarri batzuk aztertzen hasi nintzen. Kontua da oso testuinguru ezberdinetan, oso pertsona ezberdinekin, antzeko ondorioak jasota nituela: musikak hizkuntza konpetentziak eskuratzeko balio du, kontzentrazioa hobetzeko, munduarekin harremantzeko... Alzheimer edo parkinsonen sintomak dituzten pertsonek oso modu estuan eta berezian erantzuten dute musikaren aurrean, adibidez... Eta esperientzia horien guztien alderdi komuna, bakarra, musika zen. Zergatik? Zergatik gertatzen da hau? Orain erantzuna badaukat, eta ikasketa zientifikoek nire betiko intuizio horiek babestu dituzte.

Musikak jakite arlo ez musikalak aktibatzen ditu, gure beste gaitasun asko lantzeko sekulako tresna da. Eragin zuzena eta izugarria dauka gure kortex zerebralean. Hona hemen gure egitasmoaren arrazoia.


Eta zer ibilbide ari da egiten proposamena?

Gure elkarteak, berez, hiruzpalau urte ditu. Kontua da eremu honetan lanean eskarmentu handia bagenuela sortu genuenerako. Proiektu asko ditugu eskuen artean. Ume txikiekin, hezkuntza arloan, modu batean ala bestean urte asko egon ondoren, hirugarren adinekoekin lanean hasi ginen. Hemen ere aurrerapauso eta esperientzia itzelak izan ditugu, adibidez, zahartze osasungarriaren inguruan.

Demografikoki Europa osoan aztertzen ari den arlo bat da hau, populazioa gero eta gehiago zahartzen ari baita, eta datu guztiek esaten dute hemendik hogei, hogeita hamar urtera arazo handia izan daitekeela hau. Gehiago bizi gara, hori horrela da. Bada, berma dezagun, orduan, hobeto bizi gaitezkeela.

Tamalez, oro ar, baliabide gutxi ari dira jartzen oraindik esparru hauek sustatze aldera. Jendeak, erakundeek... aldeko jarrera azaltzen dute, ikerketa hauek interesgarriak direla eta abar. Baina arlo hau ez da bakarrik interesgarria, inportantea da, garrantzi handiko gaia. Heldu behar diogu. Momentuz, ordea, nahiko bakarrik ikusten ditugu gure buruak.

Batzuetan, sentsibilitate hau duten pertsonekin gurutzatzen gara, eta hortik beste proiektu batzuk jaiotzen dira edo gure egitasmoari oihartzuna ematen laguntzen dutenak. Hala izan zen EITB-rekin, eta horrela grabatu genuen Ur Handitan programak gure egitasmoari dedikatutako saioa, 2019ko apirilean. Nahieran ikusgai dago [56:07] euren webgunean eta gure lanaren ibilbidearen oso laburpen ona da.

 


(Aurtengo Zarauzko udalekuetan hartutako irudia. Argazkia: Do Re Ni).

 

COVID-19ren krisiaren ondoriozko itxialdiek agerian utzi dute biztanleriaren zati handi baten bizi-sistemen hauskortasuna. Zer eskain dezakete testuinguru horretan musikoterapia eta estimulazio neuro-kognitiboa bezalako esperientziek?

Ekarpen handia egin dezakete, eta guk probak izan, baditugu.

Izan ere, COVID-19ak bete betean harrapatu gintuen, Osakidetzako Ezkerraldeko Osasun Mentaleko buru den Jose Manuel Lopez Bragadok eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari zen Garikoitz Agotek animatuta, esperimentu bat aurrera eramaten ari ginela. Hirugarren adinekoen kasuan musikak izan litezkeen onurak modu zientifikoan neurtzeko programa bat egin dugu, non 60-80 urte bitarteko boluntarioekin egin dugun lan. Kutxa Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lagundutako egitasmoa dugu hau.

Proiektu honetarako ikuskizun bat, bere osotasunean (hau da, gidoia, antzezte lanak, musika...) sortu dugu. Baina gure helburua ez da sormena bultzatzea izan, baizik eta sormen lan honetan aritzeak gure parte-hartzaileengan utz litezkeen aztarna neurologikoak aztertzea. Lan hau oso emozionala izan da (izan ere, zientifikoak bat datoz emozio handiei lotutako esperientziak memorian ondo iltzatuta gelditzen diren horiek direla, marka handiagoa uzten dutenak) eta Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenaren aitzakiarekin, Orioko familia batek bizitako pasarteak taularatu ditugu (1918. urtetik aurrera, gerra garaia eta gerra ostekoak kontatuz...).

Egitasmo hau aurrera eramateko 50 pertsonako bi talderekin aritu gara. Erdiak gure ikuskizunean hartu dute parte, eta beste erdiak ez. Guztioi galdera eta proba batzuk egin dizkiegu, euren osasun mentala eta kognitiboa neurtzeko. Probak ikuskizunarekin hasi baino lehenago eta, ostera, bukatzean egin ditugu (ikuskizuna urriaren 2tik 4ra taularatu genuen Orion bertan, gure webgunean informazio gehiago dugu eskuragai) eta lehenengo emaitzak, oraindik ere azterketa zientifikoa falta zenean, oso baikorrak izan ziren. Parte hartu dutenen sentsazio eta emozioak oso onak izan dira, baina badirudi onura ez dela bakarrik emozionala izan. Beste hainbat gaitasun ezberdinetan nabaritu dute aldea, askotan, gure sorpresarako.

 

("Eusko Ikaskuntza. The Musical" ikuskizuna. Argazkia: Do Re Ni).

 

Behin emaitzak aztertuta, zera ikusi dugu: Lehenik eta behin, eta ez da gauza makala gaizotasun baten "tratamendua" probatzen ari denean (filosofia honekin ekin genion gure egitasmoari, izan ere), ez da inolako kontraindikaziorik egon. Gure metodoak ez dio inori kalterik egin, ez dugu inongo albo-ondorio kaltegarririk topatu.

Bestetik, esan beharra dago gurea bezalako ikerketetan (hau da, aldaketa kognitiboak neurtzeko garatzen direnak) eraginak ikusteko normalean 4-5 urteko tartea behar direla. Gure kasuan, urtebeteko egitasmoa izan da (COVID-19aren testuinguruan gainera, horrek suposatu izan duenarekin), baina aldaketak ikusi ditugu. Onurak egon dira, ez bakarrik osasun mentalean; lehen aipatu dudan moduan, osasun kognitiboan ere bai. Azalpena konplexua da, baina laburtzeko esan dezakegu hasieran neurtutako parametroak, jarduera garatu eta gero berriro neurtu direnean, hobetu direla. Eta gehien hobetu direnen artean, 80 urte inguru zituzten boluntarioengan neurtu diren parametroak izan dira; hau da, "zaharragoak" ziren garunetan.

Guk galera kognitiboa geldiarazteko metodoa bagenuela sinetsiak ginen, eta probek ez bakarrik hori, prozesuari buelta emateko eta onurak lortzeko ere baliogarria dela demostratu dute.

Zoragarria da!! Gure garunaren bizi osasuntsua luzatzeko metodoa, kontraindikaziorik ez duena, merkea dena... gure esku!

Emaitza hauekin, hainbat ate jotzen hasi gara, ikerketa eta metodoaren erabilpena garatu behar delako, erronka handia da gurea. Eta jakin badakigu ez dela erraza izango. Baina guk aurrera egin behar dugu, nola ez.

 



("Eusko Ikaskuntza. The Musical" ikuskizuna. Argazkia: Do Re Ni).

 

Hezkuntzaren esparrua eta hirugarren adinarena izan dira orain arte Do Re Ni-ren ikasketa eta praktika eremuak. Beste testuinguru batzuetara zabaltzea aurreikusten duzue etorkizunerako?

Programa arlo berriei zabaltzeko asmoa beti dago. Kontua da, lehen esan dudan bezala, baliabideak faltan ditugula. Elkartean lan egiten dugunok boluntarioak gara eta lana aurrera eramateko zailtasun handiak ditugu.

Baina Do Re Ni metodoak jada demostratu du bere eragina eta balioa. Kirol arloan, adibidez, ibilbide luze izan dezake. Eliteko kirolari batzuek, Estatu Batuetan, esaterako, hasi dira musikaren bidezko estimulazio ariketak egiten. Gurean arraroagoa da, baina esperientzia batzuk izan dira eta bide honetatik lanean jarraitu nahiko genuke.

Lehen aipatu dugun bezala, beharrezkoa da laguntza-hitzetatik eta gure lanaren interesa aitortzetik aurrera egitea ahalbidetuko duten ekintzetara pasatzea. Gai hau funtsezkoa da eta garrantzi handia du. Mahai gainean jartzeko konpromisoa behar dugu.

Edonola ere, orain etorkizunera begiratzeko momentu zaila da. COVID-19ak lezio hori utzi digu, oso modu gordinean. Epe luzerako ideiak eta proiektuak birpentsatu eta berrasmatu behar ditugu. Gu lanean jarraituko dugu. Bai ala bai.

 

(2020ko abenduaren 17an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana