Bertsoaren unibertsoari omenaldia Aramaion

  • Bertsoaren unibertsoari omenaldia Aramaion

Berrogeita hamar urte baino gehiago dira urtarrilean bertsozaleentzako ezinbesteko hitzordua den eguna ospatzen dela. Bertso Eguna, zaleentzako topagunea eta diziplina bera aldarrikatzeko parada, Aramaion izango da aurten, hilaren 18an. Egitasmoaren berezitasunak ezagutzeko, Idoia Trenorrekin batera Bertsozale Elkarteko koordinatzaile nagusia den Jon Agirresaroberekin mintzatu gara. Agirresarobek oso gertutik ezagutzen du ekimena, joan den urtera arte elkarteko sustapen arloko buru izan baitzen, besteak beste, Txapelketak eta Bertso Egunak antolatzeaz arduratzen dena.

 

Ibilbide luzeko ekimena dugu Bertso Eguna. Zein da bere jatorria eta nolako bidea egin du urte hauetan guztietan?

Bertso Eguna Donostiari dago lotuta bere sorreratik eta Bertsozale Elkartetik asko eskertzen diogu hiriko udalari urte askotan egindako lana. Donostiak bere Bertso Eguna ospatzen zuen urtero, urtarrilaren amaieran. Hasiera batean udalak antolatuta eta gerora Bertsozale Elkartearekin elkarlanean, bertsolari bat edo bertsolari talde bat omentzen zen.

Ondoren, 90. hamarkadan lehen aldaketa etorri zen. Jarraipen handia zuen ekitaldia esperimentazio gunea izan zedila proposatu zuen elkarteak. Bertso Eguna goizetik gauerako ekitaldiz jositako eguna zen: goizean kalean egoten ziren bertsolariak, ondoren saio nagusia egiten zen eta, eguna borobiltzeko, afari bat. Ekitaldi nagusirako gai bat aukeratzen zen urtero, bertsogintzan puri-purian zegoen gai bat edo gizartean zebilen auzi bat.

Aurrerago, hirugarren fase bat abiatu genuen eta 2018tik aurrera ekimen ibiltaria antolatu dugu. Hau da, ohi bezala, gai edo motibazio bat landu, baina hitzordu ibiltaria, Donostian bakarrik eragina izatetik Euskal Herri osora zabalduko zena. 2018. urtean Mungian ospatu genuen, iaz Barañainen eta aurten Aramaion.


Zein izan da publikoaren erantzuna denbora honetan?

Bertso Eguna bertsozaleen agendan egon da beti, zalantzarik gabe. Bai Donostian, non jendea goizetik biltzen zen, Kursaal betetzen zen eta afaria ere topera egoten zen, zein Mungian eta Barañainen.

Azken hauetan zenbakiak beste batzuk dira, baina gu oso gustura gaude jendeak izan duen erantzunarekin. Mungian, aurten egingo dugun moduan, bertso-bazkari paraleloak antolatu genituen: agian bertsorako neurri egokiagoa duen emanaldia, baina aldi berean saio bat baino gehiago. Aurten ere 70-80 pertsona bilduko gara aldi berean, bost leku ezberdinetan.

 

(2018ko Bertso Eguneko bazkarietako batean hartutako irudi bat. Mungia. Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa).


Bertsoak diziplina gisa garai gozoa bizi duela ematen du: gai eta formatuetan berrikuntzak, esperimentazioa eta beste adierazpen artistikoekin uztarketak, publiko berrien hurbilketa... Egiazkoa al da irudi hori? Zein arrisku erreali egin behar die aurre bertsolaritzak transmisioa ziurtatzeko?

Egia da bertsolaritzaren inguruan arrakastaren irudi hori badagoela. Mugimendu bat da bertsolaritza, lagun asko biltzen dituena. Gure elkartea beharbada bilgune nagusia litzateke, baina jende asko dago herriz herri motibazio handiarekin bertsolaritzaren alde lanean. Askori gaur egungo gizartean kokatzeko balio diola uste dugu, norbera aldatzeko, hobetzeko… Aldi berean, aldaketa garaia da gurea eta gizartea aldatzen doan heinean, aldatzen doa diziplina. Hori dela eta, bertsolaritza ulertzeko modu berriak ari dira sortzen, saio mota berriak, publiko berriak… eta tira, hori guztia kudeatzea ez da erraza. Aldaketa guztiekin gertatzen den bezala, buruhauste asko ematen ditu.

Guk argi dugu bertsolaritzaren neurria ez dela lau urtean behin BEC-en ikusten dena. Neurri erreala astez aste, saioz saio hartzen da. Askotariko saioak antolatzen dira (urtean zehar 2000tik gora), eta aniztasuna da ezaugarrietako bat. Lehen bertsolaritzaz hitz egiten genuen eta akaso gaur egun bertsolaritzez hitz egin beharko genuke. Hori bai aldatu da.

Noski, bertsolaritza euskal kultura izanik, lan handia egin behar da egunero gure gizartean duen presentzia ez galtzeko eta transmisioa bermatzeko. Baina lan hori egiteko eragile asko gaude, herriz herri, oso inplikatuta, eta hori da bertsolaritzak duen altxorrik onena.


Honen harira, iazko edizioa bertso eskoletatik egiten den lana goraipatzeko baliatu zenuten. Zein da bertso eskoletatik egiten ari den ekarpena?

Bertso eskolak askotarikoak dira. Bertsolaritza anitza den moduan, horrelakoak dira ere gure eskolak: haurrenak, helduenak, bertsotan dabilen jendearenak, bat-batean hainbeste egiten ez dutenenak… Kontuan izan behar dugu egitura hauek ez direla bakarrik bertsolariak sortzeko eskolak, bertsozaleak biltzeko guneak ere badira, eta harreman eta elkartruke horietatik gai-jartzaileak, antolatzaileak, zaleak edo epaileak ere sortzen dira… etorkizuneko eragile asko.

Hainbat herritan horrelako talde bat izatea luxu bat da eta unibertso oso horrek mantentzen du bertsolaritza bizirik.

 

(2019. urtean Barañainen ospatutako Bertso Eguneko irudi bat. Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa)


Lehen aipatu bezala, azken edizioetan herrialde ezberdinetatik bidaiatu du hitzorduak eta aurten Aramaion ospatuko da. Arabaren kasuan, zein da bertsolaritzaren osasun-egoera?

Arabako herri askotan bertso-eskolak ditugu, lan ikaragarria egiten dutenak. Noski, bertsolaritzak lotura estua du hizkuntzaren normalizazioarekin. Arabako errealitate linguistikoa aintzat hartuta, herri askotan daude eskolak eta hori benetan pozgarria da. Bertako bertso eragileak oso kontzientziatuta daude herrialdearen egoera soziolinguistikoarekin.

Aramaioko kasu zehatzean, oso lantalde motibatua topatu dugu lehenbiziko bileratik. Lehenagotik ezagutzen genuen elkar, lankideak ditugu eguneroko lanean, eta ez dute hutsik egin. Ilusio handiarekin hartu zuten erronka eta oso motibatuta daude. Eguna ailegatzea besterik ez zaigu falta!


Zein programa prestatu duzue datorren urtarrilaren 18rako?

Bi ekitaldi nabarmendu nahi ditugu. Alde batetik, goizean egingo dugun ekitaldi komunitarioa. 12:30ean, bertso ibilbide gidatua egingo dugu Aramaioko kaleetan zehar. Gidari lanetan izango ditugu Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa.

Eta bestetik, eguerdian bost aldi bereko bertso-bazkari egingo ditugu. Lau jarri genituen martxan baina oso azkar saldu dira sarrerak eta bosgarren bat antolatzera animatu gara, Jone Uria eta Beñat Gaztelumendirekin. Bost bikote arituko dira, beraz, aldi berean. Aramaiok auzo asko ditu, eta bere geografiaz zein soziologiaz baliaturik, otordu ederrak antolatu ditugu hainbat elkarte gastronomikotan. Arratsaldean, ondoren, bat egingo dugu berriro guztiok herrian.


Nola planteatzen duzue hurrengo edizioetarako deialdia? Bada aldatu/hobetu nahiko zenuketen arlorik?

Bertso munduan zer landu soberan daukagu eta gairik ez zaizkigu faltako! Datorren urtera begira Bertso Eguna erreferente izaten jarraitzea nahiko genuke, noski. Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Araban egon gara… Lapurdi, Behe Nafarroa edo Zuberoa tokatzen da hurrengo ediziorako, eta buru-belarri prestatzen hasiko gara 18a pasa eta gero.

 

(2020ko urtarrilaren 9an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana