IXA webseriea, formatu eta egile berrien garaia

  • IXA webseriea, formatu eta egile berrien garaia

Prestakuntza-zentroak, are gehiago ikus-entzunezkoak, ezin dira sektorean gertatzen ari diren ekoizpen- eta kontsumo-berrikuntzako esperientzietatik kanpo geratu. Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduaren baitan, hain zuzen ere, sortu zen IXA webseriea 2019an, bertikalean eta euskara hutsean filmatutako sei kapitulutan banatutako serie bat, aplikazio baten bidez telefono mugikorretan ikusteko pentsatua. IXA sailak gai unibertsalak jorratzen ditu, hala nola amatasunaren presioa, arrazakeri instituzionala, lan baldintzak eta lehiakortasuna edo hirugarren adinekoen bizitza... Hizkera eta formatu oso berritzailean, gazteek egindakoa, gazteentzat pentsatuta.

Unai Portilla (sortzaile eta zuzendaria), Egoitz D. Ibargoitia (sortzaile eta zuzendaria) eta Gorka Alvarez de Arcaya (sortzaile eta zuzendari laguntzailea) mintzatu dira gurekin nazioartean ere oihartzuna izaten ari den egitasmo honen inguruan.



Nola sortu zen gailu mugikorretarako berariaz pentsatutako webserie bertikal bat filmatzeko ideia?

Unibertsitatean sortu zen hasierako ideia, “Formatu Berriak” deituriko ikasgai batean. Ikus-entzunezko berritzaile baten ideazio fasea garatzea eskatzen ziguten, hortaz, kontsumoa, gizartea, ikus-entzunezkoak etab. aztertzen hasi ginen.

Batzuetan ez gara konturatzen, baina mugikorrean eta bertikalean asko kontsumitzen dugu, InstaStoryak edo YouTube-ko bideo batzuk, adibidez.

Horregatik pentsatu genuen fikzioaren ordua ere bazela.


Sormen-, zuzendaritza- eta hedapen-prozesu osoa kontuan hartuta, zenbat lagun dago proiektu honen atzean?

Hasiera batean klaseko bost lagun ginen. Baina taldea izugarri handitu egin da prozesu guztian zehar.

Grabaketa taldea 50 pertsona ingurukoa izan zen, post-produkzioan, zabalkuntza, Tabakalera eta Gazte Sortzaileak bekaren laguntza, ZUT...

Jende askori esker atera da proiektu hau aurrera, hori izan da zatirik politena guretzat.


Aipatu duzue telesailaren gaia, atal bakoitzean banakako ardatzak dituena, unibertsala dela, espazio komunetan kokatua... Publikoaren profil zehatz batean ari zineten pentsatzen IXArentzako?

Profil zehatz-zehatz batean ez genuke esango. Baina bai botatzen genituen faltan gazteek gazteentzat sortutako ikus-entzunezkoak.

Sailean garatzen diren gaiak eta espazioak gure egunerokotasunean agertzen dira eta horregatik gazteak identifikatuta sentituko dira momentu askotan. Baina horrek ez du esan nahi helduek saila ulertuko edo disfrutatuko ez dutenik.

 

(4. eta 5. kapituluen bi irudi. IXA WEBSERIEA)


Formatua berritzailea da, hedapen-estrategia bezala. Zuen ustez, nola eragin diezaiokete ikus-entzunezko ekoizpenari egiteko modu berri horiek?

Kontsumitzeko moduak aldatzen ari dira. Telebistatik ordenagailuetara eta ordenagailuetatik mugikorretara pasa gara. Azkenean hau ikusteko beste modu bat da, bere gauza onekin eta txarrekin.

Edukia sortzea inoiz baino errazagoa da eta zabalkuntzarako mila bide eta aukera daude, baina hainbeste edukien artean nabarmentzea da zaila.


Datu guztiek adierazten dute gazteen segmentuak euskarazko ikus-entzunezko eduki oso gutxi kontsumitzen duela. Horrelako ekimenek lagundu al dezakete egoera hori iraultzen?

Bai, noski. Erreferente eta eduki gehiagoren faltan gaude, azken urteetako euskaldun kopuru handiena daukagu, euskal herriko gazteen artean %80a baino gehiago euskara ulertzeko gai da. Hori lortzeko bidea luzea eta zaila izan da, eta orain gazteon esku dago egoera indartu eta normaltasun batera eramatea, horretarako aurreiritziak alde batera utzi eta edozein motatako euskarazko edukia sortzen hasi behar gara.

Hori izan da gure proiektuaren motibazio bat baita, lehen esan dugun moduan faltan botatzen genituen gazteek sortutako eta gazteei zuzendutako ikus-entzunezkoak. Baina orain gero eta laguntza eta erraztasun gehiago daude sortzaileentzat euskaraz ekoizteko.

Oraindik egiteke dago bidea, baina gutxinaka proiektu gehiago ateratzen dira. Oso garrantzitsua da hurbileko erreferentziak izatea.


2020. urtean, kultura-jardueraren ezegonkortasuna izan da ezaugarri nagusia, COVID 19aren krisia dela eta. Nola eragin dio egoera horrek zuen lanari?

Zorionez grabaketa egoera honen aurretik eginda genuen... Lana aurkezterako orduan nabaritu dugu eraginik handiena, lan talde guztiarekin bildu nahi ginen eta ezinezkoa izan zaigu.

Hainbat jaialdi ere bertan behera geratu ziren eta bertatik egin zitekeen ibilbidea pixka bat murriztu egin zaigu.

Hala ere, gure kasuan, mugikorren bitartez ikusten den ikus-entzunezko digital bat denez, ez dugu traba handirik topatu.

 

(6. eta 3. kapituluen bi irudi. IXA WEBSERIEA)


Webseriea SeriesLand Bilbao 2020n euskal proiekturik onenaren saria jaso zuen eta gerora bide polita egiten ari da nazioarteko hainbat jaialditan. Etorkizunean, zer ibilbide izatea espero duzue?

Espero dugu jaialdi gehiagotan aukeratzea eta horrek internazionalki presentzia ematea. Ez da bide erraza, baina gutxinaka gutxinaka zerbait lor daiteke.

Eta noski, espero dugu etorkizuneko proiektuentzat ateak irekitzea.

 

(2021eko urtarrilaren 13an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana