Kanta zaharrekin negozio berria

  • Kanta zaharrekin negozio berria
    Joan Baez eta Bob Dylan 1960ko hamarkadako argazki batean.
argia.eus

  • DataUrtarrilak 14
  • Gaia Musika

Digitalizazioak musikaren industria hankaz gora jarri zuen mende honen hasieran, baina disko-salmentan oinarritutako ereduaren errautsetatik negozio-molde berri eta, akaso, are espekulatzaileagoa sortzen ari da. Multinazional eta inbertsio-funtsak kanten eskubideak erosten ari dira, etorkizunean izango dituzten entzunaldiei esker irabaziak biderkatzeko.

Universal Music Group multinazionalak iazko abenduan iragarri zuen Bob Dylanen kanten katalogo osoa bereganatu duela. Erosketa historikoa da alderdi askotatik begiratuta: hasteko, tratuan gastatutako diru kopuruagatik, zehazki publiko egin ez den arren 200 milioi dolar (165,5 milioi euro) ingurukoa izan baitaiteke NBC hedabide estatubatuarraren arabera eta, horrenbestez, inoiz egin den musika salerosketarik garestienetako baten titulua bereganatu du. Dylanen ibilbidearen amaiera gertuago dagoela adierazten duelako ere eman du zeresana –Minnesotako artistak bizkar gainean daramatzan 79 urteak kontuan hartuta inork ez luke harritu behar, baina badirudi bizirik dauden mitoekin kosta egiten dela hezur haragizko pertsonen muga berdinak dauzkatela onartzea–. Eta Like a Rolling Stone bezalako abestiak aurrerantzean norenak izango diren jakiteaz gain, albisteak agerian utzi du azkenaldian abesti zaharren eskubideekin sortzen ari den negozioa.

Gauza jakina da norbaiten izenean erregistratutako kanta bat irratian edo telebistan entzuten den bakoitzean, edo erabiltzaileren batek plataforma digital batean play ematen dion aldiro, egileak diru kopuru bat jasotzen duela. Royalty horiek eztabaida-iturri ere izan dira, industria musikalak garai batean disko-salmentari esker banatzen zituenekin konparatuta, gaur egun Spotify edo Youtube bezalako plataformek ematen dituzten sosekin milioiak lortzea mundu osoan ezagunak diren artisten klub txiki baten esku bakarrik dagoelako. Hori bai, Blowin’ in the Wind edo Hurricane konposatu badituzu, ez dago arazorik: hamarkadak daramatzate irabaziak sortzen eta munduak asko aldatu beharko du etorkizunean kanta horiek entzulerik gabe geratzeko.

Alde horretatik, Dylanen 600 abesti inguruko katalogoa epe luzeko inbertsioa izan da Universalentzat. Eta ez da egin den mota horretako tratu bakarra: 2020an bertan The Guardian egunkarian publikatutako artikulu baten bidez ezagutu dugu Stevie Nicks Fleetwood Mac taldeko abeslariak Primary Wave konpainiarekin sinatutako akordioa, zeinaren arabera, 100 milioi dolarren truke (82,8 milioi euro) artistaren katalogoaren parte handiena eskuratu zuen konpainiak; Taylor Swiftek ere lehenbiziko sei diskoen eskubideak Shamrock inbertsio-funtsari saldu zizkion Donostian ehunka etxe erosteko adina emango lukeen kopuru baten truke. Beste ondasun askorekin gertatu den moduan, abestien truke-balioa finantza-espekulaziorako erabiltzen da geroz eta gehiago. Eta badirudi hazten ari den negozioa dela.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana