Kode-poesia, literatura eta teknologiaren arteko elkarrizketak

  • Kode-poesia, literatura eta teknologiaren arteko elkarrizketak

Kode-poesiak lengoaia artistikoak etengabe bide berriak bilatzen dituela demostratzen du. Diziplina hori literaturaren eta teknologiaren konbinaziotik abiatzen da, eta gurean Kode-Poesia Laborategian ari da garatzen, PuntuEUS Fundazioaren baitan sortutako ekimenean. Manex Garaio proiektuaren arduradunak xehetasun guztiak eman dizkigu.


Nola definitzen da kode-Poesia? Zer ezaugarri ditu berezko?

Kode-poesia programazio lengoaiak erabilita idazten den olerki mota bat da. Kode-poesiaren helburu nagusia idatzitako kodearekin olerki bat osatzea da, aukeratutako programazio lengoaian. Programazioaren helburu nagusia funtzionatzen duen produktu bat (mugikorrerako aplikazioa, webgunea, etab.) garatzea izan arren, kode-poesian horrek ez du hainbesteko garrantzirik.

Poesia bat kode-poesia izan dadin programazio lengoaia baten sintaxia jarraituta osatu behar da. Izan ere, lengoaia bakoitzak bere berezitasunak ditu, esate baterako, formatu arauak, funtzio berezidun hitzak…

Hortik aurrera askatasun handia dago, errima dezake edo ez, funtzionalitatea duen kode zati bat izan daiteke ala ez, eta gaia, luzera eta forma ere libreak dira.

 


(Kode-poesiaren webgunean ekimenean parte-hartzen animatzen duen olerkia).


Noiz eta nola sortu zen Kode-Poesia Laborategia martxan jartzeko ideia?

Duela urte batzuk el Salto egunkarian Belen Garcia Nieto izeneko informatika eta idazle bati egindako elkarrizketa bat argitaratu zen, gaztelaniaz egiten zituen kode-poesien ingurukoa. Hori izan zen laborategia sortzearen ideia piztu zuen txinparta.

Hortik abiatuta, gaia ikertzen jarraitu eta ingelesez ere bazegoela ikusi, eta euskaraz ere kode-poesia sortzea polita litzatekeela pentsatu genuen.


Zein ari da izaten ekimenaren erantzuna?

Egia esan, gustura gaude izandako erantzunarekin. Hasieratik aurreikusten genuen ez zela ekimen masibo bat izango, kode-poesian interesa izango dutenen profila poesia zalea den eta programatzen dakien jendea dela kontutan hartuta. Ondorioz, dozena bat egile ezberdinek beraien lanak bidaltzea oso positiboa iruditzen zaigu.

Eta, horretaz gain, gustura gaude batez ere laborategiak kode-poesia zer den ezagutarazteko balio izan duelako. Ikastaro, hedabideetako elkarrizketa eta bestelako agerraldi publikoen bidez profil ezberdineko jende askorekin eduki ahal izan dugu harremana eta kode-poesia bat zer den erakutsi ahal izan diegu.

 


("Zorionekoak gu", Aitor Gomez | Python)


Zer nolako garrantzia du esperimentazioak sorkuntza mota honetan?

Funtsezkoa da, hain zuzen ere laborategia izena horregatik jarri genion egitasmoari. Lehen aldia da horrelako zerbait euskaraz egiteko ekimen bat dagoela eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun jendea animatzea bere sormenetik eratorritako ideia eta idazkerekin kode-poesiak sortzeko, horiek edozein direla ere.

Kode-poesia egiteko modu eta bide ezberdin ugari daude eta laborategia toki aproposa izan daiteke horiek elkarbanatu, guztion artean esperimentu kolektibo bat egin eta kode-poesiak ematen dituen aukerak ikusi eta ikasteko.


Programazio-lengoaia ez dago mundu guztiaren eskura. Kode-Poesiak al du sortzaile eta zaletu profil zehatzik?

Lehenago esan bezala, kode-poesian interesa eduki ohi duen pertsonak bi ezaugarri izan ohi ditu: poesiaren zalea izatea eta programazioaren ezagutza edukitzea. Hala ere, antolatu ditugun ikastaroetan ere programazioari buruzko ezagutzarik ez duen jendeak ere parte hartu du, poesia gustuko izan eta jakin-mina azaldu duena.

Bereziki horregatik ikastaroetan programazioaren oinarri xume batzuk lantzen genituen, ezagutza teknikoa ez zutenek ere kode-poesiak sortzeko aukera izan zezaten.


Lengoaia honetan adituak ez garenentzako poesia mota honen itxura grafikoa edukiaren gainetik nabarmentzen da, ia kaligrama gisa. Zer garrantzi du formak Kode-Poesian?

Galdera honek lotura handia dauka lehen esan dugunarekin, kode-poesia egiteko modu anitzak egotearekin. Kode-poesia batzuetan programazioaren barne kontzeptuek presentzia handiagoa dute eta alderdi estetikoak akaso ez du hainbesteko garrantzirik. Beste batzuetan, berriz, programazio lengoaiek duten estetika aprobetxatzen da ideia jakin bat garatzeko, eta programazioaren alderdia bigarren plano batean gelditzen da.

Kode-Poesia sortzeko erabilitako teknikak baldintzatuko du gehien bat zein pisu daukan formak, eta zein edukiak.

 


("Spring Love / Udaberriko maitasuna", Alejandro Barredo Arrieta | Python)


Zer helburu planteatzen dituzue laborategian etorkizunera begira?

Hemendik aurrera, helburua kode-poesia ezagutarazten jarraitzea da, laborategian lanak argitaratzen jarraituz eta hori bultzatzeko ekintzak antolatuz.

Pasa den urte amaieran 2019-2020ko kode-poesien antologia argitaratu genuen, eta hemendik aurrera ere urtero antologiak egiteko asmoa dugu, egileen lanen bildumekin beraiei eta proiektuari berari ikusgarritasun handiagoa emateko.

 

(2021eko urtarrilaren 20an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana