Paula Olaz, soinu-bandak sortzeko abentura

  • Paula Olaz, soinu-bandak sortzeko abentura

Paula Olaz gazte iruindarrak ogibide eta bizitza dauka musika. Bere sinadura gure testuinguruko oihartzun handiko ekoizpen zinematografikoetan agertzen da: "Handia", "Errementari", "Dantza", "La trinchera infinita", "Nora" edo "Bi urte lau hilabete eta egun bat", besteak beste. Eta antzerkian, dantzan edo bideo-jokoetan ere lan egin duen arren, zineman aritu da batez ere. Gaur, pelikula baten musika konposatzeko prozesua nolakoa den azalduko digu.


Zure ibilbide akademikoa itzulpengintzan eta interpretazioan hasi zen, baina musikaren arloan ari zara gaur egun. Nola hurbildu zinen diziplina honetara?

Zortzi urte nituenean hasi nintzen musika ikasten… Batzuetan ez dugu pentsatzen musika ikastea ibilbide akademiko luzeenetarikoa dela. Pentsa musikari profesionala bihurtzeko gutxienez hamalau urte ematen dituzula (zortzi urterekin hasi eta hogeita bat-hogeita bi urterekin musika ikasketak unibertsitatean bukatu). Gradu bat, ordea, lau urtekoa da, eta ematen du gradu batekin jada profesionalak garela ikasi dugun horretan lan egiteko. Musikan desberdina da, ikasketak txikitatik hasten dira, eta eguneroko praktika behar dute. Nik esango nuke nire ibilbide akademiko luzeena musika izan dela.

Musikari familia da nirea. Julián Olaz, adibidez, Nafarroako tenore ospetsua izan zen XX. mendean.


Zer ematen dizu, profesionalki baina baita pertsonalki ere, musika-sorkuntzak?

Musika nik lengoai bezala ulertzen dut. Haurrak garenean eta burmuina garatzen doan heinean musika ikastea oso onuragarria dela erakutsi dute hainbat ikerketek. Gero egia da ere, musika entzutea zein jotzea esperientzia soziala bihurtu daitekeela, besteekin partekatzen badugu; edota esperientzia existentziala, bakarrik bagaude... Psikologiaren munduarekin ere erlazio oso estua dauka eta horregatik musikak era batera edo bestera afektatzen gaitu pertsonalki.

Nik uste dut musikari izatea bukaerarik ez duen profesio bat dela. Estudiotik ateratzerakoan eta etxera bueltatzerakoan ez dut musika estudioan uzten, nirekin eramaten dut, nire bizitzaren beste atal bat da, oso presente dagoena baita bizi pertsonalean ere.

 


["Basaide" obra lantzen. Sonora Estudios, Gasteiz. ARGAZKIA: Martin Guridi].


Musika-sorkuntzaren bidez aktiboa nago. Musika egitean faktore askok baldintzatzen dute sorkuntza: zure egoera emozionala, bizitzako zein momentutan zauden, etb... Agian baldintzatzea ez da kontzeptu zuzena, elkarrekin bizi direla baizik… Musika zure pertsonaren ispilu bilakatzen da eta, beraz, oso tresna interesgarria izan daiteke zeure burua ezagutzeko. Nik musikari esker asko ikasi dut neure buruaz.


Soinu-bandak sortzen espezializatu zara. Zer funtzio betetzen du horrelako konposizio batek lan zinematografiko batean, eta zein dira aurre egin beharreko zailtasun ohikoenak?

Soinu-bandak zineman gaur egun funtzio desberdinak bete ditzake. Hala ere, niri gehien gustatzen zaizkidan soinu-bandak narratiba bat dutenak dira. Hau da, musikak istorio bat kontatzen duenean, elementu narratiboa bihurtzen denean, ez bakarrik irudiari eusten diona, ikusezinak diren beste lekuetara eramaten gaituena baizik, mundu psikologikoa, ametsena, emozioena aztertzen duena...

Soinu-banda bat konposatzeko orduan dagoen lanik zailena musikaren beraren lekua aurkitzea da. Musika filmari erritmoa gehitzeko edota bakarrik irudia laguntzeko erabiltzea pena emango lidake, horregatik lan estua egin behar dugu egileekin: zuzendariari galdetu zergatik nahi duen eszena honetan musika jarri, zein nahiko lukeen musikaren papera izatea, ezinbestekoa den…

 


["Amadas" filmaren soinu-bandaren partitura bat. ARGAZKIA: Jokin Pascual].


Erronka handia da tonu eta oreka aproposa aurkitzea soinu-banda bat sortzerako garaian, eta hori ezin da hitzekin azaldu, bakoitzaren sentsibilitatean datza, soinu-banda bat geure barnera sartzen denean, orduan esango nuke nik konpositoreak lortu duela bere helburuetako bat.


Beste sektore batzuetan ere egin duzu lan, antzerkian edo bideo-jokoetan, esaterako. Zer desberdintasun daude diziplina horietako bakoitzean obra bat planteatzeko orduan?

Diziplina ezberdinak dira eta, beraz, lan egiteko modua ere bai bada. Antzerkia, adibidez, gutxinaka sortzen doan arte mota delako maite dut eta konpositorea hasiera hasieratik egon daitekeelako, aldaketen lekuko gara eta gidoia eta interpretazioa bezala, musikak ere inspira dezake antzerki pieza modu batean edota bestean. Zuzenezko erlazioa asko gustatzen zait, kolektiboa da eta beti ikasten da zerbait berria.

Bideo-jokoetan soinu-banda sortzea ere lan zoragarria da! Orduak eta orduak jolas ditzakegu bideo-joko batean eta, beraz, musika normalean esperientzia horretan oso ageri dago. Honek esan nahi du orduak eta orduak konposatu behar ditugula, baina interesgarriena hemen, horizontaltasunaren haustura da niretzat. Hau da, zineman, antzerkian eta dantzan musikak hasiera eta bukaera finko bat ohi du, beti berdina; baina bideo-jokoetan jokalariaren interaktibitateak musika hori alde batera edo bestera eramaten du. Beraz, soinu-bandaren kontzeptua beste ikuspuntu batetik lantzen da eta baita musikaren interaktibitatea ere.

 


[Ad Hoc Studios (Madril) "Nora" filmaren nahasketak lantzen. ARGAZKIA: Paula Olaz].


Esan behar dut dantzarako konposatzea ere oso gustuko dudala. Dantzak musikari eragiten dio eta musikak dantzari… Hain gertu dauden bi diziplinekin jolastea benetan dibertigarria da,  baita erronka polita ere!


Zure sormen lanari alderdi pedagogikoa ere gehitu diozu, Donostiako Larrotxene zentrotik. Nolakoa izan da esperientzia hori? Zer ikasbide eman dizkizu?

Bai, nik urteak eman ditut herrialde desberdinetan beti musikaren sorkuntza eta pedagogia lantzen. Asko gustatzen zait ezagutzaren inguruan hausnartzea. Honek agian faktore soziala eta etikoa ere badaukalako, irakasleak ezagutza gizarte bati transmititzea edota ezagutzaren tresna bilakatzen direlako. Gainera nik asko ikasten dut irakasterakoan, galdera asko agertzen dira irakaste prozesuan eta ni, naturaz oso kuriosoa naizenez, ba maite dut musikaren disziplinan ikertzea.

Larrotxenen hiru urtez eman ditut soinu-banden inguruko kurtsoak, teoria eta praktika landuz. Etorkizunean entzungo ditugun konpositoreak izan ditut klasean, oso harro nago egin duten garapenaz eta gaur egun asko pozten nau nola ikasle batzuk musika ogibide bezala duten ikusteak. Larrotxenekoa benetako familia da, leku gutxitan bizi izan dut horrelako esperientzia aberatsa.


2020ak, beste esparru batzuetako profesional askori bezala, ziurgabetasun-egoera ekarri die sortzaileei. Nola eragin dio zure lanari COVID-19ren krisiak? Zer lezio ikasi behar ditugu bizipen horretatik?

Ez bakarrik nire lana, baizik eta guztiok genuen bizi modua aldatu du egoera honek.

Nik uste iraultza handia biziko dugula, giza mugak esperimentatzen ari gara eta argi dago gaur egungo mundu-estruktura bidegabekoa dela ingurumenarekiko, adibidez. Zientziaren bidez egindako hausnarketa bakarra eta eztabaidaezina denean (eta ez anitza) arriskutsua ere izan daiteke, pertsonen mundu psikologiko eta espiritualaz ahazten bagara ere, gizakiaren esentzia alde batera uzten dugu eta, normala denez, galtzen gara.

 


[Mikel F. Krutzaga, Lara Izagirre eta Pascal Gaignerekin, Musik Art estudioan, "Nora" filmaren soinu-banda nahasten. ARGAZKIA: Paula Olaz]


Niretzat hainbat gauza daude ikasteko bizipen honetatik: zein konektatuta gauden gizakiak geure artean, zein inportantea den geure planeta errespetatzea eta zaintzea, gure etxea dena gaixotzen hasi baita, eta zein boteretsua den gizakiaren pentsamendua, zein indartsua den natura eta, gizakiak, egokitzeko tresnak izan baditugula. Dena den, kritikoagoak izaten ikasi beharko genuke, batzuetan artalde bat ematen dugula inpresioa daukat.


Zeintzuk dira zure etorkizunerako proiektuak?

Zerrenda luzea daukat… Tzuki’s Plan B bideo-jokoa (Cokoon Games), “Basaide” dantza espektakulua (Bilaka kolektiboarena), Maider Oleagaren “Kinka” film laburra, Maru Soloresen “Aztarnak” dokumentala, Ander Iriarteren “Krask soinua” filma, Leire Egañaren “Gol, gol, gol” film laburra, Marga Gutiérrezen “Amadas” filma, Ze Onda Antzerki Taldearen “Tempus Fugit” lana, Maryse Urrutyk zuzendutako “Oihana” antzerki pieza, Forum des Images (Paris)-en emango ditudan “ciné-concert”-ak, ARI-n  (Anthropological Research Institute, Frantzia) aurrera eramango dugun “Traces” proiektua, Bretañako Orkestra Sinfonikoak joko duen nire pieza baten estreinaldia, Led Silhouetteren "Lys" dantza pieza eta abar, eta abar, eta abar...

 

(2021eko otsailaren 9an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana