Musika-Msica 2021 jaialdiak uriko hainbat gunetara zabalduko da lehen aldiz, eta Bilbo Vienako musikaz beteko du

  • Musika-Msica 2021 jaialdiak uriko hainbat gunetara zabalduko da lehen aldiz, eta Bilbo Vienako musikaz beteko du
bilbao.eus

  • DataOtsailak 22
  • Gaia Musika

Juan Mari Aburto alkateak iragarri du aurtengo edizioan eta berrikuntza gisa, Euskalduna Jauregiaz gain, Azkuna Zentroa, Elkarte Filarmonikoa eta UPV/EHUren Bizkaia Aretoa ere jaialdiaren egoitza izango direla.

Mozart, Beethoven, Schubert, Haydn, Brahms edo Mahler, besteak beste, 36 kontzertutan egongo dira ordezkatuta martxoko lehen asteburuan, martxoaren 5etik 7ra.

Irekiera kontzertua hilaren 5ean izango da, 19:00etan, Euskalduna Jauregian, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) emango du, Bilboko Koral Elkartea, Miren Urbieta-Vega sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Mikeldi Atxalandabaso tenorea eta Jose Antonio López baritonoarekin batera. Interpretatuko duten obra Beethovenen 9. sinfonia re minorrean opus 125 ‘Coral’ ospetsua izango da.

Sarrerak zenbakituta egongo dira eta 6 eta 12 euro artean jarriko dira salgai, otsailaren 24an, eguaztena, Euskalduna Jauregiko leihatiletan eta webgunean, baita Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan eta kontzertu-aretoetan ere, emanaldi bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago.

Jaialdiaren antolakuntzak zorrotz beteko du COVID-19ren aurkako osasun-araudia, artisten eta ikusleen segurtasuna bermatzeko helburuarekin.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Gonzalo Olabarria Kultura zinegotziarekin batera, Musika-Música Jaialdiaren XX. edizioa aurkeztu du gaur goizean Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan. Jaialdia martxoaren 5ean, 6an, eta 7an egingo da.

Jaialdia, Bilboko Udalak antolatua, urian zehar ibiliko da lehen aldiz, eta Euskalduna Jauregian ez ezik, aurreko urteetan bezala, Bilboko Azkuna Zentroa-Alhondigako auditorioan, Bilboko Elkarte Filarmonikoan eta Bizkaia Aretoan (UPV/EHU) ere emango ditu kontzertuak. Vienari eskainitako Musika-Musica jaialdiak agertoki berri horietan joko du eta Vienako musikaz beteko ditu uriko beste txoko horiek.

Alkateak aurkezpenean iragarri duen bezala, "Bilbo musikaren Europako hiriburua izango da berriz ere, eta musika edizio honetan omentzen dugun Vienak bezala bizi duen hiri batek zer sentitzen duen erakutsiko dugu. Vienako musikan aukera paregabea aurkituko dugu, ordu batzuengatik bada ere, bizi dugun egoera zail eta luze honetatik ihes egiteko. Aurten, Musika-Música jaialdia Bilbora zabalduko da, eta ihes horretarako aukera paregabea eskainiko die bilbotarrei, goi mailako kulturaren bidez, era gure uritik atera gabe”. Aburtok gaineratu duenez, "Musika-Musicak presentzia handiagoa bilatzen du urian, musika eta kultura jendearengana are gehiago hurbilduko duten kokapen berriekin".

Bestalde, beste edizio batzuetan garatutako ildotik, Gonzalo Olabarriak Udalak bere programazio kultural osoan tokiko talentuaren alde egiten duen apustua azpimarratu du: "Musika-Musicak beti egin du kalitatearen aldeko apustua, eta harrotasunez esan dezakegu Bilbok orkestra sinfonikoa, elkarte korala eta artista garrantzitsu ugari dituela. Abeslari gehienak Euskal Herrikoak dira eta aurten, gainera, Iker Sanchezek zuzendutako Bilbao Sinfonietta orkestrak lehenengo aldiz joko du. Eta nola ez, Udal Banda ere arituko da".

BILBO VIENA IZANGO DA

Vienako hiria, musikaren hiriburu nagusia, aukeratu dute edizio honetako protagonista izateko. Hala, 2019an Londresekin eta New Yorkekin hasi eta 2020an Parisekin segitu zuen zikloa itxi da. Bilbo Vienaren pareko bihurtuko da eta martxoko lehen asteburuan musikaren hiriburu bilakatuko da. Mozart, Beethoven, Schubert, Haydn, Brahms eta Mahler, besteak beste, ‘egongo dira’ hirian hiru egunez, musikaren festa ospatzen.

Bilboko Udalak 36 kontzertu programatu ditu aurtengo ediziorako. Lehenengoa, irekierakoa, barikuan, martxoak 5, izango da, 19:00etan, Euskalduna Jauregiko Auditorioan, eta BOSen (Giancarlo Guerreroren zuzendaritzapean) esku egongo da, Bilboko Koral Elkartea, Miren Urbieta-Vega sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Mikeldi Lopez tenorea eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoarekin batera. Interpretatuko duten obra Beethovenen 9. Sinfonia re minorrean opus 125 ‘Coral’ ospetsua izango da.

Era berean, nabarmentzekoa da martxoaren 7an, domeka, 19:30ean, Euskalduna Jauregiko Auditorioan, Mozarten Requiem re minorrean K.626 obraren emanaldia, Iker Sanchezek zuzenduko duen Bilbao Sinfonietta orkestrak interpretatuko duena, Bilboko Koral Elkartea, Vanessa Goikoetxea sopranoa, Maite Maruri mezzosopranoa, David Alegret tenorea eta Christopher Robertson baritonoarekin batera.

Bestalde, hilaren 6an eta 7an, Elkarte Filarmonikoan, Les Dissonances orkestra europarrak, David Grimalen gidaritzapean, Mozarten biolinerako kontzertuen integrala interpretatuko du eta Azkuna Zentroan, berriz, ] W [ Ensemble-k Mozart eta Beethovenen haizerako kintetoak joko ditu.

Jaialdiaren hogeigarren edizio honetako beste emanaldi aipagarri bat martxoaren 6an izango da, zapatua, 19:30ean, Gustav Mahlerren 4. Sinfonia sol maiorrean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (OSE) eskutik, Serena Saenz sopranoarekin batera, Semyon Bychkov zuzendariaren agindupean.

Musika-Músican lehen aldiz arituko dira Trío VibrArt hirukotea eta Juan Perez Floristan pianista.

KONTSERBATORIOAK, FAMILIAK ETA ZINEA

Kontserbatorioetako kontzertuetarako toki bat ere egongo da, Barakaldoko Udal Kontserbatorio Profesionaleko Orkestraren eta Bilboko Koral Elkartea-Jesus Guridi Orkestraren eskutik, nahiz eta aurtengo segurtasun neurriak direla medio, mugatuak izango diren.

Edizio honetan familientzako emanaldietarako gune bat ere badago, alde batetik, Companyia Princep Totilau-ren eskutik, publiko guztiarentzako Mozartland ikuskizunarekin, 3 urtetik aurrera; eta, bestetik, Orthemis Orquestraren eskutik, “A tempo d’umore” obra komiko eta musikala, Mozart, Beethoven, Schubert eta J. Straussen musikarekin.

Zinemak protagonismoa izango du berriro ere jaialdian: “Vienako musika Pantaila Handian”, Kubrick, Polanski, Visconti eta Daldryren filmei buruzko elkarrizketa eta “Zineak Mozart maite du”, Austriako jenioaren musikan zehar bidaiatzen duena “Afrikako oroitzapenak (Out of Africa) ”, “Closer”, “Elvira Madigan” eta “Bizi arteko zigorra (The Shawshank Redemption)” filmen bidez.

ELENA ODRIOZOLA, KARTELAREN EGILE

Uztailean egindako prentsaurrekoan aurrreratu zenez, Musika-Música 2021 Jaialdiaren irudia Elena Odriozola ilustratzaile donostiarrak egin du. Bera da nazioartean osperik handienetakoa duen marrazkilarietako bat, ikusi besterik ez dago bere lan oparoa eta Estatuan nahiz nazioartean eman dizkioten sariak eta agertu dizkioten ezagutzak. Sarien artean, besteak beste: Literaturako Euskadi Saria, marrazkiengatik (2009, 2013), Marrazkigintzako Estatuko Saria (2015), eta Irudiztapenari buruzko Bratislavako Biurterokoaren Urrezko Sagarra (2015).

Oraingo aldi honetan, Elena Odriozolak Viena irudikatu du kartelean, eta, irudikatu ere, Austriako hiriburuan bildu zen musikazko jeinutasun guztia iradoki zuen musaren gisa.

COVID-10AREN AURREKO PROTOKOLOA

Jaialdiaren antolatzaileek zorrotz-zorrotz betearaziko dute Covid-19aren pandemiaren ondorioz izan litezkeen arriskuak eragoztearren osasun agintariek ezarriko duketen araudia, besteak beste, maskara nahitaez erabiltzea, sarreran esleitutako lekuan egotea eta langileen gomendioei uneoro jarraitzea.

SARREREN SALMENTA

Sarreren salmenta otsailaren 24an, eguaztenean, hasiko da

  • Euskalduna Jauregiko leihatilak (astelehenetik zapatura, 12:00-14:00h. / 17:00-20:00h). www.euskalduna.eus.
  • Kutxabank-eko zerbitzu anitzeko kutxazainetan.
  • Kontzertu-aretoetan, emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago. Azkuna Zentroa - Bizkaia Aretoa – Bilboko Koral Elkartea.

SARE SOZIALAK

#MusikaMúsica2021
www.bilbao.eus/musika-musica/2021/

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri

Euskadi, auzolana