HitzKeta, haurrentzako euskal abesti, olerki eta liburu bilduma baino gehiago

  • HitzKeta, haurrentzako euskal abesti, olerki eta liburu bilduma baino gehiago
  • HitzKeta, haurrentzako euskal abesti, olerki eta liburu bilduma baino gehiago

Haurrei zuzendutako euskal musika eta literaturari buruzko material pedagogiko ugaria gune bakar batean biltzea eta, bide batez, euskal kulturaren transmisiori ekarpena egitea. Bi helburu nagusi horiekin, Maddi Murgiondok, Miren Puertasek eta Naroa Mendizabalek HitzKeta bihurtu den proiektuaren lehen urratsak eman zituzten eta pandemiak balio erantsia eman dio baliabide aberats honi. Protagonistek ekimenaren jatorria eta xehetasun guztiak kontatu dizkigute.


Zer da HitzKeta eta zein da bere jatorria?

HitzKeta haurrentzako euskal abesti, olerki eta liburu bilduma da. Horretaz gain, bilduma bakoitzarekin batera, berauek lantzeko proposamen didaktikoak eskaintzen dira.

HitzKeta 2017-2018 ikasturtean hasitako proiektu bat da, eta Donostiako Irakasle Eskolan azken ikasturtea burutzen genbiltzan lau ikasleren eskolako lan batean du abiapuntua. Lan haren helburua, hain zuzen ere, interes komunak zituzten ikasleak bildu eta, interes horiek oinarri hartuta, teknologia berriak erabiliko zituen proiektu bat sortzea zen. Irakasle Eskolako ikasleak izanik, nola ez, hezkuntzaren inguruko jakin-nahiak baina, batez ere, euskararen eta, oro har, euskal kulturaren gaineko interes eta maitasunak batu zuen ondoren HitzKeta izena hartu zuen taldea.

Gure lanaren funtsa zein izango zen, beraz, argi zegoen: euskara eta euskal kultura. Horiek irakaskuntzarekin eta teknologia berrien erabilerarekin nola lotu genitzakeen pentsatzea izan zen gure hurrengo pausua. Bada, horretarako, landu nahi genituen arlo horiek guztiak aztertu eta horietan egon zitezkeen hutsuneak zeintzuk ziren antzemateari ekin genion.

Azterketa haren ostean, eta graduko lau urteetan zein ikastetxeetan egindako Practicum-etan ikasi eta ikusitakoak kontuan izanda, gabezia nabarmen bat sumatu genuen irakaskuntzan euskal kultura lantzeko baliabideei dagokienean. Hala ere, jakin badakigu kulturak esparru oso zabala hartzen duela bere gain. Hori horrela, eta arlo baten zentratze aldera, gure lana Haur Hezkuntza etapara eta musika eta literaturara bideratzea erabaki genuen, haurtzaroan eta Haur Hezkuntzako etapan literaturak eta musikak duten garrantziaren jakitun. Ideiak argi, HitzKetako webgunea sortu eta kalitatezko euskarazko literaturaren bilduma moduko bat osatu genuen.

 

[Abestiak atala, non baliaideak azpi-kategoriaka agertzen diren].


Asmoa proiektuarekin aurrera jarraitzea baldin bazen ere, unibertsitatea bukatzearekin batera, zail gertatu zitzaigun horri eustea. Ordea, 2020ko pandemiak sortutako egoera arraro honek pentsatzeko eta gauza berriei ekiteko denbora ekarri digu guztioi eta baita guri ere, jakina. Orobat, beste zenbait arlotan bezalaxe, irakaskuntzan ere sekulako eragina izan du egoera honek eta hainbat aldaketa ekarri ditu. Horren aurrean, HitzKeta bezalako proiektuak baliagarri izan zitezkeela ikusi genuen eta berriz ere heldu genion proiektuari.


Zein publiko motari dago zuzenduta ataria?

Batez ere, 0-6 urte bitarteko haurrei begira sortu den materiala bildu dugu webgunean. Hori horrela, webgunea Haur Hezkuntza etapara zuzenduta dagoela esan genezake, eta erabilgarri izan daiteke bai haur, bai irakasle, bai hezitzaile eta baita familientzat ere.

Era berean, euskal kulturan interesa duen edonorentzako erakusleihoa da HitzKeta webgunea.


Zer/zenbat baliabide biltzen ditu gaur egun?

Hiru multzo nagusi ditugu webgunean: abesti bilduma, liburu bilduma eta olerki bilduma. Hiru bildumotan azpimultzoak ere badaude, sailkapen zehatzagoak, bilaketa errazago egiteko. Horretaz gain, hasieran esan bezala, bilduma bakoitzarekin batera, bertako materiala lantzeko hainbat proposamen didaktiko daude eskuragarri.  

Abesti bilduman dauden kantuak sei multzotan banatuta daude: eskuen mugimendua lantzen dutenak, jolaserako edo dantzarako direnak, animaliei buruzkoak, lasaitzeko edo lotarako abestiak, euskal tradiziotik jasotakoak eta ospakizunetako abestiak. Multzo bakoitzaren barruan, hainbat abestiren bideoak daude; horietako batzuk abesti horretarako proposatutako dantza erakusten dute, eta gehienek abestiaren letra ere badakarte, nahi izanez gero, abestia kantatu eta dantzatzeko. Orobat, diskografia bat ere gehitu dugu eta, disko batzuen izenen gainean klikatuta, diskoko abestiak entzuteko aukera dago.

Liburuak, ostera, bost multzotan sailkatuta daude: album ilustratuak, ipuinak, album mutuak, ahozkotasuna lantzekoak eta bestelakoak. Erraz identifikatzeko, liburuen azalak ageri dira, fitxa teknikoarekin batera. Liburu-azalean klik eginda, Galtzagorri Elkarteko webgunera bideratuko da bisitaria eta, bertan, liburuaren gaineko informazio gehiago eskuratuko du; hala nola, laburpena, iritzi artukuluak, etab. Liburuaren izenburuan klik eginda, berriz, kasu batzuetan, liburuaren kontakizuna ikusteko/entzuteko aukera dago.

 

[Album ilustratuak gordetzen dituen atala].


Olerkien atalean, hizkuntzarekin jolastu eta gozatzeko lau multzo daude: olerkiak (gaika antolatuta), asmakizunak, aho-korapiloak eta esaera zaharrak. Materiala bi modu ezberdinetan jaso daiteke: batetik, PDF formatuan, nahi izanez gero, inprimatzeko; bestetik, bibliografia atalean, ahozkotasuna lantzeko egokiak diren liburuak aurki daitezke.

Halaber, proposamenen atala ere badugu atarian. Bertan, guk sortutako edo guri bidalitako proposamenak biltzen ditugu, eta denontzat eskuragarri jarri. Bildumetan dauden abesti, olerki eta liburuekin egin daitezkeen jarduerak jasotzen dira proposamenetan, baina baita bitxikeriak edota informazio gehigarria ere. Azken hilabeteetan, izugarrizko lan eta proiektuak iritsi zaizkigu. Hala, ohartu gara material didaktiko franko dagoela (kalitate handikoak, gainera) sortuta, baina askotan, arrazoi ezberdinak medio, lan horietako askok eta askok ez dutela argirik ikusten. Lan horiek elkarbanatzea eta ezagutzera ematea da, hain zuzen, atal horren bitartez bete nahi dugun helburua.


Nola funtzionatzen du atal honek? Zein da bere helburua?

“Porposamenak” atalaren helburua sortuta dagoen materiala, nagusiki didaktikoa, webgunearen bitartez elkarbanatu eta ezagutzera ematea da. Izan ere, lan asko dago eginda, material asko sortu da, eta, kasu gehienetan, gordeta gelditzen dira, edota ibilbide laburra izan ohi dute ikusgarritasun ezagatik. Hori horrela, aukera eskaini genuen nahi duen orok gurekin harremanetan jarri eta euren proiektuak elkarbanatzeko.

Orain arte, Gradu Amaierako Lanak, ipuin kontalariak, lanketa eta proiektu desberdinak... eman ditugu ezagutzera. Gurekin harremanetan jarri nahi duenak webguneko Harremanak atalaren bitartez egin dezake, edota bestela, hitzketa@gmail.com helbide elektronikora idatzita.


Zer ezaugarri bete behar dituzte eskaintzen dituzuen materialek? Zer irizpideren arabera hautatzen dira?

Materiala euskarazkoa eta kalitatezkoa izatea bermatu ohi dugu webgunean aurkeztu aurretik.

Euskarazko materiala bildu dugu, euskaraz sortua zein euskarara itzulia, eta, gainera, iragazki batzuetatik pasatzen ditugu horiek guztiak. Liburuen kasuan, esaterako, honako alderdi hauek hartzen ditugu kontuan: hizkuntza egokia erabiltzea eta ondo idatzia egotea, egitura logikoa izatea (hasiera, korapiloa eta bukaera), ilustrazioak kalitatezkoak izatea eta bat etortzea testuarekin, adinari egokitua egotea, eta adin aniztasuna izatea liburuen artean. Abesti zein olerkiekin ere, antzeko irizpideak jarraitzen ditugu: hizkuntzaren zuzentasuna zaintzea, baita adin horietarako egokiak izatea.

Euskarazko materiala biltzen dugun arren, liburu bilduman badugu azpi multzo bat, Bestelakoak izenburupean. Bertan, euskarazkoak ez diren liburuak ere jasotzen ditugu, kalitatezkoak izanik, euskarara itzultzeko modukoak direnak.


Baliabideen bilaketari eta sailkapenari dagokienez, zer metodologia erabili duzue?

Esango genuke gure orrialdeak duen berezitasunetako bat erosotasuna dela. Honenbestez, erabiltzaileei erosotasuna eta erraztasuna eskaini nahi izan diegu. Hori ziurtatu asmoz, aipatutako hiru bildumetako material guztiak azpi-multzotan sailkatu ditugu eta horrela aurkeztu ditugu webgunean.

Orrialde bakar batean material eskaintza zabala aurki dezake erabiltzaileak, leku batetik bestera bila ibili beharrean. Halaber, eskaintzen dugun guztia sailkatuta izanda, erosotasunez eta denbora gutxian aurki dezake erabiltzaileak behar duen hori.

 

[Gaika sailkatzen dira abestiak. Irudian, animaliei buruzko kantak].

 

Bukatzeko, materiala ez ezik, horiek lantzeko proposamenak eskaintzen ditugu; beraz, materiala zein hura lantzeko ideiak, denetarik, aurkituko du gure webgunean sartzen denak.


Lehen aipatu bezala, iazko konfinamenduak, COVID-19ren krisiak eragindakoak, agerian utzi zuen etxe askotan dagoen euskarazko material pedagogikoaren eskasia. Zer ekarpen egin nahi du HitzKetak proiektuak zentzu horretan?

Bitartekari izan nahi dugu, baliabideak egon badaudelako, asko eta kalitatezkoak, eta horiek ezagutzera ematea izan dugu hasieratik helburu. Irakasle garen aldetik, ohartu ginen, gure lana medio, baliabide andana ezagutzen dugula, baita bitartekariak ere; hots, proiektu, elkarte, lantalde eta webgune asko. HitzKetako lantaldea irakaskuntzak ez ezik, euskarak eta euskal kulturak ere batzen duenez, horien transmisioarekiko kezka genuen taldean, eta ohartu ginen, akaso, erakusleihoak falta direla; hau da, baliabide zein bitartekariak aurre-aurrean jarri eta ezagutzera ematea, ez soilik hezkuntza arautuan, baizik eta baita hezkuntza ez arautuan ere.

Proiektuarekin hasi aurretik, uste genuen etxe askotan ezagutza hori falta zitekeela eta  euskara eta euskal kultura eskolaren ardurapean uzten zirela. Baina, ondoren eta itxialdi garaian, batik bat, bereziki kezkatzen gintuztenak euskaldunak ez diren familietako haurrak ziren. Baliteke erdaldun familietan haurrek euskara eta euskal kulturarekin duten kontaktu bakarra eskola izatea eta, noski, etxean zeuden bitartean, harreman hori galdu zuten gehien-gehienek. Guk, horren aurrean, baliabideak eskaini nahi izan dizkiegu familia horiei ere, euren haurrei euskarazko kultur baliabideak eskaintzeko nora jo jakin dezaten. Horregatik, webgunea euskaraz zein gazteleraz jarri dugu.

Zer ibilbide egitea gustatuko litzaizuke?

Gaur-gaurkoz, webgunea osatzen jarraitzea da asmoa, guk dakigunetik abiatuta, eta jendearen ekarpenak aintzat hartuta.

Ez dakigu noiz arte jarraitu ahal izango dugun webgunea elikatzen, taldekide bakoitzak geure proiektu pertsonalak, lana... ditugulako. Momentuz, gure denbora librean, borondatez, egiten ari garen esfortzua da HitzKeta proiektua.

--

*(Webgunean argitaratzen dituzten berritasunak zein HitzKeta proiektuaren gaineko informazioa eskuratu nahi izanez gero, harpidetu hemen eta hilabeteko buletinean jasoko dituzu).

 

(2021eko martxoaren 3an argitaratutako Berezia).

Euskadi, auzolana